Aberri Eguna. Aldez aurrekoa

Enbatak inarrositako bidea

Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen oinarrian da Enbata. 1963ko apirilaren 15ean, Ximun Haranek eta Julen Madariagak haritz bat landatu zuten Itsasun, Aberri Eguna ospatzeko.
Embatako ikasle batzuk, Donibane Garazin, 1950 inguruan.
Embatako ikasle batzuk, Donibane Garazin, 1950 inguruan. BERRIA

Aitor Renteria -

2013ko martxoak 31
Aurtengo Aberri Egunaz gain, duela 50 urtekoa ere ukan zuten gogoan atzo Sortu, AB, Aralar, EA eta Alternatiba alderdiek, Itsasun egindako ekitaldi bateratuan. Hain zuzen, mende erdia beteko da Ximun Haranek eta Julen Madariagak Lapurdiko Itsasu herrian Gernikako arbolaren altsuma landatu zutenetik. 1963ko apirilaren 15ean, Enbata mugimenduak deiturik, 300 pertsona elkarretaratu ziren bertan. Haritzaz gain, oroitarri bat ezarri zuten. Harrian abertzaletasunaren adierazpena gelditu da zizelkaturik, ondoko belaunaldiek gogoan dutena oraindik. Momentu hori zuten gogoan atzo Itsasun bildutakoek.

Berez, Enbata aitzin Embata mugimendua izan zen, 1951. urtean sortua ofizialki, Jon Etxeberri Aintzart Enbatako kideak eta haren seme Peio Etxeberri-Aintzart historialariak argitaratu berri duten liburuan azpimarratzen duten bezala. Ximun Haranen lekutasuna biltzen dute: «Hastapenean euskal kantuak abesteko biltzen ginen». Mixel Burukoa gidatzen zuen taldearen inguruan ondotik mugimendu abertzalean funtsezkoak izanen ziren izenak azaldu ziren Enbata mugimenduan, bertzeak bertze, Jean Fagoaga, Laurent Darraidou, Michel Labeguerie, Mixel Lekuona apaiza, Jean Barrenetxe, Christiane Etxaluz, Daniel Landart, Ramuntxo Camblong, Jean Louis Davant...

1956an, Baionako Euskal Erakustokian finkatu zuten egoitza, eta Embata izeneko aldizkaria sortu zuten. Laster aldatu zuen izena. Folklorismoa gainditu behar zela eta, zatiketa gertatu zen. Abertzaletasunaren ildoan sakondu nahi zutenek atxiki zuten mugimenduaren izena, m-aren ordez n-a ezarriz. Abertzaletasunaren oinarria sortu zen Iparraldean. Mugimendu politikoa indartzearekin batera, aldizkaria ere plazaratzen hasi zen berriz ere.

Gizartean eragiten zuten zuzenean. Ximun Haran pilotari ezaguna zen, eta euskal kantuak grabatu zituen herriz herri. Kantu horietako batzuk, Labeguerierenak bezala, diskoetan grabatu eta klandestinoki banatu zituzten gero. Jakes Abeberri Enbatako kideak gogoratzen duen bezala, geroan ETAko zuzendaritzan egonen ziren hainbat kidek parte hartu zuten disko haien hedapen klandestinoan, Hego Euskal Herrian.

Itsasuko Aberri Eguna

1963ko Aberri Egunean Itsasun egindako adierazpena garrantzitsua izan bazen, ondoren egin zen bazkariak ere geroari buruzko oinarriak zizelkatuko zituen. 500 pertsonak parte hartu zuten bazkarian. Telesforo Monzonek ere hitza hartu zuen bertan. Presente izan ziren Jean Errekarte senataria, Labeguerie diputatua, Baigorri, Bastida eta Bidaxuneko kontseilari nagusiak, Milafranga, Sara, Ziburu, Beskoitze eta Makeako (Lapurdi) auzapezak eta Arboti eta Isturitzekoak (Nafarroa Beherea). Aberriak alderdi berri bat behar zuen, nagusi ziren alderdi frantsesetatik bereiziz.

Urtebete lehenago Mixel Labeguerie hautatu zuten Ipar Euskal Herri barnealdeko diputatu, bozen %57 bilduz. Engoitik, abertzaletasunaren erreferentzia eta buruzagitzat hartu zuten. Hauteskundeetan lehiatzea zen borrokaren ardatzetarik bat. Enbatak emaitza ikusgarriak lortu zituen hainbat kantonamendutan, gaur egun boz abertzalearen erreferentzia direnak oraindik.

Hauteskundeetako porrotak garaipen politikoa bihurtzeko gaitasuna ere ukan zuen. Horrela, 1967an izan ziren Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan porrot nabarmena pairatu zuen Enbatak. Alta, bigarren itzulira begira abertzaleen bozak eskuratzeko lehia piztu zen biren artean, Henri Grenet eta Bernard Marie, eskuin frantsesaren bi ikur. Biek euskal departamentuaren aldeko adierazpena egin zuten, Enbatari erantzunez.

«Enbataren sorrera iraultza izan zen, garai hartan abertzale izatea, Euskal Herria aldarrikatzea iraultza zelako. Elizaren indarra erabatekoa zen garaian, mugimendu laikoa izan zen», dio Etxeberri Aintzartek. Eragin zuzena ukan zuen Enbatak, gizarte arlora ere zabalduz eskubideen aldeko borroka.

Legez kanporatua

1968ko maiatzeko oldarraldiaren ondoren, aldaketa ugari izan ziren Frantzian, eta Ipar Euskal Herrian ere bai. Gazteen iritziz, Enbata «sobera motela» bihurtu zela leporatu zioten, eta mugimendu iraultzaileak hasi ziren sortzen. 1974an Raymond Marcellin Frantziako Barne ministroak legez kanpo ezarri zuen Enbata, estatu segurtasuna arriskuan ezartzen zuela leporatuz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna