Gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak hasiko da hurbiltzen Madril

Sanchez gobernuburuak jakinarazi du neurria, baina ez du zehaztasun gehiagorik eman. Espetxe politika aldatzeko babesa eskatu dio parlamentuari, eta PPk gogor erantzun du

jokin sagarzazu
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun

Diputatuen Kongresuan, baina kazetariekin izandako elkarrizketa «informal» batean. Hala jakinarazi du Pedro Sanchezek euskal presoak gerturatzeko egin asmo duen lehen urratsa: gaixo daudenak eta 70etik gora dituztenak hurbilduko lituzkete lehenik. Espainiako gobernuburuak berretsi du preso bakoitzaren kasua «banan-banan» aztertuko dutela, espetxeetako tratamendu batzordeek haiei buruz egingo dituzten txostenen bidez. Ez du zifrarik, eperik eta bestelakorik zehaztu, aurretik «lan tekniko handia» egin behar dela argudiatuz.

Horretarako, Espainiako gobernuburuak Diputatuen Kongresuaren babesa galdegin zuen atzo, baina PPkoek gogor erantzun zioten. Rafael Hernando eledunak leporatu zion gobernura iristeko EAJrengandik jasotako babesaren truke ari dela «negoziatzen» presoen hurbilketa, eta «errespetu gehiago» eskatu zion «terrorismoaren biktimentzat».

Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko (FVT) presidente eta PPko diputatuak gogor salatu zuen gobernuaren asmoa, eta adierazi zuen biktimek «ordainduko» dutela Sanchez boterera iritsi izanaren «prezioa». «Bidegabetzat eta iraingarritzat» jo zuen hori, eta «legea betetzeko» eskatu zion PSOEko agintariari.

Sanchezek agerraldia egin zuen parlamentuan, gaur eta bihar egingo den Europako Kontseiluaren bileraren berri emateko, eta PPkoek galdetuta izan zuen hizpide euskal presoen gaia. «Terrorismoaren biktimekin enpatiaz jokatuz gerturatuko ditugu», adierazi zuen. «Demokraziak ETA garaitu du eta, ondorioz, gobernu gisa, espetxe politika berrikustea planteatu behar dugu, eta errealitate berrira egokitu», gaineratu zuen. Gero, kazetari batzuekin izandako bilera labur batean eman zituen lehen hurbiltzeei buruko xehetasun batzuk.

Biktimak ministroarekin bat

Grande-Marlaska Barne ministroak ere hitz egin zuen gaiari buruz parlamentuan, eta berretsi zuen gerturatzeak «banan-banan» aztertuko dituztela eta biktimen elkarteak une oro informatuko dituztela. «Ez da lekualdatze kolektiborik izango», ziurtatu zuen, eta PPri eskatu zion biktimak «erabiltzeari» uzteko.

Grande-Marlaskak azpimarratu zuen presoak hurbiltzea ez dela gradu aldaketa bat edo espetxe onura bat, eta gogoratu zuen kasu horietan presoek lege baldintza batzuk bete beharko lituzketela. Azaldu duenez, espetxeetako tratamendu batzordeek presoei buruz egingo dituzten txostenak hartuko dituzte oinarri gisa, gerturatze bakoitzaren «beharra, arrazionaltasuna eta proportzionaltasuna» erabakitzeko. Kasu horretan, haren ustez, «arrazoizkoa» litzateke zenbait baldintza «objektibo» aintzat hartzea tratamendu batzordeetan. Hiru aipatu zituen: presoaren osasun egoera, betetako espetxe zigor denbora eta «ETA arbuiatzea».

Barne ministroari erantzunez, PPko diputatu Javier Marotok adierazi zuen ETAren indarkeriaren biktimak «kalera irteten» badira PPk babestuko dituela. Elkarte horietako kide batzuek, baina, esan dute haiek «lasai» daudela aurreko astean Grande-Marlaskaren izandako bileran hark esandakoekin. Coviteko Consuelo Ordoñezek EITBri eginiko adierazpenetan azaldu du haiek ez daudela presoak gerturatzearen kontra, baina «baldintza» bat jarri du: «ETA arbuiatzearekin konformatzen gara».

AVTko Maite Araluzek ere adierazi du haiek ez dutela aurka egingo gobernuak presoak gerturatuz gero, Grande-Marlaskak azaldu zien bezala egiten bada. Aitortu du, halaber, legeak ez diela presoei baldintzarik ezartzen haien etxeetatik gertu dauden kartzeletan egoteko. Baina eskatu du haien senide eta lagunek preso ohiei egiten dizkieten harrera publikoak amaitzeko, biktimen mina ez handitzeko.

Maite Pagazaurtundua UPDko eurodiputatuak «gutun ireki bat» bidali dio Sanchezi. Ez du egiten presoak hurbiltzeari buruzko aipamenik, baina espetxe politikaren «marra gorri batzuk» zehazten ditu; bereziki, gradu aldaketak eta espetxe onurak jasotzeko baldintzak ez aldatzea eta presoen harrerak «desagertzea».

Sare eta Foro Soziala baikor

Sarek, ohar batean, «modu positiboan» baloratu du Espainiako Gobernuaren «jarrera aldaketa», eta urratsak ahalik eta bizkorren egiteko eskatu dio, «jendarte honek bakean eta bizikidetzan aurrera egin dezan». Espetxe politikaren alorrean lau «lehentasun» zehaztu ditu, «lehenbailehen konpondu beharrekoak»: presoen urruntzea amaitzea, larriki gaixo dauden presoak, estatu ezberdinetan ezarritako zigorren batuketaren aplikazioa, eta graduen progresioa ahalbidetzea.

Foro Sozial iraunkorrak «zuhurtziaz eta poztasunez» hartu du Sanchezek iragarritakoa. Uste du erantzuna ematen diela taldeak maiatzaren 29an Bilbon publiko egin zuen konponbiderako agendako «urgentziazko puntuei».

Eusko Jaurlaritzak, berriz, jakinarazi du bilerak egingo dituela gaur bere «asmoen» berri emateko. Iñigo Urkullu lehendakaria bilduko da Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearekin eta Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiarekin. Eta gauza bera egingo du Jonan Fernandez Bizikidetza idazkariak talde guztiekin.

Nafarroako Parlamentuak ere urrunketaren kontrako adierazpena babestuko du

Hamar euskal preso baino gehiago daude larriki gaixo Espainiako kartzeletan; hiru dira 70 urtetik gorakoak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.