Sol de Libertad. «Inoiz ez dago dirurik etxeko langileak soldata duina jaso dezan»

Sol de Libertadek zazpi urte daramatza Bilbon zaintza lanetan, baina ahal duenean berriz Nikaraguara itzuliko dela dio

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
«Herritartasuna lortzen dudan eguna handia izango da niretzat, horrek hegan egin ahal izateko hegalak emango baitizkit». Negar malkoak lehortzen ari dela egin ditu adierazpen horiek Sol de Libertadek —berak asmatutako izena da—. Zazpi urte badira Nikaraguatik Bilbora iritsi zenetik, baina berriz ere jaioterrira itzultzea du amets. Semea eta alaba han ditu, eta unibertsitateko ikasketak amaitzen dituztenean itzuliko dela dio. Baina, bien bitartean, helburu bat du: paperak lortzea. «Hemendik ez naiz aterako paper horiek lortu gabe. Duintasunagatik bakarrik baldin bada ere, lortuko ditut». Egoiliar txartela badu, ordea, eta, horri esker, Gabonetan Nikaraguara itzuli ahal izan zen.

Zaintza lanetan aritu da beti Bilbon, baina ikasketaz baso ingeniaria da. Nikaraguan behar horretan aritu izan bada ere, «jatekoa eta errentak ordaindu ondoren ez du beste ezertarako ematen». Horregatik etorri zen Bilbora, zaintza eremuan arituko zela jakitun. «Duintasun osoarekin egiten dut lan hau, baina baldintzak ez dira horrelakoak». Gizarte Segurantzan kotizatzen du egun, baina legez dagozkion hamalau soldaten partez, hamabi jasotzen ditu. «Enplegatzaileak norbait kontratatu behar duenean, kalkuluak atera behar ditu, ikusi zenbat balio duen pertsona bat kontratatzeak. Ez badago prest ordaintzeko, ez gaitzala prekaritatera kondenatu».

Minez hitz egiten du, iraganean esperientzia gogorrak eduki behar izan dituelako. «Bikote gazte baten etxean haurrak zaintzen aritu nintzen lau urtez. Hiru solairuko etxe bat zeukaten, eta udako oporretan Marbellan zuten etxera eramaten ninduten; neguan, eskiatzera. Etxea garbitu, kozinatu, haurrei etxeko lanekin lagundu, eta hitzartu gabeko beste hainbat lan egitera behartzen ninduten; hori dena, 800 euro eskasen truke. Gabonetako paga ordaintzeko eskatu nienean, esan zidaten ez zitzaiela dirua iristen. Inoiz ez dago dirurik etxeko langileak soldata duina jaso dezan».

Adibide bat besterik ez da hori. Baina gutxietsia askotan sentitu da. «Kontratua egiterakoan, enplegatzaileak nire jaioterria gaizki jarri zuen, eta oinarrizko ikasketak amaituak nituela. Ez dakite nor garen, eta nondik gatozen: horrek min ematen du». Baina apurka ahaldunduz joan dela dio, eta urteekin baldintza hobeak lortu dituela.

Etxea hipotekatu gabe

Sol de Libertaden helburua argia da: «Semea eta alaba normalak izan daitezen nahi dut; ez ditut ikusi nahi Nikaraguan ibiltzen diren haur asko bezala: oinutsik, diru gabe eta drogatzen». Seme-alabak horrela ez ikustea du ametsa. Horretarako, bere familiaren laguntza izan du. «Ahizpak dirua utzi zidan hona etortzeko, bi aldiz gainera». Izan ere, 2010ean etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira, baina paperik gabe harrapatu, eta bueltan Nikaraguara deportatu zuten. «Ahizpak esan zidan itzultzeko, eta berak utziko zidala dirua».

Iristen diren gainerako etorkinekin alderatuta zortea duela ere badaki. «Ni lanera etorri nintzenean, ez nuen inongo zorrik; nire herrialdean, neska askok bitartekarien bidez lortzen dute hona etorri ahal izateko dirua, bankuetako interesak baino gehiago ordainduz. Askotan, etxea hipotekatu behar dute hona iristeko, eta, horregatik, lanean hasi baino lehen motxila handi batekin iristen dira: zorra ordaindu behar dute, hemen bizirik iraun, eta familiari dirua bidali». Presio horiekin guztiekin iristen dira emakume asko. Paperik gabe, gainera. «Egoera horretan, nola ez dute, ba, onartuko 500 euroren truke egun osoan lan egitea eta atsedenik gabeko baldintzak?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.