Aitor Iztueta. Abokatua

«Instruktoreak ebatzi zuen ongi zegoela dena: ez zegoela deus»

arantxa iraola
Madril
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Kontuen auzitegian Iñaki Errazkinen eta Ainhoa Intxaurrandietaren aldeko argudioen defentsan aritu zen Aitor Iztueta abokatua atzo. Justiziaren gainerako adarretan haien aurka egin ezin, eta berez beste auzi mota batzuetarako erabili izan ohi den organo horretara jo dela pentsatzen du.

Milioka eurotako zigorra jaso dezakete bi auzipetuek. Zerk ekarri du auzibidea honaino?

Gogora ekarri behar da aurretik EAEko Kontuen Auzitegiak txosten bat egin zuela kontratu etete horren inguruan, eta Madrilek horri atxikita abiatu zituela diligentziak. Aldiz, Madrilek izendatutako instruktore batek ebatzi zuen ongi zegoela dena: ez zegoela deus. Hain justu, auzia artxibatzera zihoan. Alegazio epe bat eman zitzaion, ordea, GHKri, eta hark adierazi zuen ez zegoela konforme. Horren aurreko erantzuna izan zen, nahi balu, jar zezakeela salaketa. Hori gertatu da. Esan dute ez dagoela ezer, eta, halere, auzipetuen kontra egin dute.

Eta salaketa horren harira heldu da zigor eskea. Espainiako Kontuen Auzitegian egon dira inoiz aurretik auzipetuta agintariak haiek hartutako erabakiekin lotutako auziengatik?

Gertatuko zen beste inoiz; horretarako, beharrezkoa da aurretik erakunde batek salatzea. Javier Marotok ere, adibidez, antzeko kasu bat izan zuen, Gasteizko alkate zela hartutako erabaki baten harira. Zigor hainbestekorik eskatu den inoiz ere? Ez dakit.

Kontabilitatearen aldetik dena zuzen egonda, auzibide honek funtsik ez duela diozue zuek.

Auzitegi honetara heltzeko, kontabilitatearen aldetik arau hausteklaseren bat egon behar da, edo egokia ez zen ordainketaren bat egin behar da. Baina hemen horrelako arau hausterik ez dute argudiatu; aldiz, argudiatu dute kontratua ez zela apurtu behar, eta erantzun bat eman behar dela horren ondorioz izan ziren kalteengatik. Prozedura hau erabili nahi dute zigor bat jartzeko. Kontu honek ez luke auzitegi honetan egon behar.

Kontratu eteteak ekarritako kalteen artean dago hura finantzatzeko hitzartu ziren swap produktu finantzarioen interesen zama. Horiek gainetik kentzeko era egitea ez litzateke onena?

GHK-k swap-en inguruan abian zegoen auzibidearekin jarraitu izan balu, era izango luke dirua berreskuratzeko. Hori lortzeko aukera txiki bat izanda ere, ahalegindu behar luke. Oraintxe, banku horien kontrako ebazpenak egon dira. Aldiz, ez dute jarraitu horien kontrako auzibideetan, eta, horren ordez, Iñaki eta Ainhoaren aurka egin dute. Argi dago: helburua ez da dirua berreskuratzea. Oso mingarria da, oso itsusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.