Urteotako lana helduleku

Paralinpiar Jokoak abuztuaren 24tik irailaren 5era izango dira, eta hemeretzi euskal kirolari lehiatuko dira. Horietatik, Asier Garcia saskibaloi jokalaria hirugarrenez ariko da, eta Nahia Zudaire igerilaria, berriz, estreinakoz. Biak «lasai» doaz Tokiora.

Asier Garcia saskibaloi jokalaria, Bilbo Bidaide taldearekin lehiatzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2021eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Aspaldikoz hautsi da lau urteko olinpiar zikloa: koronabirusaren eraginez lau urte ordez, bost itxaron behar izan dituzte kirolariek. Paralinpiar Jokoen hamaseigarren ekitaldia hasiko da hilaren 24an, Tokion, eta, Olinpiar Jokoak bezala, zalerik gabe izango dira. Hemeretzi euskal kirolari saiatuko dira bost urteotako ametsak gorpuzten: hamabost Espainiako selekzioarekin, eta lau Frantziakoarekin. Pandemia dela medio, zenbait ezin izan dira nahi bezainbeste entrenatu; Asier Garcia (Bilbo, 1981) da horietako bat. Beste batzuk, aldiz, Nahia Zudaire (Usurbil, Gipuzkoa, 2004) bezala, zorionekoak izan dira nahi adina entrenatu ahal izan direlako. Finean, zorionekoak izan ala ez izan, denek izango dute urteotako lana helduleku.

Garcia saskibaloian ariko da C4 mailan; Zudaire, berriz, igeriketako S8 mailan, eta 200 metro lau estiloetan, 400 metro estilo librean, eta 100 metro tximeleta estiloan lehiatuko da. Jokoetan arituko diren euskal kirolarien artean Garciak du eskarmenturik handiena: Londresko eta Rioko Jokoetan izandakoa da, eta Brasilgo hirian zilarrezko domina kolkoratu zuen. Zudaire, berriz, gazteena da: 17 urte ditu, eta estreinakoz ariko da.

Bi aste pasatu dituzte selekzioarekin kontzentratuta; bizkaitarra, Granadan (Espainia), eta gipuzkoarra Bartzelonan. Atzo iritsi ziren Tokiora, eta han bete beharreko neurriak zorrotzak diren arren, ez daude kezkatuta: «Ikusi dugu zenbait taldetan positibo kasuak egon direla, baina gauzak ondo egiten baditugu, ondo egongo gara» adierazi du Garciak. Zudaire ere «lasai» doa alde horretatik, eta gehitu du «bakartuta» egon direla eta ez dutela «hartu-emanik» izango hango herritarrekin.

Helburuak argi dituzte

Jokoetarako prestakuntzan, Zudaireri mesede egin dio urte bat luzatzeak; Garciari, aldiz, kalte. Igerilariari itxialdia «ondo» etorri zitzaion: «Iragan sasoian orkatila bihurritu zitzaidan, eta zaila nuen Jokoetara joatea». Hortaz, «oparia» izan zen Zudairerentzat Jokoak atzeratzea. Gainera, pandemiak ez dio baldintzatu prestakuntza kirol esparruan; entrenatzen jarraitu du; bai, ordea, alor sozialean: «Zaila izan da entrenamenduak lagunekin eta familiarekin uztartzea». Izan ere, neurri asko hartu behar izan ditu; besteak beste, etxean musukoarekin ibiltzea, eta azken asteetan lagunekin ez elkartzea.

Saskibaloiko jokalariaren kasua oso bestelakoa izan da; ezin izan dira ez lehiatu, ez entrenatu: «Dena alderantziz atera da. Jokoen aurretik beti jokatu izan ditugu hainbat lagunarteko, eta azken hilabete honetan, ordea, ez dugu partidarik izan». Ziurgabetasunak baldintzatuko du txapelketa hasiera: «Ez dakigu zein puntutan gauden, ezta nola hasiko garen jokatzen ere».

Bilboko jokalariak badaki zein nekeza den domina bat lortzeko egin beharreko bidea, eta argi du helmugaz ez ezik bideaz ere gozatzen jakin behar dela: «2012an Londresen asko disfrutatu nuen. 2016an Rion zilarrezko domina lortu nuen, eta magikoa izan zen; baina Londresko lehian askoz gehiago gozatu nuen». Harentzat, «partidaz partida» joatea da garrantzitsuena, baina onartzen du prestakuntza beti dagoela bideratuta urrea lortzera: «Badakit zaila izango dela, ez garelako faboritoak, baina urrea lortzea beste amets bat betetzea litzateke». Garciak anbizioa du, eta Rion lortutako dominarekin konformatu ez, eta gehiago nahi du.

Garciak ez bezala, Zudairek «nahikoa» izango du finalerakosailkatzea: «Ez dut inolako presiorik emaitzekin. Gozatzera eta eskarmentua hartzera joango naiz Tokiora». Dominak urrun ikusten ditu Usurbilgoak, eta kontziente da 17 urte besterik ez duela: «Orain dela gutxi ez nuen barneratzen joango nintzenik. Nire aurreneko Paralinpiar Jokoak izango dira, eta, horiek bizi izandakoan, orduan hasiko naiz pentsatzen hurrengo helburuak zeintzuk izango liratekeen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.