Eutanasia arautzeko legea Bizipenak. Juanjo Uria

«Erabakia berea da, dudarik gabe»

Ana Mosqueraren senarra da Uria. AEA du diagnostikatua haren emazteak, duela hamasei urtetik, eta hausnartua du noiz eman nahiko liokeen amaiera bere bizitzari.

Uria emaztearekin, familiaren argazki batean. BERRIA.
Jone Bastida Alzuru.
Zarautz
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
«Oso emakume indartsua da. Ez dut uste ezagutu dudanik beste emakume edo gizonezkorik Anak duen indar horrekin». Juanjo Uriaren hitzak dira (Zarautz, Gipuzkoa, 1965), eta miresmenez dihardu Ana Mosquera bere emazteaz. Hamasei urte daramatza Mosquerak AEA alboko esklerosi amiotrofikoa diagnostikatuta, eta, zer moduz dagoen galdetuta, honela erantzun du Uriak: «Badoa, poliki-poliki. Gaitza oso motel doa, eta dituen mugen barruan, dezente ondo dago».

Ondo iltzatua du Uriak nola hasi zen guztia; gogoan ditu gaitzaren lehen zantzuak. «Garbiketa lanetan ibiltzen zen, eta oso nekatuta iristen zen etxera. Akituta zegoen, indarrik gabe bezala. Gero, pixkanaka, oreka galtzen hasi zen. Ez genekien zer, baina zerbait bazuen». Probaz betetako bide zail baten ostean, iritsi zen diagnostikoa: AEA, sendaezina den gaitz bat. «Nik uste dut berarentzat ere hori izan zela okerrena: esan ziotenean zer zuen, eta zer etorriko zen».

Uriak gogora ekarri du bere emaztearekin kontsultarako bidean izandako elkarrizketa: «Esaten zidan: 'Juanjo, ez dut, ba, zerbait txarra edukiko?'. Nik erantzun nion ezetz, birus arraro horietakoren bat izango zela». Eta hortxe iritsi zen kolpea: medikuak esan zien gehienera bost urtez biziko zela; bi eta bost urte arteko bizi itxaropena eman zioten: «Puf, hori izan zen momenturik gogorrena. Umeak txikiak ziren, eta berak esaten zuen: 'Orain ez'». Hamasei urte pasatu dira ordutik, «eta hemen jarraitzen du, borrokan. Berak dio egunero-egunero borrokatuko dela, eta bihar, bueno, ikusiko dugu». Irribarrea ez du galdu.

Adela elkartearen bidez berearen moduko esklerosia duten jende asko ezagutu dutela azaldu du Uriak. «Oso-oso gogorra izan da. Jende asko ikusi dugu hiltzen». Pairamen latzak ikusi dituztela onartu du. Eta, horrexegatik, Mosquerak hausnartua du noiz amaitu nahiko lukeen, noiz jarri muga, azken puntua. «Ezin duenean hitz egin, tragatzeko arazoak dituenean, eta besoak-eta ezin dituenean mugitu. Berak esaten du hortik aurrera ez duela nahi bizi». Beraz, horra iritsitakoan, eutanasia eskatzeko asmoa du, eta argi adierazi dio familiari. «Norberaren erabakia izan behar du. Erabakia berea da: hor ez dago dudarik». Azaldu du bera laguntzeko prest dagoela: «Nik ez dut nahi sufrimendu hori Anarentzat».

Eutanasiak, arnasa

Uriaren arabera, eutanasia legeztatu izanak «barruak askatzea» ahalbidetu die, «lasaitasuna» eman die. «Oso pozgarria izan da; guretzat, eta mundu osoarentzat». Tellaetxe familiaz akordatu da: «Eskerrak eman behar zaizkie: egin duten borroka izugarria izan da». Eta gaineratu du: «Eskubide bat da».

Izan ditu hitz batzuk eutanasiaren kontra egin dutenentzat ere: «Horiei esango nieke bost minutu begiak ixteko. Eta imajinatzeko lepotik behera egoera begetatibo batean daudela. Ea gustatuko litzaiekeen horrela bizitzea. Errespetatzen ditut kontra daudenak, baina iritzi horrekin bat etorri, ez».

Uriak argi du azkenera arte emaztearen alboan egongo dela. «Gogorra izango da, bai, baina bueno.Berak dio alabak eta ni alboan izanda nahi duela agur esan, eta horrela izango da». Duela gutxi egin du aurretiazko borondateen agiria, eta bertan argi adierazi ditu bere nahiak zeintzuk diren. Uriak ere emaztearekin batera egin du dokumentua.

«Prest gaude, iristen den momenturako. Bueno, prest, komatxo artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.