Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Amazonia moldatua

Publizitatea

Gizartea

Amazonia moldatua

Munduko oihanik handiena iraganean gizakiek egindako jardueraren emaitza dela jakin berri da. Baso-soiltzearen ondorioz, gainera, ehunka geoglifo berri azaleratu dira.
Brasilgo Amazoniako oihaneko arbola gainetan, produktu kosmetikoak egiteko lehengai bila.
Brasilgo Amazoniako oihaneko arbola gainetan, produktu kosmetikoak egiteko lehengai bila. FERNANDO BIZERRA JR. / EFE

2017-03-05 / Juanma Gallego

The World Until Yesterday (Atzora arteko mundua) liburua argitaratu zuenean, Jared Diamond geografo eta antropologo ezagunak Survival International erakundearen kritika zorrotza jaso zuen. Erakunde horren zuzendari Stephen Corryren aburuz, Diamond «guztiz erratuta» zegoen, eta liburuan esaten zena «arriskutsua» ere bazen.

Egileak ideia ugari bildu zituen 2013an plazaratutako liburuan, gizarte modernoek gizarte tradizionaletatik ikas dezaketenari buruz. Baina herri indigenen defentsan aritzen den erakundeak ez zuen begi onez ikusi Diamondek aipatutako ideia: estatua duten gizarteekin alderatuz, estatua ez duten gizarteetan bortizkeria hedatuagoa dagoela.

Kritiken inguruan galdetuta, saminduta erantzun zuen orduan Diamondek. «Tamalez, Rosseauren basati onaren fikziozko ideia arras zabalduta dago orain, gizarte tribalak basati primitibotzat jotzen dituen kontrako fikziozko ideia zabalduta dagoen modu berean».

Politikoki zuzenak ez baziren ere, Diamondek datuak mahai gainean jarri zituen, eta, zientzialaria izanda, datu horiek interpretatzen saiatu zen. Baina sektore askotan guztiz sustraituta dago antzinako gizakiak ama lurrarekin erabateko «bakean» bizi zireneko irudia. Zenbait kasutan hala izan bazen ere, adituek badakite marraztutako panorama bukoliko hori errealitatetik urrun dagoela. Eta ideia hori berresten duen ikerketa bat plazaratu dute ostiralean Science aldizkarian. Lanaren arabera, gaur ezagutzen dugun Amazonia, hein handi batean, gizakiak moldatutakoa da.

Europarrak heldu baino lehenago, gizakiek Amazoniako oihanean zer eragin izan zuten aztertu dute ikerketan. Funtsean, bertan dauden zuhaitzen mapa erraldoia osatu dute. Mapa hori «marraztu» ostean jabetu direnez, aztarnategi arkeologikoetara hurbildu ahala, zenbait zuhaitz espezie nagusitzen dira bereziki. Zehazki, kolonaurreko herriek hazitako 85 zuhaitz espezie dira kokalekuetatik gertueneko oihanetan gehien zabalduta daudenak. Ondorioz, gizakiek «ukitu» ez duten Amazonia baten irudia alboratu beharra dagoela ondorioztatu dute ikerketan.

Wageningengo Unibertsitateko (Herbehereak) Carolina Levis ekologoak gidatu du azterketa. Normalean zientziarena lan komuna bada ere, kasu honetan bereziki azpimarratzekoa da 152 zientzialarik parte hartu dutela. Egile horiek guztiek datu andana bildu dute. «Oso zaila izan da datu pila horietatik beharrezkoa den informazioa ateratzea», aitortu du Levisek. Hala ere, hamar urteetan bildutako datuak 3.000 aztarnategi arkeologikoekin alderatzea lortu dute, eta orduan azaldu da marraztuta Amazoniaren irudi berria.

Zientzialarien ustez, gizakiak oihanean eragindako aldaketa are garrantzitsuagoa izan liteke. Izan ere, kolonaurreko herriek etxekotu gabeko beste zuhaitz espezie asko ere erabili zituzten euren eguneroko zereginetan, eta espezie horiek ez dira kontuan hartu orain egindako ikerketan. Izan ere, 16.000 zuhaitz espezie omen daude Amazonian, eta horien inguruko lan estatistikoa egitea ez da lan makala.

Mapa berri hau tresna bikaina izan daiteke arkeologoentzat. Hala uste du Levisek. «Arrasto arkeologiko ugari oihanean barna ezkutaturik daude oraindik. Zaila da horiek topatzea, baina etxekotutako landareak errazagoak dira ikusteko, eta horiek agian toki arkeologiko berrien seinalea eman dezakete», iradoki du ekologoak.

Lurrean zizelkaturik

Ideia horrekin bat dator ere Amazoniari buruzko ikerketa ugari egin dituen Jose Iriarte arkeologoa. «Levisen ikerketan, kontu zirraragarrienetakoa da leku arkeologiko berriak topatzeko baliagarria izan daitekeela», nabarmendu du Exerreko Unibertsitateko (Erresuma Batua) zientzialari honek.

Duela gutxi zabaldu den aurkikuntza garrantzitsu batean parte hartu du Iriartek. Otsailaren hasieran PNAS aldizkarian ezagutzera eman dutenez, orain arte ezezagunak ziren ehunka geoglifo daude Amazonian.

Guztira, lurrean marraztutako 450 bat irudi aurkitu dituzte arkeologoek. Europarrak Ameriketara iritsi baino lehenagokoak dira irudiok, eta, urte luzez, oihanaren azpian mantendu dira. Halere, Amazoniak nozitzen duen baso-soiltzea dela eta, orain atera dira argitara.

Horien funtzioa ezin izan dute zehaztu oraindik ikertzaileek, baina badirudi ez zirela ez bizilekuak eta ez defentsarako estrukturak. Beraz, litekeena da zentzu magikoa edo sinesmenei lotutakoa izatea. «Geoglifoak eraiki zituztenek eraikuntzaren ingurua baino ez zuten garbitu. Pentsatzekoa da itzelezko monumentuak izateko eraikiak zirela, urrunetik ikusteko modukoak, baina ez zen horrela izan. Egin ditugun ikerketek zehazten dutenez, landarediaz estalita egon dira beti», azaldu du Iriartek.

Antzineko herrien inguruan zabalduta dagoen irudiaz galdetuta, Jared Diamonek marraztutako orekaren aldera jo du. «Ezin ditugu sinetsi basati onari buruzko ikuspegi erromantikoak, baina ezin dugu pentsatu ere herri horiek naturaren txikitzaile basatiak zirenik. Kasu bakoitza aztertu beharra dago». Hala ere, Iriarteren irudikoz, gizakiek landaredian eragina izan zutela jakiteak ez du Amazonia suntsitzeko aitzakia izan behar. «Iraganean izan zen eragina ezin da alderatu gaur egun dagoen eragin industrialarekin».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak