Urte politikoaren hasiera

Barkosek dio Geroa Bai dela «aldaketaren bulkada»

IÑIGO URIZ / @FOKU.
Erredakzioa
Iruñea
2018ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak nabarmendu du Geroa Bai dela bere gobernuaren motorra: alderdi hori izan dela «aldaketaren bulkada», eta ez dela «kikildu» hiru urteotan«zalantzak eta arazoak» piztu direnean edota «oso erabaki zailak» hartu behar izan direnean. Nabarmendu du emaitza «oso onak» ematen ari dela bere gobernua babesten duten lau talde politikoen artekoa, «sendoa eta arduratsua» izaten ari dela «aldaketa», eta Geroa Baik lan egingo duela bide hori beste lau urtez «egonkortu» dadin.

Uharteko hotel batean eman dio hasiera urte politikoari Geroa Baik. Gobernuan egindakoak nabarmendu ditu Barkosek. Azaldu du «asko kostatzen» ari zaiela aurrekoek egindakoari buelta ematea, baina erakusten ari direla «beste era batera» lan egin daitekeela. Oposizioaren jardunaz ere mintzatu da; UPNri buruz bereziki. Azpimarratu du hiru urteotan agerian geratu direla haren «ahuleziak». Azken asteetan laukoaren artean polemika iturri izan den Iruñeko Maravillas gaztetxearen auzia era aipatu du: gobernua «higatzeko» erabili dela salatu du, inor aipatu gabe.

Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezek ere atzo ekin zion urte politikoari. Ahal Dugu-ko ildo ofizialeko kideak gakotzat jo zuen 2019ko aurrekontuak onartzea eta legegintzaldia amaitzea 2015eko akordio programatikoa betez.

PSNren zuzendaritza atzo bildu zen, eta ohar batean azpimarratu zuen bere helburua dela Nafarroaren egungo estatus politikoa eta pluraltasuna bermatuko duen gobernu baten buru izatea.

Nafarroa, «arriskuan»

UPNkoek, urtero legez, Cadreitan egin zuten afari bat. Barkosen gobernuaren «ahuleziak» azpimarratu zituen Javier Esparza idazkari nagusiak. PPko Ana Beltranek, agerraldi batean, «arduraz» jokatzera deitu zituen UPN, Ciudadanos eta PSN, «Nafarroaren geroa arriskuan baitago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.