155. artikulua. Espainiako aurrekontuak. ANALISIA

Biratzerik ez

Enekoitz Esnaola -

2018ko maiatzak 24
EBBri —2004an buruzagitza Imazek hartu zuenetik— kostatu zitzaion, kostatu zitzaionez, transatlantikoari bira estrategikoa ematea, baina eman zion, eman zionez. 1998an, Lizarra-Garazi aitzin, EAJren eta PSE-EEren arteko aliantza politiko-instituzionala hautsi ondotik, hamabost urtera elkartu ziren berriro biak, 2013ko irailean «erakundeen egonkortasunerako» ituna sinatuta. Horrek garapen koherente bat izan du geroztik, 2015eko udal eta foru hauteskundeen eta 2016ko Eusko Legebiltzarrerakoen ostean gobernu koalizioak osatzeraino. Imazen saio batzuk gorabehera —Ibarretxerekin izan zuen buruhauste franko Estatutu Politiko Berria zela eta—, Urkulluk eta Ortuzarrek gidatu zuten EBBren biratzea, lehenak EAJren presidentetza 2008an hartu zuenetik. 2009ko maiatzean geratu zitzaien bidea libreago, EAEko bozen ondoren Ibarretxek politikagintza uztean; ez zuen EBBk askorik borrokatu segi zezan.

PPrekin ere egin du akordiorik EAJk: EAEko eta Espainiako aurrekontuetan, funtsean. «Erakundeen egonkortasunerako». Tartean diru kontuak badira, zertarako atera etikaren asuntoa?

Kataluniako prozesu subiranistak sortu dio, itxuraz, arazorik EBBri: nola babestu PPren gobernua, bidenabar estatua Katalunian indarra, debekua eta espetxea erabiltzen ari bada? Ortuzarrek joan den martxoaren 16an: «EAJ bezalako alderdi abertzale batek ezin du 155. artikuluaren aurrean ez ikusiarena egin. PPk eta Rajoyk egonkortasuna eta aurrekontuak nahi badituzte, Kataluniako politikari atea ireki behar diote. Hori egiten ez duten bitartean, ezin dute planteatu EAJren babesa jasoko dutenik».

Espainiako aurrekontuak onartzeko epea gerturatzen hasi zela, EAJren inguruan katalan subiranistak hasi ziren arazotzat jotzen, ez PP. Amatiñok —Imazen kolaboratzaile estuak— apirilaren 10ean: «Katalunia, konstituzioaren 155. artikulua zein Espainiako aurrekontuak direla eta, seguru asko estrategiaren bat izango du, izan, Eusko Alderdi Jeltzaleak, Rajoyri behar dituen bost botoak ukatzeko. Nago, ordea, jeltzaleen boto-emaileek ez dutela horren garbi ikusten. Jendeak ulertuko luke aurrekontuak ez onartzea, txarrak balira; baina on samarrak badira, ezezkoa eman, katalanak elkarrekin konpontzeko gauza ez direlako?».

EAJren mugimenduak gero: apirilaren 18an Ortuzarrek zioen ontzat hartuko zutela 155.a eta Kataluniako krisiaren judizializazioa urruntzen lagunduko zuen edozein «keinu politiko»; laster jakin zen EAJk ez ziola osoko zuzenketarik aurkeztu PPren aurrekontu proposamenari; segituan, tramitazioa hastea onartu zuen; apirilaren 25ean Aitor Estebanek azaldu zuen Rajoyk «berebiziko adierazpena» egin zuela Kataluniaz, «politikoki elkarrizketa bat zabaldu behar dela esanez». Urkulluk, maiatzaren 6an: «Inteligentea izan da EAJ, eta 155.arekiko liberatuta sentitu izana ulertzen dut». Zergatik eten Madrilekin harreman normalizatu eta klasikoa? Onartu ditu EAJk PPren aurrekontuak, atzo.

Kongresuan gobernuko alderdia gutxiengoan izan denean, EAJk jakin izan du Madrildik zerbait ateratzen; denborarekin, batik bat alor ekonomikoan eskuratu ditu onurak —Zapateroren azkeneko agintaldian eskumen batzuk lortu arren, bide estatutarioa aspaldi akitu zen—. PPrekin nahiz PSOErekin moldatu da EAJ, haiek beharrizanarekin egondakoan. Baina sumatuko du argazkia aldatzear dela han. 1982tik aurrera, eta gehiago ala gutxiago, PSOEren alternatiba PP izan da, eta alderantziz; biok sekula ez dute elkarrekin gobernatu, inoiz ez dute izan legealdiko akordiorik, eta behar izan dituzte CiU edota EAJ. Berez, hurrena 2020ko ekainean izango dira Kongresurako eta Senaturako bozak; inork ez luke gehiengo osorik erdietsiko, baina PPren alternatiba C's da, eta biotako bat legoke Moncloan, eta, agian, biak gobernuan edo legealdiko itunean. Madrilen gutxien desio duen jokalekua EAJrentzat.

Beraz, EBBri ez zaio komeni Rajoyren agintaldia laburtzea edo etetea. Onartu ditu 2018ko aurrekontuak, eta datorren urtean jada ez dira diputatu jeltzaleen botoak hain esanguratsuak izango, aurrekontuak luzatuta iritsiko litzatekeelako Rajoy agintaldi bukaerara. EAEn PPk ere Jaurlaritzaren kontuak ahalbidetuz, lasai ailegatuko da amaierara Urkullu hauteskundeak, 2020ko irailean. Egonkortasunaren izenean, badute elkarren beharrik.

Aurrekontuen baiezkoari buruzko EBBren oharrean, hutsalak dirudite Kataluniako argudioak —gelditzeko etorri da 155.a—. Ez, aldiz, «inbertsioetakoek»; lotura eta konpromiso ekonomiko handiak daude, eta egonkortasuna daukate bermetzat. Beste jarrera bat hartzeak arriskuak lekarzkioke EBBri. Zertarako aldatu?

Bitartean —eta hau ere atzo bertan—, EH Bildurekin EAEko estatutu berriaren hitzaurrekoa adostu du EAJk. Baina estatutu berriarena déjà vu da, zaharra berri; Ibarretxek 2002-9-27an atera zuen lehen aldiz «itun berriaren» beharra. Zer eman du asmoak? EAJ bideratzeko, EH Bildu saiatuko da edukian malgu jokatzen eta lege prozedura betetzen, baina, gaur-gaurkoz eta nahikoa presio sozialik ez dela, ez da ikusten EBBk transatlantikoari bira ematen hasteko zantzurik. «Erantzukizunez» jokatu du orain, berriro, aurrekontuetan.

Ordea, badatoz garai beltzak Madrildik, inboluzio azkarra eta zakarra. Zer espero orduan?

1996-2004an Aznarren gobernuko Presidentetza saileko idazkari nagusi Javier Zarzalejosek No hay ala oeste en la Moncloa liburu argitaratu berrian dio Aznar «errealista zuhur bat» izan zela atzerri politikan. Ohar bat egiten du gero errealismo zuhurraz, baina nagusia kritikatzeke: «Problema da etsipenerako koartada modura erabili ohi dela errealismoa, eta inakziorako aitzakia modura zuhurtzia».

Zer geratzen da orduan?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna