Mende baten kronika

Eusko Ikaskuntzak 'Euskaldunon Mendea, 1918-2018' liburua argitaratu du, urteurrenaren harira. Euskaraz, espainieraz eta frantsesez dago

aitor biain
2018ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Mende oso baten ibilia jaso du Eusko Ikaskuntzak urteurrenaren harira argitaratu duen liburuan: Euskaldunon Mendea, 1918-2018 liburuak Euskal Herriaren eta, modu berean, erakundearen azken ehun urteak laburbiltzen baititu. Liburu mardula da, 664 orri ditu, eta, eratu zenetik gaurdaino, Euskal Herriko kulturaren, zientziaren eta artearen bilakaeraren kronika da, haren argi-ilun guztiekin. «Liburu hau urteurreneko ekimen bat baino gehiago da», zehaztu du erakundeko lehendakari Iñaki Dorronsorok. Hiru hizkuntzatan irakur daiteke: euskaraz, espainieraz eta frantsesez.

Ehun urteko ibilbidean Eusko Ikaskuntzak izandako printzipio eta eginkizunak ditu ardatz liburuak. Hala, aztergai dituen gaien inguruko artikuluak ere biltzen ditu. Izan ere, Dorronsororen esanetan, ehun urtean lurraldeen arteko zubiak eraiki ditu Eusko Ikaskuntzak, hezkuntza erakundeak abiatu eta ikerketa lanak sustatu ditu, euskal ikasketen akuilu lanak egin ditu, eta euskara bultzatu du; finean, «bertakoa indartu eta babestu du, mundura zabaltzeko». «Horren guztiaren argudio eta berri ematen du liburuak».

Bi ataletan banandua

Bi atal ditu liburuak. Aurreneko zatian, erakundearen bilakaera du hizpide: denetik egiteko eta ezertxo ere ez zuen herri baten hastapenetatik hasi eta egungo garaietaraino, «isilarazita izan zen urteen kontakizuna ahaztu gabe». Juan I. Agirre Sorondok idatzi du lehendabiziko atal hori.

Bigarren zatiak, berriz, Eusko Ikaskuntzaren ekarpen nabarmenenak aztertzen ditu, hamaika artikuluren bidez, erakundearen lan ildoak izan diren arlo edo diziplinak oinarri hartuta: gizarte zientziak, antropologiak, historiak, artea edota zuzenbidea. Horiek hala, Euskal Herriaren historiaren, nortasunaren eta ondarearen gaineko azterlanak, gogoetak eta ikerlanak ezagutzeko aukera ematen du liburuak.

Diziplina edo arlo jakinetako adituak dira bigarren atalean argitaratutako artikuluen egile guztiak. Are, Eusko Ikaskuntzako kide dira egun, eta karguren bat betetzen dute erakundean, edo bete izan dute aurretiaz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.