Bizitzaren garestitzea. Energia

Asteartean greba egitera deitu dute sindikatuek Ipar Euskal Herrian

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Urgentziaz», «tarrapataka» ari dira sindikatuak. «Bizpahiru egun izanen ditugu jendea karrikara ateratzeko», azaldu du Argitxu Dufau LAB sindikatuko Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak.«Bada zinezko haserre bat: enpresa handiak sekulako irabaziak lortzen ari dira», Patricia Glory CGTko Ipar Euskal Herriko idazkaria nagusiaren hitzetan. Heldu den astearterako greba orokorrerako deia egin dute CGT, FO, FSU eta Solidaires sindikatuek. Frantzia osorako deia da, eta Ipar Euskal Herrian ere eginen dute protesta. 10:30ean bilduko dira, Baionako suprefetura aitzinean elkarretaratzea egiteko. Jende kopuruaren arabera manifestazioan abiatuko direla baieztatu du Herve Larrouquert FO sindikatuko buruak.

Egoeraren «larritasuna» azpimarratu dute guziek. Total Energies enpresaren petrolio iraztegietan hasi zen mugimendu soziala. Langileek %10eko lansari emendatzea eskatzen dute, inflazioak eragindako biziaren garestitzera egokitu eta, horrez gain, enpresak izandako irabazien parte bat langileei joan behar zaiela aldarrikatuta. Greba mugimendua gogortuz joan da, eta erregai eskasia eragin du, Frantzia iparraldean bereziki. Hori hala, bortizkeriarekin erantzutea erabaki du Frantziako Gobernuak, greban dauden langileak lanera behartuta. Erabaki horrek «piztu du sua», Gloryren erranetan.

Dufauren hitzetan, greba eskubidearen «urraketa biziki larria» da, eta greban dauden langileei elkartasuna erakusteaz gain, kolektiboki erantzuteko beharra azpimarratu du: «Ez da anitzetan ikusi halako egoerarik Frantziako Estatuan: biziki seinale txarra da».

Frantziako Gobernuak ondoko hilabeteetarako aurreikusi duen agendari buru egiteko beharra ere aipatu du Dufauk. Langabeziaren erreformaren ondotik, pentsioen erreforma aurreikusia dute, eta, besteak beste, erretiro adina 65 urtera gibelatu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.