Pastor
DARWIN ETA GU

Justuak eta biktimak

2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Javier Batarrita Elexpururen heriotza ekarri du gogora Argiak bere orrietan. Guardia Zibilak hil zuen Bilbon ipinitako kontrolean, 1961eko martxoaren 27an. Guztira, 49 tiro jaso zituen. Agintari frankisten arabera, gertatutakoa «zoritxarreko istripua» izan zen. Indarkeriaren biktima ote den galdetu dio Miel Anjel Elustondok hildakoaren seme Javier Batarrita Gazteluri. «Hildakoa, zauritua, elbarritua… horixe da beti biktima. Gainerakook, kaltetuak gara». Eta gero: «Biktimen senideak biktimatzat hartzen dira, biktima haiei dagozkien aitortza, ordain eta gainerakoak jaso ahal izan ditzaten. Hortik dator biktima berba zabaltzea. Ni biktima naizen galdetuz gero, ezetz esango nizuke, ni ez naiz biktima, kaltetua baizik. Nire aita hil zuten, bera izan zen biktima, ez ni. Ni, kaltetua».

Biktima hitzaren esanahiaren desitxuratzea agerian utzi dute hitzek. Beste arlo batzuetan ez dugu halakorik. Izan ere, semea labankadaz hiltzen badute, aita eta ama ez dira biktimak. Semea da biktima. Andrea, laguna torturatu zutelako, ni ere biktima naiz? Ez.

Biktimen auzian beste kontu bat dugu. Injustua izan zen mantra. Injustua izan zen mmm, injustua izan zen mmm... Den-dena injustua izan zen. Hasiera-hasieratik. ETA inoiz ez zuten sortu behar izan. Ez dira ibiliko haietako askoren pasibitatea zuritzen? Mandela, Gandhi edo Jesukristo aipatzen dituzte, kontraesanez beteta. Izan ere, Bibliak nahi adina interpretazio egiteko egokiera ematen du. Ecclesiastes liburuak hau dio: «Bada aro bat maitatzeko eta aro bat gorrotatzeko; aro bat gerrarako, eta aro bat bakerako». Filadelfian hil zen gizona —ez Tom Hanks, Benjamin Franklin baizik— hala mintzatu zen: «Tiranoen kontra jaikitzea Jainkoari obeditzea da». Hori argudiatu zuen Franklinek, AEBen fundatzaileetako batek.

«Konponbide bakarra heriotza bada, ez gaude bide onean», idatzi zuen Albert Camusek, Justuak lanean. Konponbide bakarra pasibitatea bada, ez gaude bide onean. Hori ere esan liteke. Injustua izan bazen, zer zen justua? Ez altxatzea? Aukera zen, baina horrek ez du botere moralik ematen besteak larrutzeko. Andoni Arrizabalaga lehertu arte torturatu zutenean Gobernu Zibilaren aurrean jarri ziren bakezale justuak, pankarta eskuan, Injustua da leloarekin? Zenbat protesta baketsu gandhiano egin zuten komisaria eta kuartelen ateetan, han torturatzen ari ziren bitartean?

Doazela Frantziara, erresistentziaren borroka «injustua» izan zela azaltzera; Txilera, Pinocheten aurka jaiki zirenei berdina esatera; Uruguaira, Pepe Mujikari kopla hori kantatzera; Hegoafrikara, zibilak nahi gabe hiltzea «istripua», «borroka armatuari ekin izanaren ondorio saihetsezina» zela esan zuena kondenatzera. Edo Indiara, «justifikatuta dago abusatzen duenari zaplaztekoa ematea» edo «aukera bakarra koldarkeriaren eta indarkeriaren artekoa denean, indarkeria gomendatzen dut» idatzi zuena gaitzestera. Euskal Herrian diktaduraren garaietan armak hartu zituztenei baino ez diete halakorik esaten. Edonon matxinatzea zilegia zen; hemen, ez. Zergatik?

Buenos Aires. Paraguay kaleko hotelean telebista piztu du turistak. 15 urteko neska argentinar baten hilketaren berri ematen ari dira. Lola Chomnalez Valizas-ko hondartzan (Uruguai) agertu da hilda. Ez dago erresistentzia zantzurik; eraso sexual fisikoen aztarnarik ere ez. Ezagun batek hil duela uste dute ikerlariek.

Hiru urte geroago, nerabearen hilketa ez da argitu. Gurasoen aburuz, Poliziak ez du ondo egin bere lana. 2017ko irailean elkarrizketa egin zieten Infobae egunkari digitalean. Adriana Belmontek, neskaren amak, minari buruz hitz egin zuen: «Biktima Lola da, ez ni. Bera da. Txarrena Lolak jasan zuen. Ni Adriana naiz, haren ama. Eta hura nire alaba da. Biktima bera da».

Turistak zapatak jantzi ditu, Florida kalera joan eta udako arratsaldeaz gozatzeko. Kanpoan ikusi duen iragarki koloretsu alaiaz gogoratu da: Zapatak aspergarriak dira. Jantzi zapatilak. Gabon zahar eguna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.