Eizmendi: «Ikasteko autonomia garatzea da garrantzitsuena»

jakes goikoetxea
2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Gurasoek seme-alabei etxeko lanak egiten lagundu nahi izaten diete sarritan. Gurasoak euskaldunak ez badira, etsipena eragiten die seme-alabei euskarazko etxeko lanetan ezin lagundu ahal izatea.

«Oso sentipen txarra da», Iñaki Eizmendiren iritziz. Eizmendi gizarte hezitzailea da, Ebete hizkuntz zerbitzuen enpresako teknikaria. Urteak daramatza euskararen erabilera sustatzeko lanetan, eta Ebeteren eskaintzan badago guraso erdaldunentzako saio bat, seme-alabei etxeko lanak egiten laguntzeari buruz.

Guraso horien beldurrak uxatu nahi izaten dituzte, eta konfiantza ematen saiatzen dira. «Hizkuntza muga izan daiteke, bai, baina ez da erabakigarria; gurasoek euskara ez jakiteak ez du baldintzatuko seme-alabek ikasketak ondo edo gaizki bideratzea», esaten die Eizmendik gurasoei. Gaur egungo itzulpen sistemek asko errazten dute, neurri batean behintzat, etxeko lanak ulertzea eta haiek egiten lagundu ahal izatea.

Baina Eizmendik uste du etxeko lanak egiten baino gehiago guraso guztiek ikuspegi orokorragoa izan behar dutela, eta ikasketetan zentratu behar dutela: «Ikasteko autonomia da garrantzitsuena, seme-alabek ikasteko autonomia garatzea».

Eta nola garatzen da ikasteko autonomia? Gizarte hezitzaileak bi elementu nabarmendu ditu. Alde batetik, ikasteko ohiturak sortzea (espazio egokia, ordutegia, antolaketa...): «Ikasteko ohiturak lantzen baditugu, haien autonomia garatzen dugu. Lehen Hezkuntzan lantzen badugu, gero, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, lagundu ezin diozunean, oinarri bat izango du».Beste alde batetik, motibazioa: «Emaitzei baino gehiago, garrantzia ematea egindako ahaleginari eta prozesuei. Arreta ez jartzea etengabe emaitzetan».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.