Juan Martinez de Irujo

Buruan dauka abiadura

Urte berean hiru txapel irabazi zituenetik zortzi urtera, askoz pilotari orekatuagoa bihurtu da Juan Martinez de Irujo, bidean dinamita pixka bat galdu duen arren. Burua baretuta, meritu handia eman dio lau t'erdiko txapelari.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Unai Zubeldia -

2014ko abenduak 16
Eztarria urratuta, eta egunak argituta ere iluntzeko kontuak buruan zeuzkala zebilen atzo arratsaldean Juan Martinez de Irujo. «Lo askorik ez dut egin, baina gustura egin dut, hori bai. Eta are gusturago jaiki naiz!». Umore oneko zebilen nafarra. «Egun polita izan zen atzokoa [herenegungoa]. Txapela irabazi ondoren, lagunekin eta etxekoekin joan nintzen ospatzera —Iruñeko La Runa sagardotegira—, eta oso giro polita izan genuen». Horrelakoetan, noski, azkar samar igarotzen dira orduak. «Eta, egunak merezi zuen bezala, berandura arte ibili ginen ospakizunetan». Egia erdiak eta gezur erdiak elkarren ondoan jarrita, ordea, eta etxekoekin bazkari giroan zela, biharamunik ez zeukala aitortu zion BERRIAri. «Txapelarekin ez da izaten horrelakorik».

Edonork eta edonoiz ez ditu irabazten urte berean hiru txapel: binakakoa, buruz burukoa eta lau t'erdikoa. Eta iberoarrak bi aldiz egin du balentria hori; 2006an eta aurten. «Zortzi urte igaro dira urte berean hiru txapel irabazi nituenetik, eta garrantzi handia ematen diot datu horri, argi erakusten duelako zortzi urte daramatzadala goi-goi mailan borrokan». Hirukoa ez, «lau t'erdiko azken garaipenari bakarrik» begiratu dio nafarrak. «Kazetarientzat eta zaleentzat politak dira estatistika horiek, baina txapel honi meritu handia eman diot nik». Iberoarrak onartu du «geroz eta zailagoa» dela gorputza puntu-puntuan jartzea. «Baina hor daude emaitzak, eta gauzak ondo egiten ari naizen seinale da hori».

Herenegun emaitzari bakarrik begiratu zionak bestelakorik pentsatuko bazuen ere (22-17), triste antzekoa izan zen Irujo eta Olaizola II.aren arteko hamabigarren finala. 1-1 eta 9-9. Hortxe partidako berdinketa bakarrak. Baina 7-2, 9-4, 17-9, 20-10... Serio jokatuta, txapeldunak noraezean utzi zuen aurkaria. «Hori bai, beldurtu egin nintzen 20-10ekoarekin. Irabazteko beldurra sentitu nuen. Hainbesteko aldea ikusten nuen markagailuan, eta 22. tantoa hain gertu ikusten nuen... Orduantxe egin nituen partidako bi sakerik eskasenak». Dena alde dagoenean, dena galtzeko arriskua egoten da askotan. «Eta horixe gertatu zitzaidan niri ere».

20-10ekotik 21-17kora igaro zen goizuetarra. «Eta pisu handia kendu nuen gainetik azken tantoa egindakoan. Irabazteko jokatzen dira finalak, eta etxean daukat jada txapela». 291 pilotakada eta ia 55 minutu. Horiek izan ziren finaleko datuak. «Ez zela onena izan? Agian, ez. Baina lau t'erdiko ohiko partida izan zen. Finala zen, bioi eragin zigun urduritasunak, biok egin genituen hutsak, bolada onak ere izan genituen... Aukera izan nuen guztietan pilotari eman nion abiadurari esker irabazi nuen».

Binakakoari begira jada

Txapela buruan duela, pena bakarra dauka Irujok. «Atsedenerako tarterik ez dagoela». Gaur aurkeztuko dute binakakoa, Erriberrin (Nafarroa). «Eta asteburuan hasiko gara lehian». Atsedenerako hamar-hamabost egun nahiko lituzke Aspeko aurrelariak. «Geldialdi txiki baten premian daudelako burua eta gorputza, baina horixe da finaletaraino iristearen prezioa». Bezperan berotan egin bezala, atzo ere «etxekoak» izan zituen gogoan iberoarrak. «Eurentzat da txapela, eurek egon behar izaten dutelako egunero nire ondoan. Eta, noski, baita entrenamenduetako kide guztientzat ere».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna