Durangoko 51. Azoka. Elkatrukerako plaza

Zer den erosten dena

Salerosketako plazaz gain, sortzaileen eta hartzaileen arteko harremanerako gune da Durangoko Azoka. Elkar ezagutzeko baliatzen dute bi aldeek

Ander Perez Argote
Durango
2016ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Parean ditu Jon Arretxek Toure pertsonaia afrikarraren inguruan idatzitako bost liburuak. Tarteka, hurbiltzen zaio irakurleren bat, pare bat hitz trukatu, eta eramaten du sagako azkena, Sator lokatzak. Gerturatu zaio neska gazte bat halako batean, galdetu dio pentalogiari buruz, solastatu dira biak minutu batzuetan, eta, azkenean, bildumako lehen alea eskatu dio irakurleak idazleari. Trukean, hitz batzuk idatzi eta sinadura paratu du autoreak liburuaren lehen orri zurian. Badoa neska gaztea etorri den tokitik. Toureren sagari ekingo diola erabaki du.

Egunak, egia esan, ematen du solaserako. Astehelena da Durangon, azokako laugarren eguna, eta laneguna askorentzat. Ez dabil jende asko aurtengo azokan, baina bereziki bare dabil Landako astelehen goizean. Eta baliatu dute irakurle eta zaleek, haien gustuko autoreengana hurbiltzeko.

«Idazteak gauza asko dauzka, eta politena irakurlearekiko tratu zuzena da». Liburua eraman duen neskak alde egin eta gutxira hartu du hitza Arretxek. Bata eta bestearekin mintzatzea egokitzen zaio egunotan, eta gustura esplikatzen dizkie bere lanen gorabeherak jakin nahi dituzten horiei. Eskarmentua badu halakoetan: hogei bat liburu kaleratu ditu dagoeneko, eta egokitu zaio Durangoko erakusmahaien atzean aritzea. Tarte horretan, «urte pilo batean pelmada ematen» ibili ostean, lortu du irakurle kopuru esanguratsu bat. Eta pozik da horregatik: «Gauza deprimente eta etsigarriagorik ez dago: idatzi eta inork ez irakurtzea». Fidelak omen dira, gainera, haren irakurle asko, urtetik urtera erakusmahaira hurbiltzen zaizkionak, azken nobedadearen bila: «Halakoak asko daude Durangon [Azokan], eta gozamena da niretzat».

Azoka da Durangokoa, baina baita elkargunea ere. Eta, agian, geroz eta gehiago. Ez da berria ideia, baina demostra daiteke egunero, erakusmahaiak behatuz, eta sortzaile eta hartzaileen arteko solasei erreparatuz. Erostera bai, baina erositakoa ezagutzera datoz Durangora asko. Eta besteak beste, balio erantsi horrek erakartzen ditu bisitariak.

Leire Bilbao idazlearentzat, azken batean, «oso garrantzitsua da liburu baten prozesua azaltzea». Pamielako erakusmahaian ari da bera: bi nobedade ekarri ditu aurten, biak Maite Mutuberria ilustratzailearekin eginak: Xomorropoemak eta beste piztia batzuk, eta Piztipoemak eta beste xomorro batzuk. Gustuz azaltzen dizkie bisitariei liburuen zentzu eta nondik norakoak. «Batzuk ezagutzen dituzten izenen bila etortzen dira, beste batzuk klasikoen bila zuzenean, baina liburua esku artean dugunean, esaten diegunean istorio horren atzean zer dagoen kontatzea nahi ote duten, oso gustura entzuten dute, eta, askotan, istorioa entzunda, liburua erosten amaitzen dute askok». Garrantzitsua da gehigarria harentzat, bestela, liburu bat «huts-hutsean» erosi eta irakurriz gero, galdu egin baitaitezke «atzean dauden ñabardura batzuk». Eskaintza osorik dator Durangon, azken emaitza, eta emaitza hori posible egin duen bidea. Eta irakurleak, hala, «beste begi eta beste estimu» batekin hartzen du erositakoa.

