Koronabirusa

Profesionalen «osasuna eta segurtasuna» bermatzeko eskaria

ainara arratibel gascon
2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Koronabirusarekin hildako Bizkaiko erietxe bateko erizainaren heriotza dela eta, Satse, ELA, LAB SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek osasuna profesionalen «segurtasuna eta osasuna» babesteko eskatu diote Osakidetzari. «Lan osasunak bateragarria izan behar du jardun profesionalarekin», gogorazi zuten atzo ohar bateratu batean.

Sindikatuek doluminak agertu zizkieten erizainaren senide, lagun eta lankideei. Nabarmendu zuten koronabirusaren krisia hasi zenetik behin eta berriz ohartarazi dutela Osakidetza dela profesionalen «osasuna eta lan jarduna» bateragarri egin behar dituenak. «Horretarako, langileei beharrezkoak dituzten prestakuntza, informazioa eta tresnak eman behar dizkiete». Arreta EPI trajeetan jarri zuten.

Hori kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzari eta Osakidetzari eskatu zieten, plan artikulatu bat egiteko. «Ezin zaizkigu baliabidek, materialak, faltatu, horiek funtsezkoak baitira profesionalen osasuna eta segurtasuna bermatzeko, eta egoera honetan horren beharrezkoa den osasun arreta eskaintzeko».

Hildako erizainaren ingurukoei elkartasuna adierazteko, eta Osakidetzari berehalako neurriak har ditzala eskatzeko, datozen bi egunetan xingola beltz bat eramateko eta leihoetatik trapu beltzak zintzilikatzeko eskatu diete langileei. Halaber, dei eginzieten langileei, gaur, 12:00etan, jarduera eten, eta bost minutuko isilunea egin dezaten hildako lankidearengatik.

Bizkaiko eta Gipuzkoako erizainen kolegioek ere oharrak kaleratu zituzten, eta sindikatuen bidetik, hildako erizainaren senideei babesa azaltzearekin batera,Eusko Jaurlaritzari eta Osakidetzari galdegin zieten jartzeko beharrezkoak diren euskarriak osasun profesionalen esku; bai lan egiteko, baita haien osasuna babesteko ere. «Arrisku biologikoak saihestu behar dira. Krisi hau gainditzeko funtsezko neurrietako bat, osasun profesionalak baitira egoerari aurre egiteko lehen horma edo zutarria», adierazizuen Bizkaikoak. Horrekin batera, egoera larri honi aurre egitekoosasun langileak erakusten ari diren «konpromisoa eta ausardia» txalotu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.