Euskal taldeak, liga hasierari begira. Alaves

Garitanoren aroa modu onean hasten saiatuko da gaur Alaves, etxean

enaut agirrebengoa
2019ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Arrasto sakona utzi du Abelardo Fernandezek Alavesen. Urte eta erdi eskasean, arabarrak galbidetik libratu eta Europara begira jarri zituen, estilo defentsiboarekinbezain eraginkorrarekin. Amaiera nahiko mikatza izan zuen, zentzu guztietan, baina horrek ez dio balioa kentzen espainiarrak Gasteizen lortutakoari. Hartara, langa oso goian izango du sasoi honetan Asier Garitanok. Realean kale egin ostean, Alavesen bide onera itzultzen saiatuko da entrenatzaile bergararra. Gaur zuzenduko du bere lehen partida ofiziala gasteiztarrekin, Mendizorrotzan, Levanteren aurka.

Hamaikako berritua zelairatuko du Alavesek, erasoko postuetan batik bat. Taldea utzi dute Jonyk, Callerik, Bastonek, Inuik eta Rollanek —denak utzita aritu ziren—, eta haiek ordezkatzeko, Aleix Vidal, Joselu, Lucas Perez eta Luis Rioja iritsi dira oraingoz. Laurak titular izan beharko lirateke. Bestalde, bi erdilari fitxatu ditu Arabako taldeak: Pere Pons eta Jeando Fuchs. Kataluniarra lemazain lanetan arituko da, Pina edo Manu Garciaren aldamenean. Brasanacek utzitako tokia hartuko du.

Atzeko lerroan, berriz, azken urteetako oinarriari eutsi dio Alavesek. Pacheco eta Laguardia izango dira liderrak, baldin eta ez badira merkatuaren azken txanpan irteten. Haiekin batera, Martin, Maripan, Ely, Duarte, Ximo Navarro eta berpiztutako Adrian Marin ariko dira. Nekez izango dute lekurik Tachi, Verdon eta Saul Garcia iritsi berriek.

Denboraldi-aurrean denetariko sentipenak igorrita iritsiko dira arabarrak gaurko lehiara. Ongi jardun zuten Racing, Albacete eta Oviedoren aurka; nola hala, berriz, Leioa, Zaragoza eta Sportingen kontra; eta eskas, Realaren eta Fuenlabradaren aurka. Guztira, lau partida irabazi, bi berdindu eta beste bi galdu dituzte. Garitanok hamaikako ugari eta sistema taktiko desberdinak erabili ditu lagunartekoetan, baina, hark esatera, taldeak «garbi» ditu ideiak, eta «nahiko ondo» iritsiko da ligako estreinakora.

Ziurrenik, 4-4-2 marrazkia ezarriko du, Abelardok bere garaian egin bezala, eta estilo aldetik ere ez da desberdintasun handirik espero. Ondorio hori atera daiteke Garitanoren hitzak adituta: «Talde saiatua, azkarra eta oldarkorra izatea gustatuko litzaidake. Baita bi areetan eraginkorrak izatea ere». Horretaz aparte, Mendizorrotzan ohiko sendotasuna erakusten saiatuko da Gasteizko taldea; hasteko, gaur Levanteri irabazita. Teknikari gipuzkoarrak jokalari guztiak izango ditu eskuragarri, Laguardia eta Ximo Navarro izan ezik. Min hartuta daude bi atzelariak.

ALAVES-LEVANTE

Alaves. Pacheco; Agirregabiria, Ely, Maripan, Duarte; Vidal, Pina, Pere Pons, Rioja; Joselu eta Lucas Perez.

Levante. Aitor; Coke, Vezo, Postigo, Toño; Vukcevic; Campaña, Bardhi; Hernani, Mayoral eta Morales.

Epailea. Soto Grado.

Lekua. Mendizorrotza (19.840 ikusle).

Ordua. 17:00etan (Mov. La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.