Inmaculada Delage

«Gauza txikietan nabaritzen da»

BERRIA.
2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Txikia zenetik, arkeologoa izan nahi zuela kontatzen du Inmaculada Delage Gonzalezek (Jerez de la Frontera, Espainia, 1990). «Bokaziozkoa da nirea. Bereziki, Egipto izan da beti liluratu izan nauena; baina, oro har, Antzinaroa maite dut». Horregatik, Historia ikasi, eta arkeologiari buruzko masterra egin zuen ondoren. Orain, beka bati esker, Nafarroako Unibertsitatean dabil ikertzaile modura. Los Bañales aztarnategia (Aragoi, Espainia) ikertzen ari da.

Gauza asko onera aldatu badira ere, beste batzuek txarrera jo dutela dio, txantxetan. «Nire jaioterrira joateko, hamabi ordu behar ditut. Erroma garaian baino komunikazio txarragoa du gaur egungo Iruñeak». Inperio handien gorabeherak baino gehiago, jende xehearen eguneroko bizitza da batez ere interesatzen zaiona.

Denbora gehien, egunean eguneko martxan, liburutegian eta laborategian ematen duela esplikatu du. Arkeologoen filmetako irudia ez da usu agertzen ikertzaileen bizitzan. Bereziki, zeramika aztertzenegiten ditu ordu asko, Terra sigilata deritzona. «Aztarnategian topatutakoa goitik behera aztertzen dut, neurria hartu, argazkia egin, tipologia ikusi, eta beste piezekin alderatu». Halako prozesuei esker, posible du iraganaren berri izatea. Alexandro Handiaren hilobia ez bada, zer gustatuko litzaioke aurkitzea? «Orain domus edo etxe erromatar batean lanean ari gara. Tontakeria bat eman badezake ere, etxe horretan bizi zirenen izena jakitea gustatuko litzaidake».

2014. urtetik Egipton ere induskatzen ari da Delage, Myriam Seco egiptologoaren gidaritzapean. Miresmenez mintzo da haren inguruan: «Emakume adoretsu bati buruz idatzi nahi baduzu, hari buruz idatzi beharko zenuke». Tutmosis III.a faraoiaren tenplua arakatzen ari dira. Arkeologiaren ikuspuntutik, guztiz desberdinak dira Los Bañales eta Egipto. «Oso zaila egiten zait nire ikasleei azaltzea arkeologian ez dituzula etengabean gauza miresgarriak topatzen...». Egipto jardutea,hala ere, aparteko esperientzia dela uste du: «Esperientzia izugarria da».

Arkeologoaren honen ustetan, emakumezkoek zientziaren eta ikerkuntzaren alorreko goi mailako postuetara heltzea denbora kontua da, baina bidean oztopo ugari daudela ohartarazi du. «Gauza txikietan nabaritzen da hori; gugandik hasita. Adibidez, bibliografia bat irakurtzean, konturatu naiz nik neuk joera dudala pentsatzeko egileen siglen atzean gizonezkoak daudela, emakumeak egon beharrean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.