Babes sarerik onena, herria

Bereziki, euskal presoen inguruko babes sarea jarri du jomugan Espainiako Gobernuak azken bi urte eta erdian: Herrira, bitartekariak, abokatuak, Jaiki Hadi, Etxerat... Zailtasunak zailtasun, argi diote: «Beti egongo gara hor».

Abokatu eta medikuen atxiloketak salatzeko, manifestazioa egin zuten Donostian martxoaren 28an. J. C. RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2016ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Preso dituztenen aldeko elkartasuna izan da azkenaldian Espainiako Gobernuak, polizia eta epaileen bidez, gehien jo duen mugimendua. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak egoera berrira egokitzeko eztabaida egin eta hainbat erabaki garrantzitsu hartu ondoren, haien oinarrizko laguntza eta harremanak hautsi nahi izan dituzte. Argi diote hori lan horretan dihardutenek. Herrira mugimendua indarra hartzen ari zela, haien aurkako kolpea etorri zen, 2013ko irailean. EPPK-k «Euskal Herriratzea lehentasunez eta etxeratzea ezinbestez» lege baliabideak erabiliz egiteko apustua jakinarazi eta gutxira, EPPKren bitartekarien aurka jo zuten, 2014ko urtarrilean.

Pasatu berri den urtean, areagotu egin dira kolpeak: hamabi abokaturen eta Herrira-ko kide izatea egozten zieten beste lau lagunen aurkako operazioa aurrena, eta Etxerat-en eta Jaiki Hadi-ren kontrakoa gero. Hainbat senide Guardia Zibilaren kuarteletara ere deitu zituzten deklaratzera —planto egin, eta Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten azkenean—. Operazio horietan atxilotuetako hirurekin hitz egin du BERRIAk: Aiert Larrarte abokatuarekin, Fernando Arburua Jaiki Hadi-ko medikuarekin, eta Etxerat-en aurkako operazioan atxilotutako Izaskun Abaigarrekin.

Denak sartu dituzte sumario berean: 11/2013 sumarioan. Orain, kartzelan ez daudenak, baldintzapean aske daude kalean, eta epaiketaren zain guztiak. Denei leporatzen diete ETAko kide izatea. «'Dena da ETA' teoria, azken batean», dio Larrartek. Gainera, delitu ekonomikoak ere egozten dizkiete hainbati: dirua zuritzea, BEZa ez deklaratzea eta langileen aurkako delitua.

HELBURUA: BAKARTZEA ETA «ATSEKABEA SORTZEA»

Argi diote denek: kolektiboa bakartzea dute helburu. Arburua: «Helburua ez gara hainbeste gu, presoak baizik. Haiek bakartzea eta inguruarekiko harreman guztiak haustea». Preso ohia ere bada Jaiki Hadi-ko kidea, eta badaki zein garrantzi duen konfiantzazko tratuak espetxean: «Oso gogorra da preso batek bere burua bakarrik ikustea, espetxeko funtzionamenduaren pean dagoen funtzionario baten esku».

Beste xede bat ere ikusi du Larrartek: «Atsekabe bat sortzea kolektiboan bertan, eta kolektiboak urteotan guztiotan mantendu dituen jarrerak eta egoerak baldintzatzea». Hau da, orain arte onartu ez dituzten «xantaiak» onarraraztea. Hala ere, abokatuak nabarmendu du ez dutela halakorik lortu, zailtasunak sortu dituztela aitortu arren: «Egin dezaketena eginda ere, kolektiboak kolektibo izaten jarraituko du, bere izaeragatik. Kartzelara eraman dituzten guztiak arrazoi politikoengatik eraman dituzte, eta hori aldatzerik ez dago».

Etxerat-en kasuan, operazioa egiteko garaia ere ez zen kasualitatea izan, Abaigarren esanetan: «Gure sarekada baino aste batzuk lehenago, bai Nagore Lopez de Luzuriaga [Abaigarrekin batera atxilotua], bai neu, Urkullu lehendakariarekin eta Europako Parlamentuan egonda geunden, hain zuzen, sakabanaketa politika kriminala, preso gaixo larrien egoera eta estatuen politika salatzen». Iazko otsailaren 25ean, lehen aldiz bildu ziren Etxerat-eko kideak Eusko Jaurlaritzako lehendakari batekin, aurrez aurre, espetxe politikaz aritzeko. Martxo hasieran, Europako Parlamentuan izan zen senideen ordezkaritza bat. Bietan jaso zuten gaia lantzeko konpromisoa, eta martxo amaieran etorri zen haien aurkako sarekada. «Elkarteak ematen duen ezinbesteko laguntza, salaketa eta testigantza lana amaitu nahi dute. Kriminalizatzeko helburu politiko argia dago atzetik».

OPERAZIOAK: SUSMOAK SUSMO, EZ SINESTEKOA

Espainiako Gobernua egiten ari zen bidea ikusita, susmoa bazuten haien aurka egingo ote zuten. Abokatuek, esaterako, iragarri zuten «alde ekonomikotik» jo zezaketela. Hala ere, «sorpresa» hartu zuten, Larrarteren hitzetan, denak batera atxilotu zituztelako, eta delitu ekonomikoak ez ezik, «erakunde terroristako kide» izatea ere egotzi dietelako. Arburuaren hitzetan ere, argi zegoen azkenean iritsiko zitzaiela. «Gurea, kakotxen artean, 'zailagoa' ikusten zen, osasun arloa delikatuagoa baita beti. Baina sumatzen genuen, jarraipenak-eta bazeudelako, eta abokatuen operazioa gertatu zenean, Nagoreren [Lopez de Luzuriaga] eta nire izenak agertu zirelako».

