«Adikzioa agerian geratu arte sentitzen nuen antsietatea emazteari pasatu nion»

Galder Govillar. Beste baten apustua kobratzera joan zenean jokatu zuen lehenegoz dirua Govillarek. Ohartarazi du kirol apustuen berehalakotasunak adrenalina sortzen duela, eta adikzioa eragiten.

Ibai Maruri Bilbao.
Barakaldo
2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Duela zazpi bat urte hasi nintzen apustuan, 30 urte inguru nituela. Familiako batek txartel bat eman zidan, nik kobratzeko, hark ezin zuela eta. Irabazitako dirua aurreratu nion, eta Bilboko Zazpikaleetan dagoen apustu etxe batera joan nintzen kobratzera. Ez nekien apustuak nola egiten ziren ere. Bertako langileari galdetu nion, azaldu zidan, eta hala hasi nintzen kopuru txikiekin apustuak egiten». Galder Govillarrek bi urte igaro zituen ezkutuan apustuak egiten. Jokorako adikzioa garatu zuen. Emaztea gertatzen zenaz jabetu zenean, Ekintza Aluviz Bizkaiko ludopaten laguntzarako elkartera jo zuen. Hemezortzi hilabete egin zituen terapian.

«Hasieran, asteburuko apustuak egiten nituen, ondo pentsatutakoak, eta dirua irabazten nuen. Beraz, neure buruari esan nion: 'Gehiago jokatuko banu, gehiago irabaziko nuke'. Baina gero eta apustu arriskutsuagoak egiten hasi, eta dirua galtzen hasi nintzen». Zorrak iristen hasi ziren, maileguak eskatu beharra, eta, egoera horretan, emazteari gezurretan hasi zitzaion Govillar.

Harrapatu zuen arte. «Egun batean, emaztea erosketa bat ordaintzera joan zen, baina ezin izan zuen. Esan zioten kontuan ez zegoela dirurik. Bankura joan zen kontu eske, eta han ohartu zen zer gertatzen zen. Bankutik deitu ninduen, eta ea zerbait esatekorik nuen galdetu zidan. Gauean hitz egin genuen etxean». Laguntza behar zuela esan zion emazteak, eta laguntzeko prest zegoela. Baina baldintzak ipini zizkion. Ekintza Aluvizera jo zuten, eta Osakidetzako psikiatra batekin ere egin zuen terapia.

Govillarren esanetan, egun hartan lasaitu egin zen. «Ez nuen gezurretan ibili beharko gehiago. Ondo lo egiten hasi nintzen. Baina nire adikzioa agerian geratu arte nik sentitzen nuen antsietatea emazteari pasatu nion; nik aldean nekarren zama haren gain utzi nuen». Ordura arte gertatzen zenaz inor ez jabetzea zen haren ardura nagusia, eta zorrak ordaintzea, noski. «Ni konturatzen nintzen arazo bat neukala, zorrak nituela. Eta ni bakarrik konpontzen saiatzen nintzen, laguntza eskatu beharrean». Apustu gehiago egin dirua irabazteko: horixe zen plana. Baina antsietatearekin apustu okerragoak egiten zituen, eta, azkenean, diru gehiago galtzen zuen.

Arratsalde bakarrean mila euro inguru jokatzen zituen Govillarrek. «Eta ez arratsalde osoan, bost minutuan baizik. Ehun euroko hamar apustu egin, eta kito. Soldata erdia baino gehiago hamar minutuan galduta». Hasieran futbola izaten zen apusturako; gero, beste kirol batzuk. «Tenisak min handia egiten du. Jokoka egiten duzu apustu. Horrek antsietate eta adrenalina asko sortzen du, eta hori gustatzen zaionarentzat, akabo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.