Literatura. 'Lerro etena (2004-2018)'

Bizitza eta literatura

Idazlea: Angel Erro. Argitaletxea: Elkar.

2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Angel Erroren Lerro etena (2004-2018) (Elkar, 2019) dietarioko sarreretan bizitza bezainbeste literatura topa daiteke, bata bestearengandik bereiz balitezke, behintzat. Irakurlea berehala ohartuko denez, dietarioko testuak ez daude kronologikoki ordenatuta. Hasieran, errezeloa eragin zidan horrek, eguneroko baten egitura halakoxea izan behar zela uste bainuen, baina azkar gainditu nituen aurreiritziak. Hamalau urtez bildutako ohar hautatuok nobela zatikatu baten eran daude antolatuta ia, elkarren segidako egunetan idatzitakoak duen kronologiaren arbitrariotasunari muzin egin, eta testuetan ageri diren gai eta gogoeten arabera. Erroren idatziek berez literariotik izan dezaketenari gehitzen zaio, ezinbestean, egituraren asmo literarioa.

Urte batetik bestera saltoka, atzera eta aurrera, eta ohar batetik bestera, ageriko loturek laguntzen diote liburuari aurrera egiten. Paperean ere, eten nabarmen bakarra dago testuen artean, testurik gabeko pausa esanguratsu bakana. Gainerakoan, bata bestearen ostean datoz oharrak, egile-editorearen hautaketaren ondorioz testu batek hurrengoari beita jartzen diolarik, irakurketa jarraitua sustatuz nolabait eta liburuko testuei jarraitutasun narratiboa emanez, esan bezala, kronologikoaz gaindikoa. Batzuetan, loturak hain dira apartekoak eta aproposak liburua osatzeko propio idatzirikoak ez direla sinestea kosta daitekeela, nahiz eta, Errok kontatzen dituen bizipenetan ikusten den gisan, zerbait erreala izateak ez duen nahitaez egiantzekoago egiten: usu gainditzen baitu egunerokotasunak fikzioari aitor dakiokeen literariotasuna; nondik begiratzen zaion auziari.

Lagun batzuei aipatzen nien halako liburuekin zalantza izaten dudala nola ebaluatu behar diren. Erreparoa ematen dit argi eta garbi fikziozkoak izan ez arren literarioak diren lanak irakurtzean horiekiko distantzia desegokia hartzeak. Lerro etena nobela bat balitz bezala irakur liteke, eta susmoa dut nobela baten fikzioa ez onartzeak besteko arazoa ekar dezakeela ez-fikziozko lan baten errealitatea ukatzeak. Baina hori guztia ez dagokio liburuari bere horretan, irakurleari baizik. Zalantzarik balego, Elkar argitaletxearen saiakeren bilduman argitaratu da liburu hau, eta dietario gisa aurkeztu. Aurkakoa ere jazo liteke, hau da, kontatzen denaren azalean geratzea irakurketa eta anekdotikoari baino ez ematea garrantzia: liburua populatzen duten inizialek sotilki ezkutatzen dituzten izenen peskizan noragabe ibiltzea. Bere horretan hartuta, askoz gehiago da, ordea, liburu hau.

Erroren estiloa eta ahots narratiboa dira liburuaren ezaugarririk nabarmenenetakoak. Umorerik ez da falta dietarioa osatzen duten sarreretan, ez eta une gogorren kontakizunak ere. Liburua zeharkatzen duen argitasun modukoak laguntzen du testuak kokatzen, egunerokotasunetik eratorritako gogoetak gertakariekin lotzen: bizitza batean biltzen.

Liburuaren kontrazaleko testuak dio urriak direla idazleen dietarioak, egunerokoak, gurean. Argitaratzen direnak, noski. Horiek argitaratzeak balio literarioa eta (intra)historikoa du, zalantzarik gabe, idazle bati eta literaturari buruzkoa den heinean. Liburu honek, horrez gainera, badu asmo literario gorenago bat, hau erdietsita Lerro etena dietario huts baino gehiago egitea lortzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.