Gorka Azkune.
ARGI ALDIAN

Kazetaritza automatikoa

2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Gabonetako festetan sartu aurretik zientzia-artikulu oso interesgarri bat irakurtzeko aukera izan nuen. Tracer izeneko aplikazio baten funtsak azaltzen ziren bertan. Baina, nahiz eta xehetasunak arretaz irakurtzeko modukoak izan, aplikazioaren helburua iruditu zitzaidan benetan aipagarria. Suposatzen dut zutabe hau eta egunkari hau irakurtzen duzuenoi kazetaritza gustatuko zaizuela, edo gutxienez, gai garrantzitsua irudituko zaizuela. Bada, Tracer aplikazioak berriak modu automatikoan idazteko gaitasuna du, giza ikuskapen eta laguntzarik gabe. Azal dezagun hori mantsoago.

Lehenik eta behin, aplikazioak ez ditu artikuluak eta erreportajeak idazten, titularrak baizik. Baina titular horiekin jada gertatukoaren ideia oso ona izan dezakegu. Nola egiten du hori, baina? Tracer-ek Twitterreko kontu askori jarraitzen die. Kontu horiek idazten dituzten txioak kontsumitzen ditu informazio iturri gisa. Egunero 12 milioi txio inguru prozesatzen ditu, hain zuzen ere. Pentsa zenbat informazio joan daitekeen 12 milioi txiotan! Eta noski, informazio gehiena zarata besterik ez da. Kazetariek erabiltzen dituzten irizpideei jarraituz, Tracer-ek zarata hori filtratzeko gaitasuna du. Ikerlarien arabera, txioen %99 zarata izan ohi da eta Tracer-ek oso ongi bereizten du hori.

Zarata guztia alde batera utzi ondoren, elkarren antz handia duten txioak elkarrekin biltzen ditu aplikazioak. Azken batean, txio-multzo horiek gai berari buruz hitz egiten dutenak dira. Gertakari berbera era ezberdinetan deskribatzen duten txioak dira. Beraz, esan daiteke txio-multzo horietan eguneko gertakariak daudela. Baina zeintzuk dira egiazkoak eta zeintzuk interesgarriak? Kazetari on batek ez ditu gertakari guztiak kontatzen, interesgarriak direnak bakarrik baizik. Horretarako, Tracer-ek, ikasketa algoritmoak darabiltza. Aurreko urteetan bildutako berri pilo bat ikusi ditu, haien interesaren arabera. Eta horrela, gertakari bat osatzen duten txioak ikusiz, gai da esateko ea gertakari hori egiazkoa al den eta bere interesa zenbatekoa den. Egindako proben arabera, aplikazioak Twitter-en agertutako zurrumurru eta berri faltsuen %60-70 hautematen ditu. Ez da makala. Gertakari interesgarrienak hartuz, titularrak sortzen ditu aplikazioak. Horretarako, txio-multzoetan dagoen informazioa atera eta laburbiltzeko gaitasuna du.

Tracer aplikazioa Reuters nazioarteko berri-agentziak garatu du. Agentzia garrantzitsuenetakoa da munduan zehar. Haien arabera, aplikazioak emaitza oso onak ematen ditu. Geroz eta lehiakorragoa den mundu honetan, berri-agentzientzat oso garrantzitsua da berri bat plazaratzen lehenak izatea. Tracer aplikazioa Reuters-eko kazetarien aurka probatu dute eta ikusi denez, aplikazioa kazetariek lortzen dituzten berri berberak lortzeko gai da, baina 6-10 minutu lehenago. Eta Twitter erabilita bakarrik.

Zer esan nahi du horrek? Makinek kazetariak ordezkatuko al dituzte? Goiz da horrelakorik esateko. Oso zaila da etorkizunak zer ekarriko digun aurrez esatea. Baina behin, ez naiz gogoratzen non, honakoa irakurri nuen: «Ez dakit adimen artifizialak kazetariak ordezkatuko dituen, baina ia ziur nago adimen artifiziala darabilten kazetariek ez darabiltenak ordezkatuko dituztela». Eta hori beste lan-mota askotara aplika daitekeela uste dut. Pentsa: idatzi berri dudan esaldia ez da irakurri nuena; originalean sendagileei buruz ari ziren hizketan. Adimen artifiziala, robotika eta automatizazioa jada iristen ari dira. Ez genuke izutu behar, ordea. Erremintak dira, lanabesak. Baina hori bai, prest egon beharko genuke. Ziur aldaketak datozela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.