Ogiaren tankerako futbola

Zalerik gabe itzuli da futbola, eta horrek hotz bilakatu du estadioko giroa. Realak eta Osasunak Anoetan jokatutako partidan neurri zorrotzak hartu zituzten, eta pandemiari keinu egin.

Igandean, Realeko eta Osasunako jokalariak partida hasi aurretik, zalerik gabeko Anoeta hutsean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
<i>Donostia</i>
2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ohiko urratsak egin zituen estadiora bidean. Olaeta plazako taberna batean ogitartekoa erosi, garagardo bat edan eta zelaira abiatu. Hiru hilabete ziren Realak Anoetan jokatzen ez zuela, eta txuri-urdinek Osasunaren aurkako partidarekin ekingo zioten berriz ligari.Derbi bat izanagatik, inguruetan jende uholderik ez, eta estadioaren jiran zeudenek maskara zuten jantzita, ez lepokoa. Estadioan sartzerako, agerikoa zen ezohiko zerbait bazela han.

Kazetarien sarbide izango zen 16. atearen atarian, pankarta bat: «Ez da futbola bueltatu, zuen negozioa baizik». Sare sozialen bidez zabaldu zuen mezu horixe Bultzada Txuri-Urdina zale taldeak. Anoetaren arima den Aitor Zabaleta harmailan jartzen da Bultzada, eta jokalariek ez zuten haien hausporik izango. Hain justu, haien bultzada izan da Realaren etxeko partiden ezaugarrietako bat.

Bete beharreko protokolo estu eta zehatz bat, lau multzotan banatutako kazetarientzat. Irratietako kideek partida baino ordu eta erdi lehenago zuten ordua. Argazkilariek, ordubete lehenago. Handik hamar minutura sartu ziren telebistakoak, eta prentsa idatziko erredaktoreak izan ziren azkenak sartzen, 40 minuturen faltan.

Ordurako esana zuten kanpoko janaririk ezingo zela sartu Anoetan. Ogitartekoa dastatzeko garaia zen: entsalada nahasiarena. Ia traineru bat luze zenez, guztia jan gabe motxilan gorde zuen sobratutakoa. Gainera, dastatzean bazuen zerbaiten falta, estadio inguruko giroak bezalaxe.

Itzulinguru askorik eman gabe, bere mahaitxorantz egin zuen kazetariak, ez aurretik tenperatura neurtu gabe, Realak emandako prebentzio neurriak bete gabe—maskara, eskularruak, gel hidroalkoholikoa— eta ardura bere gain hartzen duela onartzeko agiri sinatua erakutsi gabe.

Lekua hartzerako, igandera arteko edozein partidatan bezala, musikak egin zituen neurketaren atarikoak. Lehendabizikoa, esanguratsua, The Lightning Seeds taldearen Three Lions ezaguna: «Football is coming home». Realaren etxean, ordea, langile eta taldekideez gain ez zegoen 35.000 bizilagunetako inor.

Zalerik gabe, harmailak atontzea erabaki zuen klubak. Ekialdeko harmaila estaltzeko, ogitartekoa baino luzeagoko traineru bat, Imanol Alguacil patroia eta tostartean bere jokalariak zituela. Familientzat gordetako iparraldeko harmailan, Marrazketabar marrazkilariak azken hilabeteetan pandemiaren gordinean lanean aritu direnei egindako omenaldia: okina, arrain saltzailea, adinekoak eta haiek zaintzaileak, erizainak, postariak, sendagileak eta suhiltzaileak. Hego harmailan, berriz, realzaleak bufandak zabal-zabaleginda.

Hotza, inondik ere

Olanetako marrazkietako begiak ziren jokalariei so zeuden bakarrak. Jokalariek ohi bezala egin zituzten beroketa ariketak. Ez, ordea, zelairako irteera. Segurtasun neurriak bermatu eta ahalik eta kontaktu gutxien izateko, talde bakoitzak bere aldetik egin zuen zelairako bidea. Txuri-urdinen ereserkiaren konpasean atera ziren etxekoak, hura nork abesturik ez zela. Pauso lasaian atera ziren bi taldeak, eta halaxe, lasai baina bizi eman zituen hamaikakoak estadioko esatariak, zaleek izen bakoitzeko egiten duten oihuei itxaron gabe.

Koronabirusaren gaitzak hildakoen omenezko minutuko isilunearen ostean heldu zen baloia martxan jartzeko ordua. Sekula baino ozenago entzun zen epailearen txistuak eman zuen hastekoagindua. Komenentziaz ala ez, futbola itzuli zen Anoetara.

Jokalarien erritmoarengatik eta kalitatearengatik ez balitz, norgehiagoka nekez bereiz zitekeen Azpeitiko Garmendipen, Zarauzko Astin, Hondarribiko Hondartzan edo Mutrikuko San Migelen jokatzen diren partidetatik. Jokalarien eta teknikarien oihuek soilik hausten zuten partidako isiltasuna. Horrek, eta etxafuegoen eztandak. Ezusteko galantik hartu zuen bakarren batek Osasunaren golaren ondorengo eztandarekin.

Bigarren zatiak ez zuen hobetu giroa. Minutuak aurrera joan ahala dezibelek gora egin bazuten, bi taldeen presak eragindako ezinegonaren ondorio zen. Jokalekutik kanpo, ezer gutxi. Harmailetan, bitxia izan zen zelaitik ateratako jokalariak berriz ere maskara janzten ikustea, ordura arte lerdea han-hemenka barreiatzen ibili eta gero. Egin zuten gauza bitxiago bat, ordea: ordu erdiro ura edan eta freskatzeko geldialdia egin zuten bi taldeek, noiz eta erlojua gauerdira bidean zenean eta Anoetako termometroan 16 gradu eskas zirela.

Halaxe amaitu zen Realak eta Osasunak ligaren etenaren ondoren jokatutako lehen partida. Estadiotik ateratzean, erdi janda utzitako ogitartekoari heldu zion berriz kazetariak. Orduan jabetu zen igandeko afariaren narrioaz: ogiak gatza falta zuen. Futbolak bezalaxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.