Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Koadroan sartzeko gai

2015eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Korrika kari, ibiltari pausatua eta korrikalari presatua desberdindu zizkigun Katixa Dolhar-Zaldunbidek aurreko zutabean, nolabait ere bi jokamoldetan, bi idazlerengan pertsonifikatuak: alde batera, Rousseau —Ibiltari bakartiaren ameskeriak— eta, bestera, Murakami —Zertaz ari naiz korrika hizpide dudanean?—. Azken atal honetan Jean Echenozek idatzi, eta Gerardo Markuletak itzulitako Lasterka nobela gogoangarria ere aipatuko nuke; baina lehenengoan, Stevenson, Burroughs edo Thoureau bezalako klasikoekin batera, Tomas Espedal norvegiarra nabarmendu beharra daukat: Ibilian (edota bizimolde salbaia eta poetikoaren antzea).

Espedalek Merih Gunay idazlea Istanbulen ezagutu zuen eta biak ala biak ere bertan askatu ziren, bertan asaskatu: «'Hemen literatura erraz eta aurreikusgarria irakurtzen da, eta horixe itzultzen. Zurean ere hala gertatzen al da?', eta besoa sorbaldan pausatu dit, kontsolagarri». Alabaina, autopista erosotik kanpo, xendra estuan emeki dabilenaren aldarri egiten digu idazle norvegiarrak: «Nork ezagutzen du Olav Nygard poeta? Agian, ingelesez edo alemanez idatzi izan balu izen handiko poeta izango litzateke, baina haren handitasuna ez al datza ba hain zuzen gutxiengoaren dialektoan idaztean? Apenas irakurlerik ez izateak, munduaren isiltasun eta ulertezintasun osoan bildurik egoteak haren poemei berezko indar misteriotsua ematen die». Pausaren eta presaren arteko auzi hori liburu azoketako ilaretan argitzen da sarri, hor dukegu neurria eta parametroa. Eta, hala ere, ezin uka auzi konplexua dela: norentzat idazten dugu, nor hunkitu nahi genuke, nor asaldatu? Eta, zeharka: nola idazten dugu, azkartasuna kalitatearekin kontrajarria ote? Agian bi ipuin kasik piktoriko argigarri gertatzen ahal zaizkigu.

Italo Calvinok kontatu zigun, aspaldi handian, enperadoreak Txuang Tzuri karramarro bat marrazteko agindu ziola; pintoreak, orduan, bost urte eskatu zizkion koadroa sortzeko, eta hamabi mirabe. Baina bost urteren buruan artean karramarroa egin gabe egon, eta marrazkilariak beste bost urte eskatu. Hamar urteak igarotakoan ere, erregeak suminduraz ikusi zuen Txuang Tzuren mihise artean zuria, baina pintoreak istant batez pintzela hartu eta, intziri baten antzera, trazu bakar batean inoizko karramarrorik ederrena marraztu zuen.

Margarite Yourcenarrek kontatu zigun, aspaldi handian, beste enperadore batek semea jauregiko gela bakartu batean hezi zuela. Munduko zikinkeriatik eta makurkeriatik urrun, Wang-Fo pintorearen koadroak ziren mutikoaren leiho bakarrak, baina haietan mundu perfektu eta akasgabea baino ageri ez... Hamasei urterekin munduaren lohia eta pozoia deskubritzean, gaztea traizionatua sentitu zen, eta pintorea harrapatzea eta hiltzea beste desiorik ez zuen izan. Horren berri izatean, Ling laguntzailea enperadoreari oldartu zitzaion, baina soldadu bat aurreratu, eta burua moztu zion ezpataz. Halarik ere, hil aurretik, pintorea amaitu gabe utzitako koadro bati akabera ematera behartu zuten. Eta Wang-Fok ahantzia zuen ibai bokale bateko hodeiak tristeziaz margotu bitartean, oinak bustitzen hasi zitzaizkiola ohartu zen, eta jauregiko zorua ere urez betetzen ari zela. Gainera, markoaren barrenetik txalupa bat hurbilagotzen ari ez zitzaion ba! Aretoko ur maila gorago eta txalupa hurbilago; eta han, lepoa zapi gorri batez bildua, horra Ling laguna... Hark pintore harrituari luzatu zion eskua, txalupara igo zedin, eta arraunean urrundu ziren koadroko mihisean barrena. «Hauek guztiak hil egingo ote dira ba?», galdegin zuen pintoreak aretokoei begira. «Ez kezkatu, maisu, hauek ez dira pintura batean sartzeko gai», Lingek arrapostu, eta orduantxe hasi zen ur maila beheratzen. Enperadoreak, ordurako urrun, Wang-Fo eta Ling jadezko itsaso eder hartan desagertzen ikusi zituen.

Bai, menturaz ipuin argigarriak dira, baina inondik ere ez digute aterabide zehatzik eskaintzen: gaur egun nor da gai liburu batean sartzeko, nor tentatu nahi genuke, nork izan nahi du gonbidatu? Edonola ere, hauxe dugu kontakizunaren plazera, eta, emeki edo abailan, datorrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.