83 lagun daude Hegoaldeko ZIUetan

Herenegun, Osakidetzak eta Osasunbideak 1.623 positibo atzeman zituzten. Kopurua zertxobait txikitu da bezperakoaren aldean

Anbulantzia bat, Iruñeko ospitale baten aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Juanma Gallego.
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Pandemiaren bosgarren astindua islatzen ari da kutsatze maila handietan, txertaketa kanpainak aurrera egin arren. Oraingoz, COVID-19ari loturiko heriotzen kopurua ez da izaten ari aurreko olatuetan bezalakoa, baina sintoma larriak dituzten lagunen zenbakiak apurka gorantz ari dira berriro. ZIU zainketa intentsiboen unitateetan artatuak direnen zenbakiei erreparatu beharra dago horretako.

Joan den asteko ostiralean, 64 lagun zeuden Hegoaldeko ZIUetan, eta kopuru hori handituz joan da astea igaro ahala: herenegun, 83 lagun zauden unitate horietan; osteguneko kopuru bera, hain zuzen. Datuen erregistrora joanda, kopuru handiagoa aurkitzeko zazpi astez egin behar da atzera: ekainaren 10era, hain justu. Egun horretan, 88 ziren arta berezien beharra zutenak. Handik hona, zenbakiek hobera egin zuten, baina, beste behin ere, kurba berriro gora hasi da.

Ospitaleetan, txarrera

Ospitaleratzeetan ikusitako joerak ere nahiko adierazgarriak dira: herenegun, 63 lagun eraman behar izan zituzten erietxera, COVID-19aren sintomak larriagotuta. Atzo Osakidetzak ez zuen eman Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ospitaleetan zeuden lagunen kopuruaren berri, eta, beraz, bihar arte itxaron beharko da ospitaletan zenbat lagun dauden jakiteko. Modu berean, bihar metatutako intzidentziaren datuak jakinaraziko dituztela espero da. Nafarroan, Osasunbideak atzo jakinarazi zuen ostiralean 119 lagun zeudela erietxeetan. Dena dela, astean zehar bi osasun zerbitzuek emandako kopuruei erreparatuz, nabaria da aldagai horretan ere joera okerrera aldatzen ari dela. Uztailaren 16an berrehun lagunen langa gainditu zen, eta azken hamabost egunetan ospitaleratzeek etengabe egin dute gora. Ostegunean, 433 lagun zeuden erietxeetan; antzeko zenbakiak aurkitzeko, berriz, maiatzaren erdialdera atzera egin behar da.

Osasunbideak eta Osakidetzak emandako datuen arabera, ostiralean 13.607 diagnostiko proba egin zituzten Hego Euskal Herrian. Horietatik 1.623 positibo izan ziren. Bi osasun zerbitzuetako datuak kontuan hartuta, egindako testen %11,9k positibo eman zuten. Hortaz, OME Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia kontrolpean edukitzeko jarritako %5eko langatik urrun daude zenbakiok. Lurraldez lurralde, datuek zertxobait hobera egin dute guztietan, Araban izan ezik. Lurralde horretan atzeman zen kopururik txikiena: 199 positibo. Halere, bezperan baino 68 gehiago izan ziren. Ohi bezala, Bizkaian atzeman zituzten kutsatu gehien: 669 izan ziren; ostegunean baino 107 gutxiago, halere. Gipuzkoan antzeko datua izan zuten: 386 positibo —ostegunean baino bi gehiago—. Nafarroan, zertxobait hobetu da egoera, 345 positiborekin —bezperan, 383 izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.