Futbolariek «lehenbailehen» sinatu nahi dute lan hitzarmena

Eusko Legebiltzarrean izan da jokalarien ordezkaritza bat. Gogorarazi dute hitzarmena abiapuntu bat dela berdintasunaren bidean

Ainhoa Tirapu, Garazi Murua eta Vanesa Gimbert, atzo. JUANAN RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Emakume futbolariek ez dute asko atzeratu nahi lan hitzarmenaren sinadura. Hala adierazi zuen atzo Ainhoa Tirapu Athleticeko jokalariak, EH Bilduk eskatuta Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. «Hilabeteko tregoa adostu zen astelehenean, baina lan hitzarmena lehenbailehen sinatu nahi dugu». Oharra ere egin zuen. «Sinatuta ere, oraindik ere lan handia izango dugu egiteko, benetako berdintasuna lortu ahal izateko. Adostuko dugun lan hitzarmena abiapuntu bat izango da».

Futbolarien greba mugagabea bertan behera utzi eta gero, Tirapu, Garazi Murua eta Vanesa Gimbert taldekideekin batera izan zen legebiltzarrean. «Gure bi eskari nagusiak, gutxieneko soldatarena eta partzialtasunarena, onartu dira. Baina zuhurrak izan nahi dugu». Haren ustez, une erabakigarri batean daude hitzarmena lortzeko. «Bere garaian saskibaloi jokalariek ere beren lan hitzarmena izan zuten. Baina orain ez dute halakorik. Guk ez dugu hori pasatzerik nahi, eta adosten duguna zerbait iraunkorra izatea nahi dugu». Beren lan baldintzak hobetzetik harago, jokalariek lan hitzarmena izateakligari «sendotasuna eta hazten segitzeko aukera» emango diola nabarmendu zuen.

Tirapuk jokalariek dituzten eskari nagusiak gogorarazi zituen: urteko 16.000 euroko gutxieneko soldata jardun osoko kontratuetarako; gutxienez %75eko partzialtasuna; soldata osoa kobratzea gaixoaldietan; 30 opor egun izatea; eta haurdunaldi eta sexu jazarpen kasuetarako protokoloak izatea.

Horrekin batera, berdintasun hori sustatzen aldera, hainbat proposamen egin zituen. Besteak beste, ezinbestekotzat jo zuen hedabide publikoetan parekidetasuna izatea emakumezko eta gizonezko kirolei eskaintzen zaien denboran, baita kirol azpiegitura pubikoen erabileran ere.

Ogasunaren eskumena baliatuz, emakumeen kirolaren alde apustu egiten duten enpresek eta erakunde pribatuek pizgarri fiskalak izatea proposatu zuen Tirapuk; era berean, emakumezko kirol ikuskizun garrantzitsuak Euskal Herrira ekartzeko ahalegina egitea galdegin zuen. Besteak beste, Txapeldunen Ligako finala aipatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.