Zem: «Hunkitu eta tristatu egiten nau Chocolaten istorioak»

Dramaren eta komediaren arteko mugan zuzen du Roschdy Zem zuzendariak 'Chocolat' filma

Inigo Astiz
2016ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Dramaren eta komediaren arteko lerro finaren gainean kokatu nahi izan zuen kamera Roschdy Zem zinema zuzendariak Chocolat izeneko filma filmatzerakoan. Zehatz-mehatz marra horren gainean. Eta ezin besterik egin esklabo jaio, pailazo gisa famatu, eta, azkenean, miseria gorrian hildako gizon beltz baten historia kontatu nahi izanez gero. Rafael Padillaren bizitza du oinarri filmak, eta, hain zuzen ere, pertsonaiak pailazoen algara eta arrazismoaren drama uztartzen zituelako egin zitzaion erakargarri zuzendariari. «Chocolatek aukera guztiak baliatu zituen izar handi bilakatzeko», esan zuen zuzendariak filma aurkeztu zuenean. «Halako pertsonaia baikor batek aukera ematen du pelikulako gaia lantzeko, gure iragan kolonialari izkin egiten ibili beharrik gabe, eta baita dramatismoan erori beharrik gabe ere».

Chocolat eta Footit pailazo bikotearen historia hautatu zuten Nicolas eta Eric Amayer gidoigileek filmaren ardatz nagusitzat, baina etengabeak dira pelikulan XX. mende hasierako arrazismoari egindako erreferentziak. Chocolatek kartzelan jasandako torturak kontatzen dira, adibidez, eta baita Parisen egunero sufritutako mespretxuak ere. Baina bada irribarrerako tarterik ere, eta hain zuzen ere kontraste horretan kokatu du Zemek begia. «Orain mende bete 'azal iluneko' artista batek zer arrakasta eduki zuen deskubritzeak aldi berean ikaragarri hunkitzen eta tristatzen nau, hartaz ez baita ezer ere geratu». Eta jarraitzen du zuzendariaren azalpenak: «Frantziari buruz ere mintzo da filma. Chocolatek garai oso bat markatu zuen, eta gero ahanzturan erori zen. Eta ez da bakarra. Hari buruz hitz egiteak geure burua hobeki ezagutzeko parada eskaintzen digu».

Omenaldia zirkuari

Zirkuari egindako omenaldi bat ere bada filma zuzendariarentzat, eta horregatik erabaki zuen aktoreak aske ari zitezen uztea. Intouchables filmarekin nazioarteko sona lortu zuen Omar Sy aktoreak jokatzen du pelikulan Chocolaten rola, eta zirku artista ezagun den James Thierreek jokatzen du Footit pailazoarena. Eta hain zuzen ere Sy eta Thierreeren arteko harremana baliatu nahi izan zuen grabaketetan zuzendariak Chocolat eta Foutit pailazoen harremana irudikatzeko. Horregatik, kamera piztu, filmatzen jarri, eta clown sekuentzia luzeak proba zitzaten uzten zien aktoreei. «Filmatze probak egiterakoan teknikariek irribarre nola egiten zuten ikustean jakin nuen zerbait ona egiten ari ginela». Frantzian kritikak oro har txalotu egin du filmaren Chocolat erreskatatzeko asmoa, baina bestela harrera epela izan du lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.