Diable d'Or saria ere irabazi du Murciegoren eta Irabururen 'Cholitas'-ek

Boliviako bost emakume indigenak egindako mendi espedizio bat kontatzen du dokumentalak, eta sariak biltzen ari da estreinatu zenetik

Jaime Murciegok eta Pablo Iraburuk zuzendutako Cholitas dokumentaleko irudi bat. ARENA COMUNICACION.
Erredakzioa
2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Bilboko BBK Mendi Film Festivalen hasi zuen jaialdiz jaialdiko bidea Cholitas film dokumentalak. Jaime Murciego (Box Girls) eta Pablo Iraburu (Nömadak TX, Pura vida) zinemagileek zuzendu dute lana, eta Iruñeko Arena Comunicacion etxeak ekoitzi; eta nondik igaro den, ez da oharkabean pasatu. Abenduan, Epaimahaiaren Saria irabazi zuen Bilbon, eta Euskal Herriko hainbat herritan erakutsi zuten ondotik, Mendi Tour 2020 programaren barruan. Zinema otsailean heldu zen aretoetara, eta jaialdietako ibilian jarraitu du bitartean, sari gehiago bereganatuz: martxoan, Gorniskega Film jaialdiak sari nagusia banatu zion; aurreko asteburuan, Cervinoko Mendi-zinema jaialdian, Italian, Alpine Club saria irabazi zuen —Matterhorn mendiaren oinetan dago; Europako mendi festibal entzutetsuenetako bat da—, eta handik egun gutxira banatu diote orain arteko azkena: Alpin des Diablerets Nazioarteko Zinema jaialdiko Diable d'Or saria.

Datozen hiletan, munduko beste ertz batzuetara helduko da filma. Abuztu amaieran, Trentoko jaialdian lehiatuko da, eta handik Argentinara eta Boliviara jarraituko du bidea.

Ahalduntzerako ibilia

Bost dira Cholitas filmean agertzen diren andreak: Dora Magueño, Lidia Huayllas, Cecilia Llusco, Elena Quispe eta Liita Gonzalez. 2015ean sortu zuten emakume indigenen Cholitas eskalatzaile taldeko kide dira bostak. Aconcaguako gailurra eskalatzeko erronkari nola heltzen dioten kontatzen du filmak, eta emakumearen askapenaren eta ahalduntzearen sinbolo bihurtzen da espedizioa. Indartsua da irudia: Aimara komunitateko pollera jantzi tradizionala soinean dutela egiten dute mendian gora. Bilbon izan ziren abenduan, eta, diskriminazioak diskriminazio, helburua betetzen ari direla esan zioten kazeta honi: «Gu umiliatzen saiatu dira. Erakutsi diegu indarrez eta adorez edozer lortzeko gai garela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.