Albistea entzun

Espainia. Pedro Sanchezen gobernua. Fernando Grande-Marlaska

Polizien buruzagia, susmopean

Auzitegi Nazionalean egon den denboran, torturak ez ikertzeagatik Estrasburgok Espainiari jarritako bederatzi zigor kasuetatik seitan bera zen instrukzio epailea
JUAN CARLOS HIDALGO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2018ko ekainak 7

Espainiako Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin eskuz esku lan egindakoa da Fernando Grande-Marlaska (Bilbo, 1962). Haien ezinbesteko kolaboratzaile izan da, eta, orain, berriz, poliziak egongo dira haren aginduetara. Horrez gain, eta espetxe politika Justizia Ministeriora itzultzen ez badute behintzat, horren ardura ere izango du. 2014ko azaroan, EITBn eginiko elkarrizketa batean, euskal presoen sakabanaketaz galdetu zioten, eta erantzun zuen «gai politikoa» zela eta epailea zela bera. Orain, politikaria da.

Dena den, ezin da esan Barne Ministerioaren barrunbeak —eta estoldak— ez dituenik ezagun. Bereziki, Auzitegi Nazionaleko epaile izan den urteetan (2004-2013) esku artean izan dituen gaiengatik harreman zuzena izan baitu horko arduradunekin. Eta, bereziki, euskal gatazkarekin loturiko auziengatik egin delako ezagun, horien instrukzioetan hartutako —eta ez hartutako— erabakiengatik, eta, zehazki, inkomunikazio aldian bere esku zeuden atxilotuek eginiko tortura salaketengatik.

Eta hori azpimarratu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ere. Izan ere, Grande-Marlaska Madrilgo auzitegira iritsi zenetik, bederatzitan zigortu du Estrasburgok Espainiako Estatua, eta horietatik sei kasutan berak zuen atxilotuak zaintzeko ardura: Oihan Ataun, Xabier Beortegi, Patxi Arratibel, Beatriz Etxeberria, Igor Portu eta Mattin Sarasolarenean.

Aurreneko lauren kasuan, auzitegi bereko beste epaile batzuek hartzen zituzten neurriak ez hartzeaz gain, ondoren eginiko tortura salaketak ez zituen dagokion auzitegira bidali Grande-Marlaskak, eta horregatik zigortu zuen Estrasburgok Espainia. Eta Portu eta Sarasolarenean, berriz, frogatutzat eman zuen atxiloaldian tratu anker eta iraingarriak jasan zituztela. Kasu horretan ere, ez zien bide eman salaketei —Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak hartu zuen gero—. Eta ez zuen hori egin, tortura zantzuak idatzita utzi bazituen ere; Sarasolaren espetxeratze autoan, hain zuzen, onartu zuen bi atxilotuen kontakizunetan antzekotasunak zeudela jasandako tratuari buruz, biak bananduta eta inkomunikatuta zeuden arren.

Baina, Estrasburgok ez ezik, Espainiako auzitegiek ere jarri dute susmopean epailea. Ruben Villaren kasuan, Auzitegi Konstituzionalak agindu zuen artxibatutako tortura salaketa zabaltzeko. Kasu horretan ere bera izan zen instrukzio epailea. Beste hainbeste gertatu zen Mikel Beunzaren eta Eneko Conpainsen salaketekin. Eta jaso zuen bere auzitegiko kideen abisua ere. 40 gazteren epaian, epaimahaiak zalantzan jarri zuen atxiloaldian eginiko adierazpenak askatasun osoz eginak eta borondatezkoak izan zirela, eta Grande-Marlaskak zaindu behar zituen.

Hori 2014an izan zen. Polizia operazioa, 2011n. Eta, 2012an, Auzitegiko Nazionaleko Zigor Aretoko presidente izendatu zuten. Urtebete geroago, Botere Judizialeko Kontseilu Orokorreko kide izendatu zuten, PPk proposatuta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Carles Puigdemont (erdian) Luxenburgoko auzitegiaren epaia baloratzen, gaur, Europako Parlamentuan, inguruan Clara Ponsati, Gonzalo Boye, Lluis Puig eta Toni Comin dituela. ©Berria

Erbesteratu katalanek ezingo dituzte Belgikaren argudioak erabili Llarenaren euroaginduak baztertzeko

Gorka Berasategi Otamendi

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi duenez, batasuneko estatu kide batek ezin dio uko egin beste kide baten euroagindu bati, frogatu ezean azken horrek sistematikoki urratzen dituela eskubideak.

AEBetako F-16 hegazkin batzuk ariketa militarrak egiten Hego Korean ©EFE

Ukrainara gerra abioiak bidaltzearen aurka agertu da, oro har, Mendebaldea

Igor Susaeta

Auzia mahai gainean dago, baina Mendebaldeak ez du jarrera bateraturik. Macronen arabera, hainbat aldagai hartu beharko lirateke kontuan borrokarako hegazkinak entregatzeko.

Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, atzo, Tel Aviven. ©DEBBIE HILL / EFE

«Lasaitasuna berrezartzeko» eskatu die Blinkenek Israeli eta Palestinari

Mikel Elkoroberezibar Beloki

AEBetako Estatu idazkariak Tel Aviven adierazi du AEBek «Israelgo segurtasunarekin» daukaten konpromisoa «hautsezina» dela. Israelgo armadak gutxienez 35 palestinar hil ditu aurten

Zelenski eta Von der Leyen, iazko apirilean, Kieven ©EFE

Ukrainak bi urteko epean sartu nahi du EBn

Igor Susaeta

Erdoganek adierazi duenez, Suediarekin eta Finlandiarekin batera negoziatu beharrean, bakarka negoziatuko du bi herrialde horiek NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzeari buruz.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...