Koronabirusa. Udarako iragarpenak mundu zabalean

Nor bere munduan gotortuago

Txerto gehien eman dituzten herrialdeak izan dira lehenak neurri murriztaileak kentzen eta euren arteko mugimenduak berrabiarazten. Horietatik geroz eta bakartuago daude txerto faltan direnak; nagusiki, Hego hemisferioan daudenak.

Bi lagun COVID-19aren aurkako txertoa hartzeko zain, Santiagon, Txilen. SEBASTIAN SILVA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Txertatutako biztanleriaren proportziorik altuena duten herrialdeek aurrea hartu diete gainerakoei neurri murriztaileak arintzen, eta, txertoak eskuratzeko lasterketan gertatu moduan, agerian geratu dira herrialde boteretsuen eta horien azpikoen arteko desberdintasunak. Txertaketaren erritmoa denean homogeneoa ez izateak jokaleku oso desberdinetara eraman ditu bateko eta besteko herrialdeak, eta, neurrien arintzea joera orokorra izaten ari den arren, nabarmenak dira aldeak. Handitzen ari da txertaketa erritmoaren arabera mundua zatitzeko eta zonifikazio eredu bat ezartzeko arriskua. Erritmo antzekoa duten herrialdeen arteko harremanak indartu litzake horrek, txertaketak erritmo motelagoa duten tokiak nahiz birusaren aldaera berrien jatorri izan daitezkeenak baztertuz edo bakartuz.

Txertaketaren erritmoan aurreratuen dauden herrialdeetako bi dira Txile eta Israel, eta, horrenbestez, neurriak arintzen azkarrenak izan direnetako bi ere bai. Apiril amaieran utzi zion maskararen erabilerak derrigorrezkoa izateari Israelen, eta, horrekin batera, talde txikietan biltzeko debekua eta beste hainbat neurri murriztaile ere altxatu zituen gobernuak. Ordurako, baina, Osasun Ministerioak emana zien baimen berdea deiturikoa txertoaren bi dosiak hartuta edo izurria gaindituta zeukatenei. Baimen horrek aukera ematen zien gimnasiora eta jatetxeetara joateko eta beste hainbat jardueratan parte hartzeko. Txertoa hartzeko borondatea saritzea izan da helburua, transmisioa gutxitzearekin batera, eta mugarri bat ezarri du egiteko modu horrek, datozen hilabeteetan hedatu litekeena: txertatuek eta immunizatuek eskura izatea gainerakoek ez dituzten zenbait aukera.

Israelen, biztanleria osoaren %63k hartua du gutxienez txertoaren dosi bat, eta %59,3k, bi dosiak. Horrek kasuen kopurua apaltzean izan duen eragina dela eta, lehendik ere leundutako neurriak are gehiago arindu zituen gobernuak iragan asteartean. Printzipioz, espazio itxietan maskara jantzia izan beharra eta mugikortasunari jarritako mugak izango dira salbuespenak. Hala ere, gobernua hasia da dagoeneko bidaiarien joan-etorriak baimentzen. Turismoa berrartzeko plana hiru fasetan banatu du: ekainaren 15era arte, txertaketa erritmoa aurreratua duten eta Israelekin harreman diplomatiko ona duten hamalau herrialdetako bisitariak jasoko dituzte, betiere txertatuta edo immunizatuta badaude eta taldeetan badatoz. Bigarren baldintza horrekin, bidaiarien jarraipena errazagoa izan dadin lortu nahi dute. Ondoren, turista kopuru handiagoari sartzen uzteko asmoa dute, eta, uztailetik aurrera, bakarrik datozenei ere horretarako aukera ematekoa.

Txile ere eredu izan da txertaketan, baina ez horren kudeaketan, eta neurrien arintzearen arriskuen adibide bilakatu da. Apirilaren 9an 9.000 kasu positibo baino gehiago zenbatu zituzten herrialde horretan, eta, aldi berean, biztanleria txertatuaren proportzio handiena zuten herrialdeetan hirugarrena zen. Sebastian Piñeraren gobernuari triunfalismoz aritu izana eta pandemiaren gorabeherak aurreikusi ez izana egotzi diote harekin kritikoak direnek. Gorakada azaldu dute, batez ere, argudiatuz neurri murriztaileen deuseztapena udako oporren garaian izan dela, batetik, eta Brasilen atzemandako aldaeragatik, bestetik.

