BOZAK EMF-N. Joseba Ugalde. EMFko presidentetzarako hautagaia

«Federazioak daukan neurrirako, jende gutxi ari da bertan lanean»

'Etxea' ezagutzen du, lana ere bai, eta bertan jarraitu nahi du lanean. Hori bai, talde berriarekin: orain arte bidelagun izan duen multzoa aldatu egingo luke aukeratua izanez gero.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Tolosa
2017ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Azkeneko lau urteetan EMFko lehendakaria izan da Joseba Ugalde (Oñati, Gipuzkoa, 1961). Enpresetako prestakuntzan lan egiten du. Betidanik mendian ibilitakoa bada ere, aldakan egin dioten ebakuntzak ez dio uzten, oraingoz, mendira joaten. Mendira joateko denborarik ez, eta karguan jarraitu nahi du, denbora daukan bitartean. Berriro hautatuz gero, estatutuak aintzat hartuta, azken agintaldia luke oñatiarrak.

Zergatik aurkeztu zara berriro?

Ez zen nire hasierako asmoa, egia esan. Azken bi urteetan, ez nuen batere argi ikusten nondik nora joan. Esan dezaket erabakia azken hilabetean hartu dudala. Alde batetik, argi neukan azken aldaketek sakontasun pixka bat falta zutela; beste aldetik, azken urte honetan mendia alde batera utzi behar izan dut, ebakuntza bat dela medio. Nire zaletasunari eusteko denborarik izango ez dudanez, ez nuen mendiarekin lotura galdu nahi.

Sortu al duzu lantalderik?

Bai. Gauza guztien gainetik helburu argi bat edukitzea da garrantzitsuena. Azken lau urteetako lantaldea goitik behera aldatuko da. Jende berria sartuko da, bai esperientzia dutenak, bai gazte jende berria. Bost pertsona finko gaude, eta besteren bat sartzea espero dut. Helburua lantaldeari zehaztea izango dut lana.

Euskal Herrian eta kanpoan nola ikusten da EMF?

Galdera erraza da, baina erantzun zaila duena. Kanpoko federazioek Euskal Herriko Mendi Federazioa eredu gisa jartzen dute leku guztietan; miresmena diote. Denek aipatzen dute gure zaletasuna, gure jendea, gure mendiak… Hori balore handia da guretzat, sinbolikoki asko balio duena. Gero, ordea, etxera itzuli, eta ez dut sentimendu hori sentitzen. Kontraste handia dago, eta askotan galdetzen dudana zera da: zergatik ez dugu euskaldunok horrela sentitzen?

Zein aldaketa nagusi proposatu dituzue hurrengo lau urteetarako?

Azken lau urteetan, ez naiz asko sartu kirol arloan, arrazoi ezberdinengatik. Arlo teknikoan, aldaketa handi bat egin genuen, lehen zegoena aldatu genuen, eta orain dagoenak denbora behar du. Diziplina berriak sartu dira azken urteetan, lehiaketetara begira gehienbat, eta sartzeko bidea egin behar diegu beste askori; ibilketa nordikoari, esaterako. Kirol arloari begira, data bat azpimarratu nahi dut: 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoak. Eskalada sartuko da orduan, eta helburuetako bat izan daiteke euskaldunen bat han lehiatzea. Gaur egun, jende indartsua dugu, eta, diru laguntzak lortuz gero, lan handia egin daiteke. Bestalde, oraindik ziurra ez bada ere, baliteke mendiko eskia ere neguko Olinpiar Jokoetan sartzea.

Gaur egun, diziplina batzuek ez daukate hautatzailerik. Jartzeko asmorik bai?

Bai, noski. Eskaladan, esaterako, Josean Mulasek izugarrizko lana egin du, baina uztea erabaki du. Haren postua bete nahi dugu, baina denbora behar dugu. Bai, jarriko dugu hautatzailea. Bestalde, gauza batzuk aldatu beharrean gaude. Emaitzak nahi ditugu, baina, horiek lortzeko, apustu handiagoa egin behar dugu pertsonen alde. Badugu jendea bere lana eta hautatzaile edo laguntzaile lanak uztartzen dituena, eta soka hori edozein unetan hauts daiteke, ez delako lotura edo konpromiso finkorik lortzen. Guztiek legedia betez lan egiten dute, baina badirudi askotan espedientea osatzeko egiten dugula. Jendeari lotura bat eskatzeko formula berriak sortu behar ditugu. Federazioak gaur egun daukan neurrirako, oso jende gutxi ari da bertan lanean.

Azken urteetan federatuen kopuruak gora egin duen arren, mendi taldeek diote geroz eta jende gutxiago joaten dela antolatutako irteeretara. Konponbiderik ikusten al diozu horri?

Mendi taldeekin askotan hitz egiten dugun gaia da hori. Jende gutxi dago lanerako, irteeretara ere jende gutxi... Gauzak asko aldatu dira azken urteetan, eta ezin dugu orain 30 urte bezala pentsatzen jarraitu. Testuingurua erabat aldatu da, baloreak ere asko aldatu dira, eta iruditzen zait mendi taldeei lan handia egitea tokatuko zaiela egoera aldatzeko. Federazio gehienetako arazoa dela iruditzen zait, eta guri ere lan asko egitea tokatuko zaigu ahal dugun neurrian.

Bozka eman beharko banu, zergatik aukeratu beharko nuke Joseba Ugalde?

Alde batetik, esperientzia duen pertsona naizelako. Gure legealdian lan gogorra egitea tokatu zaigu. Tartean, derrigorrean egin behar genituen aldaketa batzuk egin ditugu. Beste alde batetik, konfiantzako pertsona bat naiz, eta jendeari lan egiten uztea gustatzen zait. Lana taldean egitearen oso alde nago, eta, gainera, eskarmentua dut kirol arlo ezberdinetan. Hala ere, nire benetako asmoa zera izango litzateke: orain dela ia 100 urte, Elgetan EMF sortu zenean, jarri zioten izena [Federación Vasco-Navarra] berriro ere berreskuratzen saiatzea. Uste dut orain dela horretarako garaia.

EMFn zer leku izan behar du oinarrizko mendizaletasunak eta zein lehiaketak?

Betidanik izan dugun gatazka bat da. Esaterako, orain dela zortzi edo bederatzi urte, mendi lasterketak sartu zirenean, mendi elkarte asko eta jende asko horien aurka zeuden, esanez mendia mendia zela eta bestea atletismoa zela. Erantzuna, nirea behintzat, beti bera izan da. Gure diru laguntzen % 90 Eusko Jaurlaritzatik datoz, eta horiek argi daukate datuek adierazgarriak izan behar dutela, federatuen kopuruan, jende kopuruan... Diru sarrerak jaisten ari dira, eta aurrekontua oso estua da. Hala ere, kirol lehiaketei bai, baina beste gauza berriei ere lagundu behar diegu; EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoaren gisako egitasmoei, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.