Durangoko 51. Azoka. Balorazioa

Gorabeheren azoka

Irregularra izan da azoka, eta, oro har, jende gutxiago sumatu dute saltzaileek. Azken eguna, halere, jendetsua izan da; horrekin kopuruak oreka daitezke

Ander Perez Argote
Durango
2016ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Gorabeheratsu, baina azkenean, antzera. Hitz gutxitan laburbil daiteke aurtengo Durangoko Azokaren jarduna. Joan den ostiralean abiatu zen, sekula baino lehenago, eta izan zen goiz hartan ikasle uholde eta nolabaiteko betekadarik, baina bare eman zuen gainerakoan egunak. Larunbata ere jendez eskasa, beste urte batzuetako larunbatetatik urrun. Igandea, berriz, jendetsua oso, baina lasaia berriro astelehena, espero gabeko ikasle talde batzuk salbu. Atzo, ordea, eztanda egin zuen berriro bisitarien kopuruak: mukuru beteta egon zen Landakon goizeko hainbat unetan, eta ateetan paratu behar izan ziren azokako langileak tarteka, bisitari berrien sarrera txandakatzeko.

Datu ofizial zehatzak falta badira ere, pertzepzioek eta susmoek balio dute balorazioa egiteko. Oro har, beste urte batzuetan baino jende gutxiago sumatu dute argitaletxe eta ekoiztetxeetako kideek aurtengoan, baina egia da atzoko eguna izan zela agian jendetsuena era, eta horren aurretik eginak zirela balantze gehienak. Horregatik, atzo goizean egindako balorazioan, ordura arteko bisitari kopurua aurreko urteetakoa baino «apur bat apalagoa»zela onartu zuten antolatzaileek, baina eguna bukatutakoan aurreikusi zuten lehenagoko kopuruak izango zirela berriro ere aurten. Aurreikuspen horren arabera, 100.000 bisitarien langa gaindituko zuen aurten ere Durangoko Azokak. Iazko kopuruetatik —120.000 bisitari zenbatu zituzten— pixka bat beherago, baina orain dela bi urtekotik —100.000— gora. Aurrerago izango dira, halere, kopuru ofizial eta behin betikoak.

Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko lehendakariarentzat, edonola, garrantzitsuagoak dira «zelakoak, zenbatekoak baino». Alde kualitatiboari begiratu nahi dio elkarteak, kopuruei bainoago; datuak «erlatibizatu», eta beste alderdi batzuk nabarmendu. Alde horretatik, bisitarien profil gero eta aktiboagoa goraipatu zuen atzo Mujikak: «Gero eta gehiago, ikusle izateari utzi, eta parte hartzaile izatera pasatzen ari dira bisitariak. Azoka ez da erakusleiho hutsa,plaza bat da azoka, euskal kulturaren plaza, eta gero eta gehiago gara plaza horretan parte hartzen dugunak». Hala, Durangoko Azoka osatzen duten guneen ekarpena nabarmendu zuen antolatzaileak.

Itsaso Gangoitia Saguganbara guneko arduradunak, hain justu, ontza jo zuen azokako guneek bete duten egitekoa. Saguganbaran umeen sormena «programazioaren erdigunean jarri» izana azpimarratu zuen hark, eta, gainera, «familia plana» egiten dutenen artean gunea «erreferentzialtasuna irabazten» ari dela nabarmendu zuen.

Bide berean, «gogo onez» erantzun dio publikoak Ahotseneko eskaintzari ere: 123 proposamen aurkeztu dira guztira, eta harrera ona izan dute gehienek. Plateruena Kafe Antzokia, bestalde, «plan ona bihurtu da azokak ateak ixten dituenerako»; ia gauero bete da antzokia, kontzertuak ikusteko. Gogoetaren Plaza egitasmoak, aurten hirugarrenez egina, kulturgintzaren inguruko «hausnarketa mamitsuak» ekarri ditu azokara.

Irudienea ikus-entzunezkoen guneak, bestalde, harrera ona izan du Gangoitiaren iritziz, eta bisitariek eskertu dute sortzaileen presentzia. «Ez da ikus-entzunezkoen emanaldi hutsa, protagonistekin hartu emana izateko lekua ere bada». Szenatokia arte eszenikoen guneak «publiko fidela» eta «bi minutuko txalo zaparradak» bildu ditu, eta Kabi@ kultura digitalaren txokoa «euskarazko eduki digitalen topagune esanguratsu bihurtu da». Azoka Telebistak, bestalde, irismena handitu du, haren zuzeneko emisioaren streaming seinalea beste hainbat webgunek ere zabaldu dutelako.

Ohikoa baino goiztiarragoa izan da aurtengo Durangoko Azoka, eta bada arrazoi bat. Ikasleei eskainitako egunari eutsi nahi izan zioten antolatzaileek, eta horregatik aurreratu zuten azoka, bete-betean ikastetxe askotako zubiarekin bat egin ez zezan. Atzo goizeko balorazioan, Pello Elzaburu Pamielako editoreak hartu zuen hitza Euskal Editoreen Elkartearen izenean, eta ados agertu zen ikasleen eguna mantentzeko erabakiarekin: «Gaur egungo gizarte birtual honetan, ikasleak gune fisiko erreal batera ekartzea eta haien kultura zuzenean ukitu dezaketela ikustea oso inportantea da». Elzabururen ustez, «irregularra» izan da aurtengo azoka, eta, halere, ez du uste gorabehera «handia» izango denik, aurreko urteekin parekatuz gero. Era berean, idazleek azokan duten parte hartze «aktiboa» nabarmendu nahi izan du editoreak, eta espektakuluaren aldean, borondate onez eta «ia-ia musu truk» autoreek egiten duten lana aitortzeko deia egin du.

