Balorazioen mendeko lana

Bezeroak dioena gero eta garrantzitsuagoa da lanpostu digitaletan. Arrisku psikosozial horiei aurre egiteko gida bat lantzen ari da Osalan, Valentziako Unibertsitatearekin batera.

Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Bezeroaren iritzia inoiz baino garrantzitsuago bihurtu da sakelako telefonoetako aplikazioei esker sortu diren lanpostuetan. Ospe digitalaren inguruan hitz egin du Adrian Todoli Valentziako Unibertsitateko lan zuzenbideko irakasleak: «Gaur egun,edozein bezerok baloratu dezake langilearen lana, eta horrek nagusi batek egiten duen balorazioak baino estres handiagoa eragiten du. Zergatik? Nagusiak badakielako zer den lan hori egitea, eta bezeroak askotan ez du behar besteko enpatiarik izaten balorazioa egitean. Algoritmoen bidez funtzionatzen dute aplikazio horietako askok, eta, balorazio txar batzuk edukiz gero, kaleratu zaitzakete. Eta, noski, algoritmo batekin ezin da eztabaidatu». Horregatik, bezeroaren balorazio txar batek, egun, inoiz baino eragin negatibo handiagoa eragin dezake langileengan.

Plataforma digital horiek eragiten dituzten arriskuen inguruko prebentzio txosten bat lantzen ari da Todoli. Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako erakundeak duela hilabete aurreratu zuen Valentziako Unibertsitatearekin elkarlanean ari zela gisa horretako prebentzio gida bat lantzen, eta hilabete inguru barru aurkeztuko dute Todolirekin landutako lehen zirriborroa. «Oraintxe, langileek kontzientziazio falta handia daukate, baina hori horrela da orain arte i ez direlako ikertu plataforma digitalek eragiten dituzten arriskuak». Horregatik, lehenengo ikerketa egin behar dela dio.

Sexu erasoak ere bai

Todolik ospe digitalean ikusten du arrisku handiena. «Arazo psikosozial handiak eragin ditzake. Zer gertatuko litzateke, esaterako, etxe batera janaria eraman eta bezeroak bide batez zakarra jaisteko eskatuko baligu? Jaitsi ezean, balorazio negatibo bat jaso dezakezu, eta horrek lanpostua kolokan jar diezazuke. Halako kontuak aintzat hartu behar dira; bestela, egin behar ez diren gauza asko egiten amaituko du langileak».

Era berean, aipatu du plataforma digitaletako lanpostuetan sexu erasoak ugaritu egin direla. «Orain arteko banatzaileek garbi zeukaten etxe barrura ez zutela sartu behar; prebentzio maila bat da hori, baina iritzien mende egonik, asko etxeetara sartu, eta barruan, bezeroek langileei eraso egin izan diete».

Horrekin guztiarekin, Todolik ez du esan nahi banatzaile lanpostuak desagertu behar direnik. «Industria sortu zenean ere laneko osasuneko arlo asko ez ziren kontuan hartzen; industria ez da desagertu, prebentzio neurriak txertatu dira. Hemen ere berdin egin beharko litzatekeela uste dut». Hau da, plataforma digital hauek izan ditzaketen alde onak mantenduz, langileen baldintzak hobetzeko neurriak hartu behar direla uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.