KRITIKA. Dantza

Pentsamenduaren kontrola

Agus Perez.
2018ko irailaren 14a
00:00
Entzun

'Fractus V'

Konpainia: Eastman. Koreografoa: Sidi Larbi Cherkaoui. Musika-sorkuntza: Shogo Yoshii, Woojae Park, Sidi Larbi Cherkaoui, Johnny Lloyd, Soumik Datta. Dramaturgia: Antonio Cuenca Ruiz. Eremu eszenikoa: Herman Sorgeloos,Sidi Larbi Cherkaoui. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi antzokia. Eguna: Irailak 12.

Zalantzarik gabe, Fractus V dantza-lana luzaro geratuko da iltzatuta gure gogoan, eta aurtengo Dantza Maitaldiaren pieza nagusietariko bat izango da, erabat nagusia ez esatearren.

Sidi Larbi Cherkaoui Anberesen jaio zen (Flandria) eta hiri berean fundatu zuen Eastman konpainia. Hegoaldeko ikusleok Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ezagutu genuen Noetic lanarekin, 2016an. Orduko hartan, Goteborgeko (Suedia) balletarentzat aritu zen, filosofia noetikoa izan zen lanaren ardatz nagusia eta emaitza estetikoa gutxienez diskutigarria izan zen. Oraingo honetan, aldiz, bere konpainiarekin etorri da —bera ere dantzari— eta Noam Chomskyren analisi garbiak nahiz George Orwellen profezia ikaragarriak hartu ditu lanaren abiapuntutzat.

Izan ere, lan honen oinarrian egon dira gaurko gizartean ustez egiazkoa den informazio-uholdea eta fenomeno horri aurre egiteko egin behar dugun ahalegin izugarria. Alde horretatik, egokia izan da eremu eszenikoaren disposizio desplazatua agertokiaren lerrokatzetik ikusita, askotan desplazatuak sentitzen garelako hedabide nagusien korrontean eroso sentitzen ez garenok. Kaxoi moduko horren barruan garrantzi handia hartu du musikak, albo banatan kokatutako instrumentuak ikusita—pianoa, harpa handi bat eta beste txikiago bat, hari-instrumentu korear tradizionalak, era guztietako perkusioak, jatorri afrikarreko hari-instrumentu batzuk...—, eta atzeko lerro diagonalean sei aulki egon dira.

Haietatik altxatu dira dantzariak —denak gizonak, denak jeans estiloko praka eta alkandorak jantzita eta Cherkaoui lehen lerroan zegoen mikrofonoari hurbildu eta kolpe batez bota du, sinbolismoz betetako keinu batean. Hortik aurrera, denetarik gertatu da, eta ezerk ez du zerikusirik izan orain arte ikusitako ezerekin. Informazioaren manipulazioaz eta pentsamenduaren kontrol-mekanismoez hitz egin digute, besoekin egindako keinuekin hitzen kontraste dantzatua sortuz; hiruki formako pieza handiekin eraiki eta deseraiki dituzte zoru gaineko formak eta eremuak; gizaki arrunta harresiek inguratuta geratu da boteredunek haren kontra tiro egiten zutelarik, eta telebista-ikuslea domino-efektuz geratu da kolpatuta; jaka grisez jantzitako gizonak ukabilez eta ostikoka jipoitu ditu hiru errugabe —oso eszena gogorra, benetan, figuratua eta abiadura geldoan egina izan arren—; besoen keinu ezin zehatzagoekin kaleidoskopio-irudiak, anagramak eta zeinuak deskribatu dituzte; foto-kazetaritzak ere bere agerpena egin du, eta bai dantzak bai musikak rol eredugarria jokatu dute ekintza horietan guztietan.

Besteak beste, flamenkotik, mimoaren artetik, Ekialde Urruneko adierazpenetatik eta kale-dantzatik edan du koreografoak, eta batzuen ustez manipulazioaren kontrako mezua argiegia izan arren, nik behintzat txaloen lehen momentutik sentitu dut zutik jartzearen beharrizana. Antza denez, beste askok jaso dute bulkada bera, Gare du Midiko ikusle guztiak zutik jarri direlako aldi berean, entusiasmoz beteriko txalo zaparrada hasi orduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.