EAJk eta EH Bilduk ez dituzte kontuak «doan» babestuko

EAJk dio bere babesa ez dagoela ziurtatuta. EH Bilduk esan du ez duela «txeke zuririk» emango. PSE-EEk «erantzukizuna» eskatu du

gotzon hermosilla
2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Aurrekontu egitasmoa aurkeztu du Espainiako Gobernuak, eta euskal alderdiak hasi dira jarrera hartzen orain irekiko den prozesuari begira. Nor bere aldetik, EAJk eta EH Bilduk antzeko mezua plazaratu dute: Pedro Sanchezen gobernuak ez dauka haien baiezkoa aldez aurretik ziurtaturik, botoa Espainiako Gobernuak egiten duenaren pentzudan erabakiko dute, eta zuzenean hitz egin nahi dute Espainiako Gobernuarekin hark zein asmo duen jakiteko, baina babesa «doan» emateko inolako asmorik gabe.

Aurreko urteetan, Mariano Rajoy (PP) gobernuburu zelarik, EAJ ezinbesteko bidaide izan zuen Espainiako Gobernuak aurrekontuak aurrera atera ahal izateko. Horrek, eta Eusko Jaurlaritzan jeltzaleak eta sozialistak kide izateak, pentsarazi dio bati baino gehiagori EAJk babestuko dituela aurtengo aurrekontuak. BainaAitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak susmo horiek uxatu nahi izan ditu: esan du «akordio batera iristeko borondatea» badutela, «beti bezala», baina EAJren babesa ezin dela ziurtzat eman: «Ez dugu baztertzen osoko zuzenketa aurkezteko aukera».

Estebanek esan du aurrekontuek jaso behar zituztela, «ezer baino lehen», EAJk aurreko gobernuarekin hitzartutako diru sail guztiak, «oraingo gobernuak hitzeman zuelako horiek errespetatuko zituela». Eta hori egin ostean, «akordioa» lortu beharko lukete EAJk mahai gainean jarritako beste zenbait eskakizunen inguruan.

Dena dela, jeltzaleen kezka bakarra ez da akordioen edukia. «Moldeek» ere kezkatzen dituzte, eta, adibidez, ez zaie batere gustatu Zorrotza auzoko (Bilbo) trenbideko pasabidean egin beharreko moldaketak PSE-EEren ekitaldi batean iragarri izana, Bilboko Udalari ezer jakinarazi aurretik. «Edukiak ez ezik, moduak ere errespetatu behar dira», esan du Estebanek.

EH Bilduk ere esan du ez diotela «txeke zuririk» emango Espainiako Gobernuari aurrekontuen gaian, eta Espainiako Gobernuak «eseri eta bere asmoen berri eman» beharko duela koalizioaren babesa nahi badu.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik esan du eztabaida «aurrekontuetatik harago» doala, Espainiako Estatua «autoritarismora» lerratzen ari delako PP, Ciudadanos eta Vox alderdiek osatutako «hirukoak» bultzatuta. Baina, horren aurrean, Espainiako Gobernuaren erantzuna «zalantzaz beterik» dago, Otegiren ustez.

«PSOEk pentsa dezake mehatxu horren aurrean ezkerra eta independentismoa behartuta egon daitezkeela Espainiako Gobernua sostengatzera, egiten duena egiten duela ere. Hala pentsatzen badu, oso oker dago», azaldu du Otegik.

Ahal Dugu «baikor» dago aurrekontuen aferaren aurrean, Nagua Alba diputatuak esan duenez, baina pentsatzen du PSOErekin hitzartutako neurri guztiak bete egin behar direla. PSE-EEk, berriz, «ardura» eskatu die gainerako alderdiei, aurrekontuak onartu ahal izateko.

Atzo aurkezturiko aurrekontuen arabera, Espainiako Estatuak 469 milioi euroko inbertsioa egingo du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hau da, aurreko urtean baino %7,8 gutxiago. Nafarroan, aldiz, asko handituko da inbertsioa: %92,2. Kontuan hartu behar da lehen Espainiak Nafarroan egiten zuen gastua oso apala zela —iaz, 56 milioi baino ez; soilki Ceutak eta Melillak jasotzen zuten Nafarroak baino diru gutxiago—. Aurten, berriz, 108 milioi euroko diru poltsa dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.