Iritzi artikulu bat idazteagatik, espetxeratze arriskuan dira lau bilbotar

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko irailaren 17a
00:00
Entzun
«Hitzek kartzelara garamatzate». Horrela laburbildu du Julen Orbeak aurrean duena. Egoera salatzeko agerraldiko mahai berean egon da Maku Basabe zigortua. BERRIA eta Gara egunkarietan argitaratutako gutun bat idazteagatik horiek bezala urtebeteko espetxe zigorra jaso duten Aitor Zelaieta eta Ziortza Aiensa atzean egon dira, zutik, ehun herritar baino gehiagoren babesarekin.

2012an argitaratu zen Bilboko Zazpikaleetako sei gaztek sinatutako iritzi artikulua. «Guk ezagutu ez genuen, baina gure auzoan oso maitatua den Maite gogoratu nahi genuen», azaldu zuten atzo. 25 urte lehenago hil zen Maite Perez auzokide eta ETAko kideari idatzitako gutuna zen; zigortuen hitzetan, «inoren aurka eta askoren alde idatzitakoa».

«Terrorismoa goratzea» egotzita, urtebeteko espetxe zigorra jarri die Auzitegi Nazionalak. Gorenak ez du helegiterik onartu, eta irmoa bihurtu da zigorra.

«Hitza kendu nahi digute», ondorioztatu dute akusatuek. «Iritzi delitu baten aurrean gaude». Horrez gain, oroimenaren eta «kontakizun bakarraren» lehia ikusten dute neurriaren atzean: «Gatazkaren kontakizunak hitzez, kantuz, idatziz, txiokatuz eraikitzeko eskubidea ezabatu nahi digute». Eta aurki espetxeratzeko arriskua dute.

Herritarrek mobilizazioak iragarri dituzte auzia salatzeko. Etzi 20:00etan manifestazioa egingo dute Unamuno plazatik, eta hilaren 28an, Elkartasun Eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.