Getafeko oroitzapen txarrak uxatu nahi ditu gaur Alavesek

enaut agirrebengoa
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Alavesentzat sufrikario bihurtu da Getaferi bisita egitea. Han inon ez bezala sufritu du azkenaldian: 4-1 galdu zuen orain dela bi denboraldi, eta 4-0 iragan sasoian. Hori horrela, bestelako itxura bat ematen saiatuko da gaur, ligako lehen bi neurketek emandako konfiantza baliatuta. Erasoan oraindik zer hobetu handia izanagatik, jada izaera sendo eta lehiakorra erakutsi du Arabako taldeak. Lau puntu bildu ditu Levante eta Espanyolen aurka, eta ez diote gol bakar bat ere sartu..

Jokamoldeari dagokionez, pareko talde bat izango du aurrean Alavesek. Getafek ere estilo bizi, gogor eta defentsiboa dauka Jose Bordalasen agindupean dagoenetik. Gasteiztik hala moduz atera ostean, Hiru urte eskasean Getafe Lehen Mailara igo, bertan aise iraunarazi, eta Europan sartu du.

Hori bai, arabarren atzetik dago sailkapenean, puntu bakarra batuta. Estreinako lehian, 1-0 galdu zuen Atletico Madrilen aurka, eta Athleticekin bana berdindu zuen etxean, joan zen asteburuan.Alavesek lde izango ditu Victor Laguardiaren segurtasuna eta lidergoa. Min hartuta egon da erdiko atzelaria, baina jokatzeko moduan dago jada.

Oliver Burke fitxatu du

Ez da izango Getafen Oliver Burke. Hegaleko erdilari eskoziarrak Alavesen jokatuko du, West Bromwich Albion Ingalaterrako taldeak utzita. Gaztea izanagatik —22 urte— badu esperientzia, Ingalaterran —Nottingham Forest, Bradford City eta West Bromwich Albion—, Alemanian —Leipzig— eta Eskozian —Celtic— aritu baita.

GETAFE-ALAVES

Getafe. David Soria; Damian Suarez, Djene, Cabrera, Nyom; Fajr,

Maksimovic, Arambarri, Cucurella; Molina eta Mata

Alaves.Pacheco; Agirregabiria, Ely, Laguardia, Duarte; Pina, Wakaso, Manu Garcia; Aleix Vidal, Lucas Perez eta Luis Rioja.

Epailea. Melero Lopez.

Lekua. Alfonso Perez koliseoa (17.393 ikusle).

Ordua. 19:00etan (Mov. La Liga 1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.