LETERENAK DIRENAK ETA EZ DIRENAK

1992an argitaratutako liburuetan, Xabier Letek Rainer Maria Rilke eta Carles Riba idazleen hainbat poema plagiatu zituen. Literatur zirkulu batzuetan jakina zen kontua, baina Koldo Izagirrek jendaurrean plazaratu du orain, idazleari buruzko antologian; berriak hautsak harrotu ditu, Lete hil zela zazpi urte bete diren honetan.

BERRIA.
Inigo Astiz
2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Xabier Letek plagiatu egin zuen. Propioak balira bezala argitaratu zituen Rainer Maria Rilke eta Carles Riba poeten 15 poematik gora, Euskaltzaindia-BBKren Felipe Arrese-Beitia lehiaketan saritutako Zentzu antzaldatuen poemategia-n. Gero, Erein argitaletxeak kaleratutako Biziaren ikurrak liburuan sartu zituen plagiatutako poema haietako gehienak. 1992an izan zen hori. Zurrumurruak urteak zeramatzan literatur munduko zirkuluetan, eta izan dira horren zeharkako aipamenak ere fikzioan, baina Koldo Izagirre idazleak egin du orain plagioaren lehen aipamen publiko zehatza, Leteri eskainitako Elurra ikusi dut antologiako hitzostean. Hitzez hitz: «Idatzi gabeko eta sinatu gabeko hitzarmen nazional bezalako bat egon da guztion artean gure lankideak egindakoa sobera ozen ez aipatzeko. Eta isiltasun horrek, Lete babestu ordez, maiseoa eta marmarra indartu du. Gure kultura simulakro hutsa dela diotenei eskandalu bat muntatzeko aitzakia emateko arriskuaz ere mintzatu izan ginen, baldin eta guk geuk salatzen ez bagenuen». Hautsak harrotu ditu gaiak orain.

Esamesak amai zitezen nahi zuen Izagirrek. Azaldu duenez, horregatik onartu zuen antologia egiteko enkargua, eta horregatik erabaki zuen plagioena aipatzea ere. «Leteren inguruan zurrumurrua eta zikina besterik ez zegoen, eta neure buruari egiten nion galdera zen ea nola salbatu nezakeen nik Lete, edo duindu, gorpua pixka bat txukundu, dolu literarioa egin, eta behingoz moztu kontu hori». Horregatik egin du publiko.

Baina bazebilen plagio hotsa lehenagotik ere. Hasieratik bertatik, kasik.

Biziaren ikurrak liburua argitaratu berri zuela, liburuaren kritika argitaratu zuen Gerardo Markuleta poeta eta literatur itzultzaileak Diario Vasco egunkariaren Zabalik gehigarrian. 1992an bertan. Markuletak iruzkin hartan azaldu zuenez, Euskaltzaindiak saritutako Zentzu antzaldatuen poemategia zuen oinarri liburu berri hark, eta poemek zuten otoitz kutsua nabarmendu zuen kritikariak. Leteren erreferentziazko autoreen aipamena ere egin zuen Markuletak, eta, sasoi hartan Poeta katalan garaikideak antologia prestatzen murgilduta zebilenez, berehala deigarria egin zitzaion Leteren liburuan Riba poeta kataluniarraren poema batzuk topatzea. Hitzez hitz, honela idatzi zuen Markuletak kritikan: «Liburuko poema zenbaitetan Carles Riba poeta katalanaren tonu metafisiko-sentsuala ageri da, eta batzuetan oihartzunak oso indartsuak dira, noiz edo behin haien euskarazko birkreazioa direla ere esan daitekeelarik».

Letek jakin zuen

Bai. Letek ere jakin zuen. Markuletak esan zion. Markuletak, besteak beste.

«Nik beti pentsatu nuen, edo pentsatu nahi izan nuen, paper nahasketa baten ondorioa zela hura guztia», azaldu du orain Markuletak. «Letek adin bat ere bazuen, eta itzulpen batzuk karpeta batean gorde, eta hurrengo batean jatorrizkotzat hartzea ez zen hain harritzekoa ere. Gaurdanik begiratuta, garbi daukat: hobe nuen isilik. Baina, gazte izaki, inguruko pertsona gutxi batzuekin komentatu nuen gaia. Eta, bestalde, ez nuen onik izan Leterekin berarekin hitz egin arte. Ez dut gogoan oso garbi zer esan zidan; 'egizu egin behar duzuna', uste dut esan zidala».

Ezer ez esatea erabaki zuen Markuletak, eta orain ere ez du ulertzen zergatik azaleratu duen gaia Izagirrek antologian. Eta ez da iritzi hori duen bakarra. Kritiko azaldu da, adibidez, Aritz Gorrotxategi idazlea ere Diario Vasco egunkarian, Izagirrek halako gai bat antologia batean argitaratzearen egokitasunari buruz. Eta ildo beretik aritu da Felipe Juaristi idazlea ere, El Correo egunkarian. «Nik ere konprenitu nahi nuke Koldo Izagirreren arrazoia. Beharbada, aitortu nahi lukeen baino gordeagoa da eta, gordinagoa, seguru asko».

Kritikak izan ditu Izagirreren hitzosteko tonuak ere. Izan ere, zorrotza da antologia egilearen hizkera puntu batzuetan. Arantzatsuegia, zenbaiten gusturako, antologietan ohiko izaten diren loreen aldean. Esate baterako, «amarru» egin izana egozten dio Leteri pasarte batean, hitzez hitz. «[Euskaltzaindiaren eta BBKren lehiaketako] Mozkinari gagozkiola, amarruz jaso zuen dirua». Eta tonu hori aipatzen dute izan dituen kritika batzuek.

