Jaione Ugalde. Hiruko eleduna

«Bidesariak garraiolariei soilik jartzea politikarien porrot argia da»

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
«Nahiko gaizki» hartu du proposamena Jaione Ugalde Hiru garraiolari autonomoen sindikatuko eledunak (Andoain, Gipuzkoa, 1983).

Zer iruditu zaizu plana?

Garraiolari nafarrek bi aldiz ordainduko dituzte errepideak:zerga bidez eta bidesari bitartez. Bidesariak garraiolariei bakarrik jartzeapolitikarien porrot argia da. Ikusten dute azpiegiturak mantentzea oso garestia dela, eta edozein tokitatik atera behar dutela dirua. Kasu honetan, bertako ekonomia zulatuz.

Ardura eskatu duzue. Zergatik?

COVID-19aren krisi honetan lehen mailako zerbitzu izan dira garraiolariak, eta hor egon gara lanean. Hilabete pare batean politikari asko egon dira esanez txalo egin behar diegula funtsezko zerbitzuei. Ez dugu ezer ulertzen. Parlamentuan ari dira Nafarroa berpizteko plan baten inguruan: edo ez gara nafarrak, edo ez gara ekonomiaren parte, baina bidesariekin ez dute sektorea altxatuko.

Zer ondorio lituzke?

Oso handiak. Lan baldintzak gero eta okerragoak dira, eta gure familiari jaten emateko lan egiten duguna era serioan murriztuko da. Nekatuta gaude: esaten dute kanpoko garraiolariek ez dutela zergarik ordaintzen edo saiatuko direla bertakoeiez kalte egiten. Badakigu hori ezinezkoa dela.

Zergatik?

Europako legediak ez du baimentzen, ezin baita matrikularen arabera kobratu.

Sektorea bera ez dela kontuan hartu salatzen duzue.

Aspaldi esan genuen: sektoreakerregulazioa behar du, ez bidesariak. Une honetan oso garrantzitsua da bertako garraioa bultzatzea. Horretarako ez da diru asko behar, borondate politikoa baizik, eta enpresen aldetik beste borondate apur bat ere. Gure eskarien artean dago bertako garraioa bultzatzea, enpresa handiak eta bitartekariak alde batera utziz.

Arazoak dituzue gainkostuak zuen tarifan islatzeko?

Bai, askotan ezinezkoa da. Lehia oso handia da. Lehia bidegabea ere badago. Enpresa asko kooperatiba faltsuak dira, eta giza kostua asko murriztu dute.

Zer egin daiteke errepideen finantza arazoarekin?

Mundu honetan bizi gara. Azpiegiturak mantentzea garestia da, baina badakigu sektore bakar baten lepoan jartzea ez dela bidezkoa. Guk galdetu diogu gobernuari: zergatik ez dute enpresekin hitz egiten? «Aizue, zuek ere ordaindu beharko duzue». Gure eskaerak ez dira inoiz jasotzen,baina bidesariak iristen zaizkigu.

Erabiltzen duenak eta kutsatzen duenak ordain dezala diote.

Gu zerbitzu publiko bat gara. Ez dut uste inork kamioia hartzen duenik paseotxoa emateko. Garraiolariak ez du kutsatzen, salgaiak baizik. Logika hori ezarriz gero, merkantziek ordaindu beharko lukete. Merkantzia ez da gurea. Guk garraiatu egiten dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.