Alderantziz ere plantea liteke ariketa: Durangoko Azokan sakonago ezagut dezake hartzaileak sortzailea, baina sortzaileari ere baliagarri zaio harremana, bere hartzailea ezagutzeko. Patxi Zubizarretarena da kasua, adibidez. Ibiltzen da sarri eskolatik eskolara, eta estimatzen du haur eta gazteekiko harremana: «Nire autoestimurako haurrak zoragarriak dira, heroi baten modura hartzen zaituztelako». Irakurle helduen mundua, ordea, «misterio» bat da harentzat, eta baliatzen du Durangoko Azoka misterio hori argitzen saiatzeko: «Neure buruari ariketa jartzen diot, ondo erreparatzeko datorrenari, eta irudikatzeko nire balizko irakurlea». Euskaltegiko ikasle bat hurbildu zaio halako batean Txalaparta argitaletxeko erakusmahaira -han ari da Zubizarreta Erantzuna haizean dabil eleberria saltzen-, eta galdetu dio bere mailarako aproposa izango ote den liburua. Ezagutu du hartzaile bat. Gerturatu zaio beste andre bat ere, gustura ari delanobela irakurtzen. Ezagutu du beste hartzaile bat.

Printzak dira, iritziak hemendik eta handik, eta denetarikoak, baina balio dute termometro gisara, tenperatura hartzeko. Eta gaur egun literaturak bizi duen «momentu kritikoan», balekoak zaizkio Zubizarretari: «Bestela, ez dakit gaur egungo irakurleak zer nahi duen».

Badago norbait bestaldean

Eguerdi partea da Durangoko Azokako laugarren egunean, eta bildu dira Landakoko Areto nagusian Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria eta Beñat Axiari musikaria, euskal kultura mugetatik haratago nola zabaldu gogoetatzeko. Euskal Herritik kanpo euskal kulturaren zer istorio kontatzen den galdetu die halako batean Aitor Abaroa moderatzaileak, eta egin du gogoeta Goenagak: «Ez dago istorio bakarra edo kontakizun bakarra. Kontalari bakoitzeko istorio bat dago». Eta gehitu du gerora kontalari bakoitzeko hartzaile bat ere badela. Baduela bakoitzak non hautatu, alegia.

Durangora ekar liteke mundurako egindako hausnarketa. Bermeotik (Bizkaia) etorritako Jose Luis, adibidez, pandero jotzaile izandako aitaz solastatu da Korrontzi taldekoekin. Mungiatik gerturatu dira Itsaso eta Iratxe, Vendetta eta Zea Mays taldeko «fanak». Erosi dituzte diskoak, eta baliatu dute aukera sinadurak eskatu eta musikariekin hitz egiteko ere: «Eskertzen da hurbiltasuna». Bisitariekin etengabeko hitz trukean ari da Jakoba Errekondo Argia-ko txokoan, letxugak opari. Xabi Bastida Su Ta Gar taldeko kideari, bestalde, grazia egin dio «Su Ta Gar-eko denda ofizialaz» galdezka joan zaion 80 urte bueltako gizonari.

Errotuladoreari lotuta dabil egunotan Aiora Renteria, Zea Mays taldeko abeslaria. Erakusmahaiko mutur batean jarrita dago, eta joaten zaizkio tarteka zaleak, diskoa erosi eta sina diezaien. «Aukera brutala» zaio Durangokoa taldeko jarraitzaileekin harremanetan jartzeko. Eta nabarmentzen du zuzeneko lotura horren balioa: «Ez dut uste beste inon, ez [Espainiako] estatuan ez munduan, halako zuzentasuna duen azoka dagoenik».

Ohitua dago Renteria diskoak sinatzen, eta, halere, «arraro» ere sentitzen da batzuetan: «Hemendik atera, eta hurrengo egunean lanera joan beharko gara, eta lanean ez dugu sinatzen autograforik. Ematen du lau egunetan pixka bat artista garela, baina gero galdu egiten da hori. Baina horrek, aldi berean, normaldu egiten gaitu». Bitartean, eta azokak iraun ahala, gustura entzungo ditu, halere, zaleek esaten dizkiotenak. «Normalean, jendea gauza politak esatera etortzen da. Eta urtean behin hori entzutea ondo dago. Harro sentitzen zara, baina harrotu gabe».

Ez da gutxi: garrantzitsua da sortzailearentzat hartzailearen erantzuna. Baliagarria zaio autoestimurako, eta egindakoak bide bat duela ikusteko. «Euforia momentu bat da» azoka, azken batean, Zubizarretarentzat, nahiz eta ez duen etengabean irauten: «Egunerokotasuna nahiko grisa da, eta euskaraz idazten dugunontzat gehiago».

Bukatuko da azoka gaur, hurrengo urtera arte, eta itzuliko da sortzailea bakarkako bide isilera. Bitartean, urtean behin, argi izpi bat da Durangoko Azoka. Ez du mundua konponduko, baina badakar arnas bultzada bat: badago norbait bidearen beste aldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.