Baina gaia jendaurrean azaltzerako, bazebilen zurrumurrua.

Fikzioaren ispiluan

Iaz, esaterako, fikzioaren bidez atera zuen gaia Mikel Hernandez Abaituak Airearen isla eleberrian. Bertan, Antxon Bengoetxea deitzen zen poemak plagiatu zituen euskal idazlea, eta Hugo von Hofmannsthall fikziozko poeta alemaniarraren poemak ziren kopiatu zituenak. Baina Leteren plagioak zituen oinarrian Hernandez Abaituaren fikzioak. Leteren izenik ez da ageri liburuan, baina badaude plagiogilea Lete izan daitekeela pentsaraz dezaketen pista batzuk. Benetakoa da kontakizuna, berez, baina benetako izenik eman gabe kontatua. Liburu aurkezpenean azaldu zuen Hernandez Abaituak hautu horren zergatia: «Jende askok ezagutzen du, eta ez dut esan nahi autorea ere, ze, gainera, hilda dago, eta lagun batek esan bezala, hildakoak bakean utzi behar dira».

Eta zurrumurruak eten nahi zituen Izagirrek. Horregatik plagioen aipamen publikoa. Eta izan dituen kritikak ikusirik, gaia publiko egiteko bere hautua defendatu du berriz orain: «Inoiz ez da halakoetarako momentu ona».

Kondenarik ez, ordea. «Luparekin begiratuz gero, ez ginateke inor salbatuko», azaldu du Izagirrek. Eta ñabardura bat gehitu dio esplikazioari gero. «Plagioa egin zuen Letek, hori ukatu ezin den kontua da, baina ez zen inpostorea izan. Inpostura izango litzateke berari ez zegokion ildo literario bat hartzea eta saria irabaztea, baina Leteri bazegokion literatura hori. Bere ildoa markatuta zegoen Urrats desbideratuak liburuan, froga daitezkeen plagioen aurretik jadanik bazebilen ildo literario horretan». Alegia, egia dela poemak Rilke eta Ribarenak zirela, baina, halere, bazirela Leteren mundu artistikokoak.

Baina zergatik plagiatu zituen poemak Letek?

Itzuleraren hipotesia

1992. urterako, Lete bazen nor euskal kulturgintzan. Ez Dok Amairu mugimenduko kide izana zen, bazituen hiru poema liburu kalean, disko sorta bat ere argitaratu zuen ordurako, eta saiakera lan batzuk ere bazituen bere izenean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu kargua onartu, eta etenaldi moduko bat izan zuen bere sorkuntzan. Eta, hain zuzen ere, hamar urte baino gehiagoko etenaren ostean heldu zitzaion Euskaltzaindiak eta BBK bankuak antolatutako lehiaketako saria. Eta, hain justu ere, orduan plagiatu zituen Ribaren eta Rilkeren poemak. Baina zergatik argitaratu zituen poema haiek propioak balira bezala?

Bi faktore posible aipatu ditu Alex Gurrutxaga literatur kritikariak. Urteak daramatza Xabier Leteri buruzko doktore tesia prestatzen, eta Leteren liburutegiko funtsak ere, orriz orri, berak ikertu zituen iaz. Dioenez, berak ere galdera bera darabil bueltaka: Zergatik plagiatu zuen Letek? Ezin dela jakin dio, baina bi faktore posible topatu ditu.

Faktore biografikoa aipatu du lehenik: kultur diputatu lanean sorkuntzatik apartatuta eman zuen denbora, alegia. Gurrutxaga: «1989an hilzorian egon zen, eta, 90eko hamarkada heldu zenerako, sormenaren mundutik urrun zegoen; oso urte gogorrak izan ziren politikoki autobidearen urteak, ildo politiko gehien egon ziren urteak..., eta gaixotasunak jota, desengainatua, bueltatu nahi horretan, kolpe indartsu bat emanda bueltatu nahi zuen, baita plagioa behar bazuen ere».

Faktore kulturala

Baina bada beste faktore posible bat, Gurrutxagaren ustez: faktore kulturala. «Kontuan izan behar da plagioak eta itzulpenek zer eragin duten sortzaile belaunaldi horretan. Leteren liburu hori Bernardo Atxagaren Obabakoak-en eta Joseba Sarrionandiaren Narrazioak liburuaren ondoren dator. Hori ikusi du Letek. Literatur sistema unibertsal bat sortzeko asmoz, iturri unibertsal guztietatik edaten dute. Sistema modernoaren sorkuntza unea da. Horren inguruan, bi irakurketa egon daitezke: edo denak plagiatzaileak dira, nahiz eta batzuk dotoreagoak izan eta besteak zabarragoak, edo, bestela, hor zerbait gehiago dago. Ez dagokit niri ezer epaitu edo justifikatzea, baina literatura subalternoetan maiz literatura nagusietan irakurritakoak ekarri nahi izaten dira norberaren testuingurura, eta gertatzen da itzulpenaren, plagioaren eta sorkuntzaren korapilatzen hori».

Plagiatu egin zuen Letek. Urteetako isiltasunaren ondoren, Izagirreren hitzosteari esker atera da gaia orain argitara. Harrotu dira hautsak ere, baina, ikusten denez, balio dezake argi partikular horrek euskal literaturaren itzalgune estrukturalago batzuk ere bistarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.