KRITIKA. Musika

Halabeharrezko arrakasta

2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Pablo Gonzalez. Abesbatza: Donostiako Orfeoia. Bakarlariak: Jone Martinez (sopranoa), Carlos Mena (tenorra), Javier Franco (baritonoa). Egitaraua: R. Straussen Don Juan, TrV 156, op. 20 eta C. Orffen Carmina Burana. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Azaroak 24.

Donostiako Orfeoiak 1960ko hamarkadan sartu zuen Carmina Burana obra bere errepertorioan; geroztik, ezin konta ahal aldiz interpretatu du erreferentziazkoak diren orkestra eta zuzendariekin, bertan eta nazioartean, baita grabaketa bikainak egin ere. Orfeoiari berezkoak zaizkion tasunak zabaltzeko eskaintzen dion aukeragatik ere, obra paregabea da 125 urteko ibilbidea ospatzeko.

Kontzertuak, hortaz, musika hasi baino lehen arrakasta lortzeko osagarri guztiak biltzen zituen, obra konplexua izan arren, tarteka bitxia bezain primitiboa. Hitzak ere arrotzak egin dakizkioke testuingurua ezagutzen ez duen edozeini: natura, haragizko maitasuna, lurreko plazerak, satira... Gai ugari biltzen dira XII.-XIII. mendeko olerki goliardo hauetan, Erdi Aroaz dugun irudi iluna argituz. Carl Orffek goliardoen aberastasuna bere egin zuen, garaiko musika-abangoardietatik aldenduz, berak musika elementala izendatu zuena bilatzeko asmoz, arte guztiak bateratuko zituena. Orfeoia bere saltsan, dinamikak, ahoskera eta arnasa xehetasun handiz menperatuz, entzulea kontrasteetan barrena maisutasunez gidatuz.

Jone Martinez sopranoaren ibilbideari jarraitzen dionak ongi ezagutuko ditu bere ahotsaren malgutasuna eta distira. Lehenengoz entzuten zuen batek sen ona eta zehaztasun goxoa deskubrituko zituen, hala nola Amor volat undique arinean eta Dulcissima zorrotzean. Carlos Menak ere bikain ebatzi zuen Cignus ustut cantat zatiak eskatzen dion bi erregistroen nahasketa. Javier Francori, aldiz, presentzia eta emisio zuzenagoa falta izan zitzaizkion.

Pablo Gonzalezen batuta kartsuak izan zuen eraginik interpretazioa hain bizia izan zedin. Hasiera entzun ahal izan genuen Don Juan poema sinfonikoan ere zuzendaritza finaren zantzuak atzeman ziren. Berak gonbita zabaldu zuen, eta orkestrak fin erantzun, oboearen aparteko parte hartzea barne.

Gau biribila, Tempus es iocundum erdian mugikor baten hotsak dena geldiarazi izan ez balu. Zein izango da hurrengoa? O Fortuna!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.