Kataluniako Gobernua. Espainiako erreakzioak

Izendatuen kargu hartzea eragoztea aztertuko du Madrilek

Espainiako Gobernuak «probokaziotzat» jo du Torraren gobernua, eta izendapenen «bideragarritasuna» analizatuko du egunotan
Rajoy Espainiako presidentea eta Rivera Ciudadanosekoa bilera batean.
Rajoy Espainiako presidentea eta Rivera Ciudadanosekoa bilera batean. EFE

Ander Perez Zala -

2018ko maiatzak 20
Quim Torra Kataluniako presidenteak eratu duen gobernua «probokazioa» da, Espainiako Gobernuaren iritziz, eta egunotan aztertuko du gobernu horren «bideragarritasuna» bere Idazkaritzaren bitartez, izendapenen dekretua publikatuko ote duen erabakitzeko.

Erantzun irmoa eman zion atzo Madrilek Kataluniako presidenteari, eta, aldi berean, mehatxu hori bidali zion, mahai gainean jarri baitzuen dekretua ez publikatzeko aukera. Alegia, ohartarazi zuen izendatu batzuen kargu hartzeak —asteazkenean egingo direnak— blokeatzeko aukera aztertuko duela. «Kontseilari berrien proposamena probokazioa da, horietako batzuk ihesean baitaude, edo behin-behineko espetxealdian. Gobernuak eta indar politiko konstituzionalistak Torrari exijitu diogu eta exijitzen diogu amai dezala konfrontazio politika hau», gogorarazi zion Espainiako Gobernuak Torrari, ohar baten bidez.

Hala, Espainiako Gobernuak gaineratu zuen «24 ordu baino gutxiago» iraun duela Kataluniako presidenteak Mariano Rajoy Espainiako presidenteari egindako elkarrizketa eskariak. Hain justu, izendapenen berri jakin aurretik, Rajoyk iragarri zuen datorren astean erantzungo ziola elkarrizketa eskari horri, eta baiezkoa emateko prest zegoela, betiere elkarrizketa «legearen barruan» gauzatzen bazen; Kataluniako presidenteak «baldintzarik gabeko» bilera eskatu zion. Orain, ordea, ikusteko dago zer egingo duen.

Izan ere, Madrilek uste du «normaltasuna berreskuratzeko nahia erakusteko aukera» galdu zuela atzo Torrak, bere erabakiek «frogatzen dutelako konfrontazio estrategia bati eutsi nahi diola, [Espainiako] Estatuaren eta Kataluniako gizartearen gehiengoaren» aurka.

155.aren «beharra»

Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak Torrak emandako albistea baliatu zuen berriz ere 155. artikuluaren alde egiteko. Haren iritziz, eta Rajoyrenaren kontra, 155.ak indarrean jarraitu behar du Katalunian, hango gobernua martxan egonda ere, eta hori eskatu zion herenegun izan zuten bileran.

Ciudadanos alderdiko presidenteak Twitter bidez kritikatu zuen Rajoy: «Hutsegitea da beste alde batera begiratzen jarraitzea. Katalan guztien batasuna eta eskubideak bermatu behar dira 155.arekin».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna