Ebro Etxea, babesa galtzeko zorian

Teresa Merello de Miguel
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Ebro Etxea eraikina 1940an eraiki zen, Zarautzen (Gipuzkoa), Ebro Compañia de Azucares y Alcoholes enpresako langileen seme-alaben udaleku izateko. Zarauzko Ondare Historiko-Arkitektonikoaren Katalogoan sartuta dago 1995etik, eta 2020ko urrian prozesu kezkagarri bat abiatu zen hari lege babesa kentzeko. 2016an, udaletxeak proiektu bat agindu zuen estalkia eraberritzeko, baina azkenean ez zuten hala egin. Konponketa horiek guztiz bat zetozen legearekin, baina, hala ere, ez zituzten egin, eta estalkia gero eta hondatuago dago. Eraikina erabili egiten da oraindik ere, baina areto batzuk hustu egin behar izan dituzte.

Hori dela eta, Ebro Etxea Ondarearen Zerrenda Gorrian sartu berri dute: Hispania Nostra elkarteak egiten du zerrenda hori (www.listarojapatrimonio.org), eta Espainiako 800 monumentu baino gehiago biltzen ditu, berehala zerbait egin ezean desagertzeko arriskuan daudenak.

Lucas Alday arkitektoak idatzi zuen eraikinaren proiektua, 1940ko abenduaren 1ean. Gaur egun arte ia ez da aldatu, eta, beraz, 60ko hamarkadara arte eremu horretan nagusi zen eraikin tipologiaren erakusle bakarra da.

Jatorri eta izaera industrial argia duen Euskal Herriko udaleku bakarra da, eta hori garbi erakusten dute balkoi nagusiaren gainean armarri moduan ageri diren inizialek. Ondareari dagokionez, nabarmentzeko modukoa da, Sukarrietako eta Hondarribiko udalekuekin batera. Hirurak itsas udalekuak dira, antzeko ideologia batean oinarrituak, eta euskal estilo berrian eginak.

1992. urtean, udalak moldatu egin zuen eraikina, ekipamendu publikorako erabiltzeko. Ordutik, zenbait zaharberritze lan txiki egin izan dira. Gaur egun, ordea, beste erabilera batzuk ditu: erdiko partean, bulegoak, tailerrak eta komunak daude, eta alboko hegaletan, berriz, gela irekiak.

Eraikin handia da, harrizko eta landarezko hormatxo batez inguratua. Oinplano laukizuzena du; erdiko partea da garaiena (hiru solairu ditu), eta fatxada nagusia ere bada aldi berean; beste bi gune baxuago ere baditu alboetan, bi solairukoak. Konposizioa simetrikoa da, eta, sartzeko, portiko bat dago erdian. Eraikinaren izkinetan pinakulu batzuk daude, eta lau isuriko estalki batek estaltzen ditu muturrak: teila arabiarrak ditu kanpora begira, eta egurrezko bilbadura barruan.

Eraikinaren perimetroko paretakharlangaitz zarpiatuzkoak dira; horma atalak, berriz, krema kolorekoak, eta hormigoi plaka leunak ditu ertzen erremateetan, baita inpostak eta ornamentu xehetasunak ere. Ebro Etxearen sarrerako atea portxe baten azpian dago, eta portxea goiko balkoia ere izateko diseinatua dago aldi berean. Bi solairuetako leihoak handiak dira, eta kontraleihoekin babestuta daude.

Jatorrian, umeen udalekuetarako erabiltzen zenean, zerbitzu komunak erdialdean zeuden, eta logelak, alboko eremuetan (mutilenak eta neskenak bereizita). Atzeko partean, gune zabalago eta baxuago bat eraiki zen, hor jangela eta erizaintza gela jartzeko.

Konposizio lerro garbiek, hutsuneen eta gune beteen arteko erritmoek, eta proportzio orokorrek balio artistikoa ematen diote eraikinari, toki jakin batzuetan dituen ornamentuek adinakoa. Eraikinak tipologia arkitektoniko jakin bat du, euskal estilo berria, eta halako monumentaltasun bat ere badu, angeluetan garita ederrekin errematatuta baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.