Ikuspuntu jaialdia orain arteko «nazioartekoena» izango da aurten

Martxoaren 11tik 16ra bitartean egingo da zinema dokumentalaren jaialdia, Iruñean. Sail Ofizialean 30 pelikula erakutsiko dituzte

Erredakzioa
Iruñea
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Iruñeko Ikuspuntu jaialdiak hamahirugarren aldia ate joka du jada. Martxoaren 11tik 16ra egingo da, eta orain arteko «nazioartekoena» izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Sail Ofizialean erakutsiko diren lanen berri eman dute: denera, 30 lan izango dira, gutxienez, hemezortzi herrialdetakoak. Bat izan ezik —Lisa, Ute Auranden lau minutuko lan bat—, denak izango dira epaimahai ofizialaren hiru sariak lortzeko lehian.

Jaialdiak hamar programatan bilduko ditu Sail Ofizialean erakutsiko diren lanak. Gaiak askotarikoak izango dira: memoriaren eraikuntza, soinu bilaketa, amatasuna eta sorkuntza garaikidea, erretratuaren ideia eta beste izango dituzte hizpide filmek. Iragarritako zinemagileen artetik, Deborah Stratman (Vever. For Barbara), Robert Beavers (Der Klang, Die Welt...), Eduardo Williams (Parsi), Luke Fowler (Mum's Cards) eta Ute Auranden (Lisa eta Rushing Green With Horses) izenak nabarmendu ditu jaialdiak.

Euskal Herriko bi film labur

Sail Ofizialeko lanen artean, bi euskal zinemagileren lanak izango dira: Laida Lertxundik Words, Planets filma erakutsiko du; eta Jorge Moneok, Orbainak. Film Labur Onenaren sarirako lehian izango dira biak, 35 minututik beherako ondorengo lan hauekin batera: Una luna de hierro (Francisco Rodriguez), The Haunted (Saodat Ismailova), I Hope I'm Loud When I'm Dead (Beatrice Gibson), The Glass Note (Mary Helena Clark), Shrine (Robert Tood) eta Instructions on how to make a film (Nazli Dinçel), besteak beste.

Film luzeagoen artean, Jessica Sarah Rinlanden Black Pond, Edurne Rubioren Ojo guareña eta The Otolith taldearen OHorizon lanak erakutsiko dituzte. Iraupena aintzat hartu gabe, jaialdiko sari nagusia lortzen duenak 10.000 euro jasoko ditu, eta zuzendari onenaren Jean Vigo saria eskuratzen duenak, berriz, 5.000 euro. Ikusleen Sari Berezia (1.650 euro) eta Gazteen Saria ere (1.500 euro) banatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.