Jessica Berra

Elkarri laguntzea balio

Hendaiarrak urrezko domina irabazi berri du itsasoko arrauneko Munduko Txapelketan; Endaika elkarteko presidente eta entrenatzaile dela, bere eginkizunen bidez zerbait transmititzekotan «elkarri laguntzea» du lehenesten.

SYLVAIN SENCRISTO.
Nora Arbelbide Lete.
Hendaia
2014ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Itsasoan aritzeko usaiak egin duela aldea, bere urrezko dominaren esplikazioetako bat hori izan daitekeela deritzo Jessica Berrak. Hendaiako (Lapurdi) Endaika arraun elkarteko arraunlariak poz handiz gogoratzen du orain hiru aste Tesalonikan (Grezia) jokatutako itsas arrauneko Munduko Txapelketa. Espero ez zuen garaipen bat dela aitortu du: «Joateko bidean ez nuen batere uste domina batekin sartuko nintzenik, eta oraino gutxiago urrezkoarekin. Zoragarria da». Ordu arte zenbait sari irabazi bazituen ere, munduko txapelketetan ez zuen garaipenik lortu. Frantziako txapelketetan lortu duen gorena zilarrezkoa izan da. Eta aurten txapelketa horietan laugarrena zen iritsi. Hiru lehenak Munduko Txapelketan aurka zituen.

Baina, azkenean, garaile atera zaie. Bakarkako itsasoko arraunlariak usu erreketan dira bereziki entrenatzen, baina, Jessica Berraren kasuan, asteburu guztiak Hendaiako badian entrenatzen pasatzen ditu. Itsaso barea edo zaila izanik ere. Gehiago dena, itsaso nahasia nahiago du arraunlari hendaiarrak: «Uhinik ez delarik, egia da enoatzen naizela». Itsaso nahasiak zaintza zorrotzagoa eskatzen badu, uhinek laguntzen ahal dituzte baita ere. «Har daitezke abiadura irabazteko».

Eta, urriaren 18 horretan, uhinak alde guztietara zeuden. «Nik horren erdian arraun egitea lortu nuen, beste emakumezko batzuek zailtasun gehiago izan zituztelarik. Horrek du nire alde egin finalaren egunean». Txapelketetan «arraroa» den itsaso bat izan zuten. Funtsean, lasterketako denbora berez mintzo dira. 4,5 kilometroko lasterketa burutzeko 31.30,07 minutu behar izan zituen Berrak. Bigarrena Edwige Alfred izan zen, 31.35,44 minuturekin. Eta Stephanie Chantry hirugarren, 31.47,95 eginez. Usaian anitzez denbora gutxiago ematen dutela nabarmendu du Berrak. Dena dela, denbora baino gehiago, hendaiarrak esplikatu du kirolarien arteko artekari dela garrantzitsuena.

Gero, hori, irabazle eta galtzaileak baldin baditu lehiaketa honek, kirol lehiaketa guztietan bezala, Berrak diziplina horretan gustukoena duena, arraunlarien artean dagoen giro «atsegina» du. «Nahiz eta bakarrik izan arraun ontzian, beti taldean gaude, zernahi gerta ere. Munduko Txapelketan irabazi nien beste emakumezkoen biziki ongi ezagutzen ditut, adibidez. Ontziak lekuz aldatu behar badira edo, beti elkar laguntzen dugu. Bakoitza bere buruarentzat ari balitz, anitzez interes gutxiago ukan lezake kirol honek niretzat». Dominak, izatekotan, Endaika elkartea ezagutarazteko balioko duela espero du. «Zale berriak konbentzitzeko. Jakinez urte osoan ari den elkarte bat dela, eta hasiberriak urte osoan errezibitzen ditugula. Oraindik berriki batek deitu nau harriturik, ez zekiela arraun elkarte bat bazegoenik Hendaian».

Endaika elkarteko presidente da Berra. Erdi irriz esplikatu dukargu hori nehork ez zuela nahi, eta horregatik zuela aurkeztu bere burua duela bi urte, elkartea ez zedin nora ez batean gal. Gaur egun, 65 bat kide ditu klubak. 1988an sortu zuten, eta azkenaldian kide kopuru bertsuarekin segitzen du.

Entrenatzaile ere bada Berra. Eta klubeko gazteei delako laguntza hori transmititzea du xede: «Talde lan hori. Giro atsegin hori». Berrak berak 12 urte zituela egin zuen kirol horren ezagutzeko ikastaldi bat. Franko gustukoa izan zuela eta, segitzeko hautua egin zuen. Itsasoaz gain, erreka ere saiatu zuen. Baina errekakoak teknika gehiago eskatzen zuen, eta, ondorioz, entrenamendu gehiago. Eta hark denbora gutxiegi horretarako. Astean zehar SNCF tren konpainiako langile da Bordelen (Frantzia). «Itsasokoarentzat ere behar da entrenatu, baina ez da, agian, entrenamendu tekniko hain handia behar». Uhinak badirelarik, itsasoa nahasia delarik, «hobe da arraun egiteko teknika ahanztea. Arrauna uretan sartu eta bultzatu, nola edo hala. Nahiz eta ez polita izan estetikoki. Finalean hori gertatu zen nonbait. Ahal bezala aritu ginen». Hiru urte egin ditu ere Hondarribiko (Gipuzkoa) arraunlari emakumezkoen taldearekin. Baina bakarkakoa nahiago. Orain maiatzeko Frantziako Txapelketari begira da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.