Ruth Manzano Musika Industriaren Elkarteko kidearentzat ere izan da gorabeheratsua azoka, baina, oro har, diskoen salmenta mantendu dela uste du. «Eta gaur egungo egoeran, hori ez da gutxi». Izan ere, kulturari ezartzen zaion BEZak artistei, industriari eta publikoari «kaltea» dakarkiela uste du Manzanok. Bere elkarteak haren aurka eginen duela ere iragarri zuen atzo: «Kultura eskubidea da».

Nobedadeak, gehien salduak

Denetariko iritziak eragin ditu aurtengo azokak argitaletxe eta ekoiztetxeen artean. Oro har, beste urte batzuetan baino jende gutxiago sumatu dute, baina, halere, ez dute uste jaitsiera handiegia izango denik, eta, are, atzoko goraldiak azken emaitza oreka dezakeela uste du askok.

Bereziki urte ona izan da Susa argitaletxearentzat: Gorka Arrese editoreak azaldu duenez, «suertekoak» izan dira aurtengoan: «Koldo Izagirreren ipuin liburu berri bat eta Kirmen Uriberen nobela bat izateak jende asko ekarri du guregana». Alde horretatik, «salmenta handiak» izan dituztela nabarmendu du Arresek. Bi titulu horiek -Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eta Izagirreren Franco hil zuten egunak izan dira gehien salduak, ordena horretan, baina asko saldu da Patxi Larrionen Feriatzaileak lana ere. «Oso gustura gaude hiru liburu horiekin».

Erein argitaletxearen erakusmahaian, eguneroko ilara luzeei erreparatuta behintzat, Toti Martinez de Lezearen Tierra de leche y miel eta haren euskarazko itzulpena —Esne eta eztizko lurra— izan dira gehien salduak. Erdarazko alea, gainera, azokan gehien saldutakoen artean izango da ziur asko. Gainerakoan, asko saldu da Jon Arretxeren Sator lokatzetan ere. Iñaki Aldekoa Ereingo editoreak, edonola, «aurreko urteetan baino jende gutxiago» igarri du aurten, eta ez du uste atzokoarekin kopurua orekatuko denik. «Balorazioa egin beharko da, egutegiak huts egin ote duen».

Jende gutxiago ibili den pertzepzioa du Elkarreko Olatz Osak ere, eta ez du ukatzen horrek salmentetan eraginik izango duela, baina,halere, «balorazioa ez da txarra». Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberria eta Eskafandra bilduma estreinatzeko Jakinekin batera kaleratutako Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea lanaren itzulpena izan dira Elkarren helduentzako liburuetan gehien salduak.

Pertzepziotik mintzo da Mikel Soto Txalapartako editorea, eta,pertzepzioari kasu eginez gero, «jende gutxixeago» ikusi du aurtengo azokan. «Baina badakigu errealitateak batzuetan sorpresak ematen dituela». Haienean, Ion Andoni del Amoren Party & borroka eta Tasio Erkiziaren Bizipenak eta hausnarketak ez fikzioko lanak saldu dira gehien, Patxi Zubizarretaren Erantzuna haizean dabil eleberriarekin batera.

Pamielaren erakusmahaian, haurrentzako albumekin batera, Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia liburuak erakarri ditu erosle gehienak. Igelak, bestalde, Elena Ferranteren tetralogia ospetsuaren bigarren eta hirugarren lanak ekarri ditu Durangora euskaratuta, baina, Xabier Olarra editorearen harrigarri, sagaren lehen liburua —Adiskide paregabea— izan da gehien saldua. Balorazio orokorra ere egin du Olarrak: «Azkeneko urteetan, nahiz eta egun batzuk pattalagoak edo hobeak izan, azkenean, gutxi gorabehera leku berera iristen gara».

Bada fenomeno bat diskoei dagokienez: Aldapan gora kantak ezagutarazi du Huntza taldea aurtengo azokan, eta barra-barra saldu dituzte Ertzetatik diskoaren kopiak, Maukaren standean. Bidehutsen mahaian, bestalde, Anarik atera berri duen Epilogo bat lana izan da gehien saldua. Musikariak, edonola, diskoetxearen katalogoa nabarmendu du, eta gustura hartu du hainbat eta hainbat zale katalogo horren bestelako proposamenak ezagutzera hurbildu izana. Baga Bigaren erakusmahaian, Hesian-en izen bereko lana eta Korrontziren Korrontzi Benefic diskoak saldu dira gehien, eta Txuma Murugarrenen Zerbait ari da gertatzen, hor, Bide Ertzean taldearen Zutik kantatzeko diskoa eta taldeari buruz Jon Eskisabelek egindako liburua eta Neighborren Hau izan dira estimatuenak Gaztelupeko Hotsak etxearen mahaian. Izaroren Om diskoa, bestalde, asko banatu da Musikazuzenean-en mahaian. Talde askok, bestalde, euren kabuz antolatu dituzte mahaiak: harrera ona izan dute, besteak beste, Willis Drummonden Tabula rasa eta Gatiburen Aske maitte, aske bizi lanak.

Bukatu da aurtengo azoka, eta balorazioak egiteko unea da. Denbora gehiegi galdu gabe, ordea, hurrengo urtekoa prestatzen hasiko dira antolatzaileak. Eta hasia da Nerea Mujika 52. azoka irudikatzen: «Bisitaria zaintzen jarraitu nahi dugu, azoka bizitzekoa izan dadin, eta industriari bultzada ematen jarraitu nahi dugu, azoka arrakastatsua ere izan dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.