Koronabirusa

Babestuk dudan jarri ditu Bizkaiko Aldundiaren inkestaren emaitzak

Diputazioak dio egoitzetako familiak pozik daudela. Murilloren dimisioa eskatu dute senideek

Babestu eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Oraindik orain, Bizkaiko Foru Aldundiak zahar etxeetako egoiliarren senideei egindako inkesta baten berri eman du; horren arabera, senitartekoek oso iritzi ona dute aldundiak egoitzetan egindako kudeaketaz, eta 8,6ko puntuazioa lortu dute. Baina, Babestu elkartearen ustez, iritzi hori ez dator bat senitartekoen artean sumatu duten uste nagusiarekin. Horregatik, inkestaren emaitzak zalantzan jartzeaz batera, Gizarte Ekintzako foru diputatu Sergio Murilloren dimisioa ere eskatu dute.

Babestuko eledunek azaldu dutenez, ez dakite zein izan den inkesta egiteko erabilitako metodologia, ezta zer galdetu den ere, aldundiak ez dielako horren inguruko informaziorik eman. Hortaz, «fidagarritasun eta zorroztasun gutxikoa» irizten diote inkestari.

Babestuko kideek adierazi dutenez, inkestaren emaitzetan agertzen da langile gehiago kontratatzeko eskaera, baina aldundiak ez du horren inguruko azalpenik eman nahi izan: «Edozein senideri galdetuta, horixe da aipatzen duen lehenengo kontua», esan du Babestuko bozeramaile Juani Cespedesek. «Guk behin baino gehiagotan esan dugu ratioa handitzea premiazkoa dela kalitatezko zaintza eduki ahal izateko. Badakigu langile gehiago egon izan balira kutsatze gutxiago izango genituzkeela».

Hildakoen kopuruak

Babestukoen ustez, Bizkaiko Foru Aldundiaren «kudeaketa eskasaren» adibiderik behinena da oraindik ez jakitea Bizkaiko zahar etxeetan zenbat egoiliar hil diren, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituzten datuak bat ez etortzea. Osasun Sailaren arabera, pandemia osoan egoitzetan hildakoak 788 izan dira. Aldundiak, berriz, esan du izurriaren lehenengo olatuan 302 egoiliar hil zirela, eta bigarrenean, 215.

«Ezin dugu ulertu gardentasun falta hau, eta egia ez esatea», esan du Cespedesek. «Errealitatea den bezalakoa agertu beharrean, harrotu egiten dira, eta euren buruari dominak jartzen dizkiote».

Elkartearen ustez, argi dago protokoloek «huts» egin dutela eta kudeaketa ez dela «ona» izan. Zenbait datu eman dituzte horren erakusgarri: Zamudioko Truiondo egoitzan agerturiko 98 kutsatuak, Muskizko Marcelo Gangoiti egoitzan kutsaturiko 95 lagunak, Txurdinabarrin 165 kutsatu agertu izana eta abar. «Ermuko Abeletxe egoitzan 50 hildako egon dira, eta senideak astero ari dira eskatzen ikerketa egiteko eta zergatiak argitzeko», esan dute.

Datu horien argitara, Babestuk Sergio Murillo foru diputatuaren dimisioa eskatu du, «COVID-19aren hildakoen datuak ezkutatu eta manipulatzeagatik, ez ikertzeagatik, senideen erreklamazioei kasurik ez egiteagatik, ia egoiliar guztiak kutsatuta egon diren zentroetan esku ez hartzeagatik eta bigarren olatu honetan muturreko neurririk ez hartzeagatik».

Babestuko kideek itxaropena agertu dute, adinekoen txertatze kanpainak aurrera egin ahala egoera hobetuko ote den, eta bisitak ere normaltzen hasiko diren: «Oso garrantzitsua izango da hori, gure senitartekoek asko sufritu dutelako urte honetan», esan du Cespedesek. «Askorentzat, gertukoak denbora luzez ez ikustea, egoera apur bat normaltzea eta gero berriro ere lehengora bueltatzea oso kolpe gogorra izan da».

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko Aniceto Prietok sostengua eman die Babestukoei pentsiodunen izenean, eta gogorarazi du zahar etxeetan dauden 10.000 adinekoez gain, beste 30.000 laguneketxean jasotzen dutela behar duten laguntza. «Horiek guztiek zerbitzua behar dute, gaur egun jasotzen dutenarekin alderatuta oso desberdina», esan du.

«Argaldu eta deshidratatu»

Babestu elkarteak Barakaldoko Vitalitas egoitzako adinekoek pairatzen duten egoera ere izan du hizpide, eta senideak «benetako drama eta larritasuna»bizitzen ari direla nabarmendu du. Izan ere, atzo bertan adinekoen senideek agerraldia egin zuten Vitalitasek Barakaldoko Bagatza auzoan duen egoitzaren aurrean, eta salatu zuten haien senitartekoen egoerak «okerrera» egin duela eta haietako asko «argaltzen eta deshidratatzen» ari direla.

138 adineko eta menpeko pertsona bizi dira egoitza horretan. Senitartekoek kexa bat aurkeztu dute Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, bigarrena lau hilabetean, egoiliarren «egoera fisiko eta emozionalaz» kezkaturik.

Senideek salatu dute enpresa «negozioa egiten» saiatzen ari delaadinekoek eta mendeko pertsonek orain arte aldundiaren finantzaketaren kargura jasotzen zituzten zerbitzuekin eta familiek ordaindutako kuotekin. Zehazki, Vitaliak aparte fakturatu nahi du, familien kontura, laguntza psikologikoa, fisioterapia eta logopedia. Orain artediru publikoaren laguntzarekin ordaintzen ziren zerbitzu horiek.

Senideek uste dute «erabiltzaileen eskubideen urraketa larria» dela hori: «Gure senideek behar duten zaintza jaso behar dute, aldundiari ordaintzen dioten hileko kuotaz gain besterik ordaindu behar izan gabe», adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.