Donostiako Zinemaldia

Polemikaren gutunketa

1990eko edizioa polemikarekin bukatu zen, epaimahaikideek sariak eman nahi ez, eta ematera behartu ei zituztelako. Montxo Armendarizen 'Las cartas de Alou' lanari eman zioten Urrezko Maskorra.

Montxo armendarizen Las cartas de Alou filmaren fotograma bat. BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Irailak 28 zituen, 1990eko Zinemaldiaren palmaresa jakinarazi bezpera, eta Arzak jatetxean elkartu ziren Sail Ofizialeko zazpi epaimahaikideak: Jose Luis Borau (Espainia), Charles Burnett (AEB), Roman Chalbaud (Venezuela), Nelson Pereira (Brasil), Viktor Prokhorov (SESB), Axel Corti (Austria) eta Ken Loach (Erresuma Batua). 14:00etan hasi ziren bazkaltzen, eta, jatordu bukaerarako ados jartzea espero bazuten ere, ez zen hala izan. Maria Kristina hotelera jo zuten Arzakenetik, eta eztabaidan jarraitu. Han ere akordiorik ez, baina, goizeko hirurak arte saiatu baziren ere. Lotara joan, eta bederatzietan elkartu ziren berriz. Eguerdira arte luzatu zitzaien sesioa. Azkenean, zinemaldiaren zuzendaritzarekin ere bildu ziren, hiru aldiz, eta ezohiko ebazpen bat idatzi zuten: «Zuzendaritzak behartu egin gaitu bost sari ematera». Horrekin, aditzera eman nahi zuten ustez saririk merezi ez zuten hainbat film saritu zituztela.

Festibaleko buruek beste idatzi batekin erantzun zieten: jaialdiaren arauetan hitzez hitz dago jasota «bost sariak ematera behartuta» daudela epaimahaikideak.

Ohar talkaren erdian, Urrezko Maskorra Montxo Armendarizen Las cartas de Alou filmak jaso zuen; Alouren rola jokatu zuen Mulle Jarjuk, berriz, gizonezko interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra. Zuzendaritza onenaren Zilarrezko Maskorra Joel Coeni eman zioten, Miller's Crossing filmagatik; emakumezko interpretazio onenarena, Marguerita Buyri, La settimana della sfinge-n egindako lanagatik; eta, Epaimahaiaren Sari Berezia, Jorge Fonsen Rojo amanecer-i. Prentsak Ken Loachen eta Alex Cortiren antiamerikanismoariegotzi zion polemikaren parte handi bat: Coen anaien Miller's Crossing filma saritzearen aurka tematu ei ziren.

Bi hautagai bakarrik

1990eko Zinemaldian, Peio Aldazabalek hartu zuen jaialdiaren gidaritza, eta hautaketa batzorde berri bat izendatu zuen. Epaimahaiaren ebazpen polemikoa ezagutu aurretik, kritikariek aho batez nabarmendua zuten Sail Ofizialean lehiatu ziren lanen maila eskasa. Lanotako bi besterik ez omen ziren ikusleen memorian geratuko: Coen anaiena eta Armendarizena.

Miller's Crossing gangster film ikusgarria eta elektrikoa zen; Las cartas de Alou, dokumental trazako lan bat, Afrikatik Europara Espainia hegoaldetik pateraz heldutako pertsonen bizi baldintza gogorren salatari.

Iruñean ezagututako afrikarrei beren ibileren berri galdetzen hasi zenean ernatu zitzaion filmaren ideia Armendarizi. Sasoikako langile prekarizatu zein kaleko saltzaile kriminalizatu bilakatu beste biderik ematen ez zitzaion jendeaz mintzo zen zinemagile euskal herritarra; arrazakeriaz, protagonista nagusia. Hiru hamarkadaren buruan, lan horren salaketek ez dute gaurkotasunik galdu batere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.