Berriz ere neurriak gogortzera behartu zuen osasun krisiak gobernua, baina kasuek beheranzko joera hartu dute, eta egoera onbideratu izana eta CoronaVac txertoaren milaka dosi berriren iritsiera baliatu du gobernuak «mugimendu baimen» bat iragartzeko. Txertoaren bi dosiak hartuak dituztenei emango zaie baimen hori, eta gainerakoek ez dituzten abantaila batzuk izango dituzte. Halaber, nazioartean mugitzeko aukera ere aztertzen ari dira.

Europan, hirugarren sektorearekiko dependentzia ekonomikoa dutenen eskaria izan da, batez ere, joan-etorriak baimentzea, turismoari lotutako jarduera ekonomikoa berrabiarazteko. Europako Batasunak EB COVID ziurtagiri digitala martxan jarriko du uztailaren 1ean, hilabetetako eztabaidaren ondoren. Greziako Gobernua izan da sustatzaile nagusietako bat. Talde komunitarioaren barneko herrialde guztietan bidaiatzeko aukera emango die ziurtagiri horrek COVID-19a azken sei hilabeteetan izan eta antigorputzak garatu dituztenei, EMA Sendagaien Europako Agentziak oniritzia emandako txertoren baten gutxienez dosi bat hartua dutenei eta PCR proba batean negatibo emandakoei.

Sarbidea ez galaraztea izango da EBko estatu kideen betebeharra atzerritik iritsitako herritarrekin, baina haien esku geratuko da sartzeko berrogeialdia egin beharko duten ala ez zehaztea. EBtik kanpokoek ere herrialdean sartzeko aukera izango dute, eta, horiei dagokienez ere, gobernuek zehaztuko dute modua. Kasu askotan, herrialde seguruen eta ez-seguruen arteko bereizketa egiten ari dira, bisitariaren jatorrizko herrialdearen egoera epidemiologikoaren arabera, hiru eremu bereizita: gorria, laranja eta berdea.

Turismoaren garrantzia ere bada irizpidea sailkapena egiterakoan zenbait herrialderen kasuan. Alemaniak, esaterako, berriki debekatu egin du Erresuma Batura bidaiatzea, ezinbesteko kasuak salbuetsiz, herrialde horretan Indiako aldaeraren agerraldiak izaten ari direla eta. Kontrako noranzkoan doazenei ere gogortu dizkie baldintzak, eta Erresuma Batutik iristen direnek COVID-19an negatibo eman izanaren agiria aurkeztu beharko dute, eta berrogeialdia egin. Europa hegoaldeko herrialdeek iparraldetik datozkien bisitariak erakartzeko ahaleginarekin talka egiten du erabakiak. Espainiako Gobernuak, esaterako, Fitur turismoaren topagunea baliatu zuen herrialdea nazioarteko bisitarien eskura egongo dela iragartzeko, eta dei berezia egin zien Erresuma Batukoei, herrialde horren turismo iturri nagusia dela jakitun.

Beste aldekoak

Immunizatutako herritarren zenbatekoaren araberakoa da herrialde bakoitzaren posizioa, baina aldaera berrien presentzia duten herrialdeak bihurtu dira mehatxu nagusi, eta, ondorioz, gainerako herrialdeekin loturak izateko zailtasun gehien dituztenak haiek dira. Bi aldagaiak kontuan hartuta, Mendebaldeko herrialdeekiko eta herrialde garatuenekiko harremanei eusteko zailtasunak ditu munduaren zati handi batek; nagusiki, Hego hemisferioko herrialdeek, eta, bereziki, Afrikakoek. Adierazgarria da, esaterako, Afrikako herrialdeak direla bidaiarien mugimenduari murrizketa gutxien jarri dizkietenak, oro har, nahiz eta horretan ere badiren salbuespenak.

Txertaketa erritmo motelak eta aldaera berrien presentziak bat egin duen herrialderik ere bada, ordea; India eta Hegoafrika izan dira horietako bi, nahiz eta lehenengoak nabarmen azkartu duen txertaketa erritmoa, azken hilabeteetan izan duen egoera kritikoari erantzuteko. Premiazko erantzun horrek hornidura gabe utzi ditu nazioarteko Covax programaren menpe dauden herrialdeak. Izan ere, programa horren txerto ekoizle nagusia Indiako Serum institutua da. Konpainia horrek eten egin zituen esportazioak, Indiako txertaketa bizkortzeko, eta Afrikan espero zituzten milioka dosi ez dira iritsi oraindik. Hango txertaketa datuek erakusten dute pandemiaren beste fase batean daudela: kontinente horretako biztanleriaren %2k soilik hartu dute COVID-19aren aurkako txertoaren dosi bat;%1ek hartu ditu biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.