Sinfin 33-28 Bidasoa

Ajea antzeman dute

Bidasoak galdu egin du Asobal Kopako finalerdietan, Sinfinen kontra, eta amaitu du sasoia. Lehia osoan kontrakarrean aritu da

ainara arratibel gascon
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Golegile nagusiak. Sinfinen Nicolas Zungri (7) eta Bidasoan Rodrigo Salinas eta IƱaki Cavero (5) .

Ospakizun astea izan da hau Bidasoarentzat, iragan igandean Asobal ligan bigarren postua eskuratu eta gero. Ospakizun guztiek utzi ohi dute ajea, eta atzo ikusi zen. Izan ere, Asobal Kopako finalerdietan 33-28 galdu zuten irundarrek Sinfinen kontra, eta jada oporretan da Jacobo Cuetararen taldea. Asobal Kopako finala jokatuz jarri nahi zioten ginga denboraldiari, eta Adrian Crowleyri, Iker Serranori eta Sergio de Saludi merezitako agurra eman. Baina ez zen posible izan. Atzokoak, hala ere, ez du zapuztu behar gipuzkoarren sasoi bikaina.

Egun txar gutxi izan ditu denboraldi honetan Bidasoak. Atzo apur horietako bat izan zen. Faborito argia zen finala jokatzeko. Baina bidean geratu zen. Etxean jokatzen zuen Sinfinek, eta, gainera, edukiera mugatua izan bazen ere, zaleekin. Horrek bultzada handia eman zion. Horrek eta Ernesto Sanchez atezainak egindako partida ikusgarriak. Hamazazpi gelditu egin zituen.

Hasieratik argitasuna eta jariakortasuna falta izan zitzaion Bidasoari erasoan; kamuts aritu zen, Sinfineko atezainak eta erdikoek ezarritako horman zulorik topatu ezinik. Etxekoek ondo itxi zuten Bidasoaren gol iturri nagusietako bat: Iker Serrano eta Julen Aginagalde piboteena. Gainera, ez hegaletik, ezta urrutiko jaurtiketetatik ez zuen irtenbiderik topatu. Kontraerasoak ere apenas, eta defentsan ere sendotasun apur bat falta izan zitzaion. Hori erakusten duen datu argigarri bat emate aldera, ligako partidan Sinfinek hamasei gol sartu zizkion; atzo, hori halako bi.

Lehen bost minutuetan ere, etxekoak Jose Manuel Sierraren atean asmatu ezinik aritu ziren, eta orekatua joan zen norgehiagoka. Baina, pixkanaka, ondoren erakutsi zuten bizitasuna hartuz joan ziren, eta 4-1 jarri ziren aurretik.

Hor hasi zen Sanchezen erakustaldia. Lehen hamar jaurtiketetatik zazpi gelditu zituen. Eraso luzeak egin arren, ezinean ari zen Bidasoa. Jacobo Cuetarak zerbait aldatu beharra zuen, partida zailtzen ari zitzaiolako. Hala, Xoan Ledo atezaina atera zuen, Sierraren ordez. Gainera, bi piboterekin jokatzen hasi, Aginagalderekin eta Serranorekin.

Bidasoa gehiago hasi zen asmatzen erasoan. Baina etxekoek ondo eutsi zioten hiruzpalau golen aldeari. Partidaren erritmoarekin, gainera, eroso ikusten zitzaien.

Azken bost minutuetan, partida apur bat orekatu egin zen, eta, Jon Azkuek biribildutako kontraeraso bati esker, Jacobo Cuetararen taldeak bi golera murriztu zuen aldea: 13-11. Emaitza izan zen albisterik onena Irungoentzat lehen zati horretan.

Etxekoak indartsu

Baina, aldageletatik bueltan, lo atera zen Bidasoa. Partida orekatzeko lehen zatian egindako lana zapuztu zuen. Izan ere, 3-0eko partzial batekin, etxekoek partidako alderik handiena ezarri zuten: 16-11. Berriz ia hutsetik hasi behar.

Hor egin zion ihes partidak Bidasoari. Haizea alde zutela, etxekoek sendo segitu zuten defentsan, eta erasoan ere asmatzen. Minutuak aurrera zihoazela kontuan hartuta, irundarrek bizkor murriztu behar zuten aldea, kontraerasoak bilatuz. Horretarako, defentsan urrats bat aurrera egin, eta jokalari aurreratu batekin aritu ziren. Baina alferrik izan zen. Etxekoek zortzi golen aldea lortu zuten: 26-18. Bostera gutxitu arren, urruti izan zuen Bidasoak partida iraultzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.