Koronabirusa

Geldialdi baten beldur, krisi osteko asterik txarrena izan dute burtsek

Indize nagusiek %10etik gorako galerak izan dituzte. Genevako auto azoka eta Berlingo turismo azoka bertan behera utzi dituzte

Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Osasun ministerioetan ez ezik, Ekonomiakoetan ere hedatu da kezka. Gaixotasun berri bat hedatzearen beldur dira lehenengoak, eta horregatik ari dira pertsonen mugimenduak mugatzeko neurriak hartzen. Hain zuzen ere, neurri horien ondorioen beldur dira bigarrenak, jarduera ekonomikoa guztiz geratzeko arriskua dakartelako. Krisi ekonomiko bat ate joka izan daitekeen kezkarekin lerratzen ari dira finantza merkatuak. Galera handiak izan dituzte aste honetan, handienak 2008an krisi ekonomikoa guztiz lehertu zenetik. Kezkatzeko moduko data, inon bada. %13 galdu du Frankfurteko DAXek, %12 Madrilgo Ibexek, %11,3 Londresko FTSEk... Europatik kanpo ere erorketak handiak izan dira.

Jarduera ekonomikoa eten zuen 2008ko irailean Lehman Brothers bankuaren porrotak, finantzen fluxua geratu zuelako, eta horrekin batera ekonomiak funtzionatzeko behar duen odolaren (diruaren) joan-etorria. Oraingoan, geldialdia fisikoa izan da lehen unetik. Txinan ia hilabete itxita eman dute lantegi gehienek, eta azken egunotan baizik ez dira jarduera berreskuratzen ari, langile faltarekin haietako asko. Baina birusa bezalaxe, geldialdiak Europara iristen ari dira. Geratuta daude Italia iparraldeko fabrika batzuk, eta beste batzuk, geratzeko zorian.

Industriatik kanpo ere arazo handiak ekarri ditu pertsonen mugimendua mugatzeak. Nazioarteko telefonia azoka garrantzitsuena, Bartzelonako World Mobile Congress, bertan behera utzi zuten duela bi aste, eta atzo gauza bera egin zuten autoen azoka sonatuenarekin, Genevakoarekin, Suitzako Gobernuak mila lagunetik gorako ekitaldiak debekatu dituelako. Berlinen, berriz, turismo azoka utzi dute bertan behera; nazioartean sektoreak duen erreferentzia nagusietako bat da.

Aurrekari horiekin, ikusteko dago zer gertatuko den Euskal Herriko industria azoka inportanteenarekin, maiatzaren amaieran egitekoa den Makina-erremintaren Biurtekoarekin. Aurrera doala esan du Xabier Basañez BEC erakustazokako arduradunak, baina egun batetik bestera gauzak asko aldatzen ari dira.

Oraingoz, kalte ekonomiko nagusiak garraioari eta turismoari lotutako enpresek jasan dituzte. Milaka hegaldi bertan behera geratu dira, eta konpainia batzuek iragarri dute langileak kaleratuko dituztela (Phillippines Airrek) edo ez dutela baztertzen (Finnairrek).

Confebask, zuhur

Koronabirusaren krisiak hazkundea trabatuko duela onartu dute nazioarteko erakundeek, baina zehaztasun gehiegi eman gabe, ikusteko baitago zenbat hedatuko den eta zer intentsitatez.

Zuhur agertu zen atzo Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentea ere. Bilbon egindako hitzaldian, eskatu zuen «presazko iragarpenik» ez egiteko. «Orain Italian zer gertatzen den adi erreparatu beharko dugu, baita Europa beste herrialdeetan zer gertatzen den ere, nazioarteko gure bezero handiak direnez. Baina, diodanez, oraindik goizegi da zenbateraino eragingo digun esateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.