Suma zitekeen arren, Abaigarrek ez zuen sinetsi nahi. «Buruan izugarrizko gatazkarekin bizitzen dugun kontua da, egoerarekin eta zeure buruarekin borrokan, bakean uzten ez zaituena». Kontatu du nola esan zioten guardia zibilek, etxera sartu zitzaizkionean: «Badakizu honek nola funtzionatzen duen, Izaskun; hau sinbolikoa da. Baina, tira, lasai, orain beste garai bat da». «Sinbolikoa» izan edo ez, argi dago eragina daukala. Abaigar: «Zintzo esateko, goizeko zazpietan zure etxera kaputxadun armatuak kolpeka eta oihuka sartzeak, zeure gauzak eta intimitate guztia hankaz gora jartzeak, beldurti, urduri eta ahul sentiarazten zaitu».

ZAILTASUN ERANTSIA, SAKABANAKETAZ GAIN

EPPK bakartzea helburu, gehiago edo gutxiago, laguntzarako eta elkartasunerako lana baldintzatu dute operazioek. Etxerat-en kasuan, dena den, halakorik ez dutela lortu ziurtatu du Abaigarrek. «Etxerat-en Batzar Nazionala egin genuen bizpahiru astera, eta izugarri indartsua izan zen. Deklaratzera deitutakoek ere duintasun osoz erantzuten jakin genuen. Ez diot ibilbide luzerik ikusten kontu horri».

Abokatuen kasuan, kontu korronteak ere itxi dizkiete. «Bai lanekoak, bai partikularrak. Ez bakarrik gure izenean daudenak, baita senide eta lagunenak ere», kontatu du Larrartek: «Adibide eskizofreniko bat: lankide batek bazuen kontu korronte bat, etxeko atariko garbitzaileari ordaintzeko ireki zutena, eta hori ere enbargatuta dago». Lasai agertu da horregatik, hala ere: «Ez daukagu ezkutatzeko ezer. Gipuzkoako Ogasunak datu guztiak dauzka, eta estatukoak ere bai».

Kezka gehiago sortzen dio bisiten auziak. Akusazioen arabera, kolektiboa ETAren aginduen arabera antolatzeko erabiltzen zituzten. «Guk bisitak egiten jarraitu behar dugu, gure bezeroak direlako, baina beti daukagu beldur hori: zer pentsatuko ote duen estatuak... Esan behar da bisita horiek konfidentzialak direla legez, baina badakigu grabatu egiten dituztela». Traba nagusia, ordea, ez da atzo goizekoa: sakabanaketa. «Presoak daude 80 kartzelatan sakabanatuta, ezin zara kartzela bakoitzean bi presorekin batera egon... Horrek zailtasunak dakartza epaiketak prestatzeko, eta epaitegietan edozein pauso emateko. Lehen bagenituen hainbat baldintza gure lana zailtzen zutenak; orain, are gehiago».

Jaiki Hadi-ko mediku eta psikologoei ere traba nabarmenak dakarzkie sakabanaketak. Batez ere, «denbora eta distantzia» da, Arburuaren hitzetan. Operazioak zuzenean eragin die, batez ere, Oihana Barrios psikologoa egiten ari zen lanean. «Bazuen laguntza behar zuten preso andana bat, Espainiako eta Frantziako estatuetako espetxeetan. Orain, automatikoki baimen horiek guztiak ukatu dizkiote: bai bisitetakoak, bai telefono deiak. Horrexek kezkatzen gaitu gehien». Izan ere, gaitz psikologikoen kasuan, ez da erraza ekindako bideari jarraipena ematea, psikologoaren eta pazientearen arteko harremana eten ondoren. «Gaixotasun delikatuak dira, eta ez da erraza ordezkoak bilatzea. Harreman handia egoten da psikologoaren eta pazienteen artean. Konfiantza hori lortu ondoren, profesionala aldatzeak denean eragin dezake; esaterako, presoak kontsulta baterako daukan prestasunean».

LANEAN SEGITUKO DUTE: «HERRIAK EKARRIKO DITU»

Horregatik, presoen laguntzarako profesionalen sarea handitzen ari dira Jaiki Hadi-koak: «Ohartu gara laguntza nahiko ukitua geratzen dela bi edo hiru lagunen aurka jotzen badute. Horregatik, saiatzen ari gara medikuak, psikologoak eta psikiatra gehiago aurkitzen». Aurrera begira, hori da Jaiki Hadi-koen helburu nagusia: presoei osasun arreta egokia bermatzea. «Jakin behar dute gu beti hor egongo garela. Ez dago inolako arriskurik maila horretan».

Aurrerantzean ere borroka judizialean jarraitzea da abokatuen erronka. «Salbuespen legedia» oso bat dute aurrean, baina argi du Larrartek auzi politikoa dela presoak Euskal Herrira eta etxera ekartzea. «Kolektiboak ere argi zeukan, Euskal Herriratzeko eskaerak egiteko eskatu zigutenean, beren irtenbidea ez dela bide judizialetik gertatuko. Epaitegiek ez dituzte Euskal Herrira ekarriko. Herriak ekarriko ditu».

Bide horretan, ekitaldi garrantzitsua dute gaur Bilbon eta Baionan. Herritarren elkartasuna baita babes sarerik onena, Abaigarren hitzetan: «Arnasa ematen digu senide eta lagunoi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.