Pobreziaren kronifikazioa

«Dirurik gabe bizi zaitezke; etxebizitzarik gabe, ezin da»

Patxi. Enplegu bulegoak ematen dionarekin, gastuak mugatu eta duenarekin moldatzen saiatzean datza Patxiren egunerokoa. Kezkak ditu, baina ez da kexatzen.
BERRIA

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko ekainak 25
Frantzia iparraldean sortua da Patxi —izena aldatzeko eskatu du—, eta Lanbide Heziketan egin zituen ikasketak, munduan zehar bidaiatzera joan aurretik. Denbora batez Bartzelonan egon ondotik, Euskal Herrira iritsi eta bertan gelditzea erabaki zuen. «Beti ibili izan naiz aldi baterako lanetan edo beltzean, bizitzeko behar nuen gutxia irabaziz». Iazko urte osoa lanean pasatu zuen, 1.200 euroko soldatarekin. «Formakuntza bat egin nahi nuen, eta hori ordaintzea zen nire xedea». Langabeziarako eskubidea eskuratuta, enplegu bulegoak ematen diona da bere diru iturri nagusia: 800 euro. «Hemen, bizi maila nahiko garestia da: alokairuan 450 euro ordaintzen dut hilero; gelditzen denarekin bizi naiz».

Banku debekua du gaur egun: ez du kreditu txartelik edo txeketegirik izateko eskubiderik. «Paper astakeria bategatik da. Etxeko jabeak dirua eskatzen zidan, eta, presiopean, txeke bat egin nion, bankuan dirurik izan gabe». Horrelakoetan gauzak konplikatzen direla dio: «Berak kanporatu nahiko ninduke. Nahiago du hilero ordainduko diola segur den norbait bere etxean». Amak lagundu izan dio, tarteka. Patxik nahiago du beltzean lan egin, zor duen dirua itzultzeko, nahiz eta, ondorioz, formakuntzako klaseetara ezin agertu. Laguntza sozialak eskuratzen ere saiatu izan da, baina «konplikatuegia» dela dio. «Paperena zinezko arazo bat da niretzat: dosierrak galtzen dira, berriz egin behar dira, orain dokumentu bat falta zaizu, gero bestea; eta ez dago nehor zu laguntzeko. Gizarte laguntzaile batek laguntzen ahal ninduke, baina eskubide hori izateko ere paper andana bete behar da. Bestela ere, noiz nahi duzu gizarte laguntzaile bat ikustera joan nadin? Klasera joateko ere denborarik ez daukat. Nire hozkailua bete behar dut; hori da nire lehentasuna».

Elkarri lagunduz

Eguneroko gastuak mugatzen saiatzen da, asteburuetan bereziki. «Festa pixka bat egitera atera nahi baduzu, ba, ahazten duzu; edo pixka bat urruti bizi den neska-laguna ikustera joan nahi baduzu, ba, ez zoaz; edo jatetxera, lagunekin: bakoitzak hamabost euro emango ditu mahai gainean, eta zuk ezin duzu. Gauza txikiak dira; ez dute bizitzea oztopatzen, baina kakingarria da. Egunerokoan burua jaten dizuten kezkak dira». Gasolinarekin mugatu beharra, haragirik kasik ez jatea, supermerkatuko fruitu txarrak bakarrik erostea... halakoak aipatu ditu. Prekaritatean bizitzen «ikasten da»: eguneroko «plazer txikiak» ordaindu ahal izateko, garai batzuetan gutxiago jan izana kontatu du. «Badakit desberdin egin daitekeela, baina desberdin egiteko denbora behar da, eta, diruaren espiral batean sartzen zarenean, ba, jasaten duzu».

Ingurukoekin ez du aipatzen egoera; familiarekin batere ez. «Dirua aitzinatzea behar dudanean, badakit amak lagundu nazakeela, baina, 27 urterekin, ekiditen saiatzen zara». Bere lagun gehienak egoera bertsuan direla dio, eta, orokorrean, elkar laguntzen saiatzen direla, ideiak emanez, laneko aukeren berri emanez, janaria partekatuz... «Uste dut jende anitzen egunerokoa dela; ez naiz kexatzen. Baina ikasketak lasaitasunez egin nahiko nituzke».

Etxebizitza da haren kezka iturri nagusia, kanpoan gelditzea. «Bere garaian ibili nintzen etxerik gabe. Gehienetan aurkitu izan dut zerbait, baina kanpoan lo egitea ere gertatu izan zait. Erran daiteke bizi hautu bat ere bazela, baina ez ditut gehiago 18 urte». Hainbeste etxe huts egonda bere irabazien erdia baino gehiago alokairuan gastatu beharra deitoratu du: «Ireki diezazkigutela etxe hutsak! Niretzat hori izan beharko litzateke lehentasuna. Dirurik gabe bizi zaitezke; etxebizitzarik gabe, ez».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna