Sanfaustoak Durangon

Autodefentsa feministaren batzarrak manifestaziora deitu du gaur iluntzean

Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko urriaren 11
00:00
Entzun
Orain dela astebete argazki koloretsua atera zitekeen Durangoko udaletxeko plazan. Herriko kirol talde bakoitzak bere kamiseta eraman zuen, eta, horiekin batera, elkarte sozial eta kulturalak eta alderdi politikoak ere han elkartu ziren. Horiek guztiek eraso sexisten aurkako akordioa berretsi zuten, eta gaur abiatuko diren sanfaustoetan indarkeria matxistarik ez dutela onartuko adierazi zuten era horretara. Aitziber Irigoras alkateak eta Pilar Rios alkateordeak irakurri zuten mezua, eta gizartearen ardura eskatu zuten, erasorik ikusiz gero ez onartzeko eta aurre egiteko eskatuz: «Ez dugu erasotzailerik gura gure herriko kaleetan: senti dezatela gure gutxiespena».

Gaur, gainera, aldarri berarekin hartuko dituzte kaleak berriz ere durangarrek. DAFA Durangoko Autodefentsa Feministarako Asanblada sortu da Martxoaren 8ko emakumeen grebaren harira, eta sanfaustoak aukeratu dituzte talde gisa lehenengo ekintza egiteko. Manifestaziora deitu dute gaur, 23:30ean; Santa Ana plazatik abiatuko dira. «Guztiok gozatzeko jaiak nahi ditugu; emakume guztiek aske gozatu ahal izatea aldarrikatuko dugu, gauez, dantzan, mozkortuta edo nahi dugun moduan jantzita gaudela ere», azaldu dute.

Jaien testuinguruan egingo dute lehen ekintza hori, baina aurrera begira lanean jarraitzeko asmoa azaldu dute. Besteak beste, urtean osoan gerta daitezkeen eraso sexistei erantzutekolekukoa hartzeko proposamena egin dute DAFAko kideek. Emakumeak saretuta, eraso sexistei elkarrekin erantzutea da euren asmoa.

Aniztasunaren kalejira

Aldarrikapen ugarik hartuko dute Durango jai hauetan: horien artean, aniztasunarenak. Izan ere, jatorri eta kultura ezberdinetako eragile eta elkarteek kalejirara deitu dute, Durangon dagoen aniztasunaren lekuko izateko asmoz. Bihar egingo dute, txosnetatik abiatuta, 18:00etan; euria egiten badu, Andra Maria plazatik abiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.